Albistea entzun

Larreak hustu ditu agorteak

Urbasa-Andian ja ez da abere askorik geratzen, «bakan batzuk», izatekotan. Eguraldiak ez du hobera egin, eta are idorrago dira larreak. Aralarren, berriz, oraindik badira goian dirauten aziendak.
Behor bat Urbasan, iragan uztailean.
Behor bat Urbasan, iragan uztailean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Julen Otaegi Leonet -

2022ko abuztuak 28

«Ikusten duzu larreak zer-nola dauden, eta abuztu lehor baten ostean gaudela dirudi». Ez dira, ez, oraingo hitzak, uztail hasierakoak baizik. Horrela zeuden Urbasa-Andiako larreak, Mikel Nazabal Intiako abeltzaintza arduradunak azaldu gisa. Ordutik hona, kasik bi hilabete igaro dira, eta, «zoritxarrez, egoera ez da batere hobetu, okertu baizik». Udako giro idorra hilabete baino gehiago aurreratu denez, abeltzainak, amore eman, eta uztailean hasi ziren abereak jaisten.

Atzean utzi zituzten «zereal sailak» ziruditen larreak: «Nafarroa gehiena hori-hori dago; gauza gaizki dago egun». Nazabalek gogoratu du pare bat ganaduzalek nola deskribatu zioten hango panorama: «Batek zioen Urbasa-Andiak Bardea zirudiela; besteak, berriz, Mendebalde Urruna ematen zuela. Itxura hori du: hautsa, lur kolorea... Ez da errekuperatuko datorren udaberrira arte behintzat».

Euria ez zen iritsi abereek gehientsuen behar zutenean, udaberri aldera; orduko prezipitazioek ematen dute bide larreak berdatu daitezen. Zegoen belar apurra amaitu, eta uztailean goiko larreetan geratu ziren animaliak nola edo hala elikatu behar izan zituzten, bazka hara igoz. «Une honetan esan daiteke jada ez dela abererik geratzen. Bakan batzuk edo. Toki batzuetan bada urik; janaririk, bat ere ez».

Epe laburrera begira, udazken-negurako gordea zuten bazka atera behar izan dute abeltzainek. Irtenbide horrek, ordea, luzera begira badakar kezka bat: geratuko al zaie negurako nahikoa? «Negu luzea izango da. Muturrera zer emanik ez egotekotan, bi aukera daude: edo abereak kendu, edo jana erosi. Egungo prezioekin egoera ez da aproposena», deitoratu du Intiakoak.

Lehendik ere ohartarazi zuen: itxaropena ez zen uda ona izatea, jada galdutzat jotzen zuen eta. Aurrera begira, itxaropena udazkeneko eguraldian dute, beheko larreak hezetu daitezen.

Aralar

Aralar mendilerroa ez da hutsik. Ganadu batzuek ohi baino lehenago ekin diote beherantz; beste batzuek bertan diraute oraindik ere. Txanponak aurkia eta ifrentzua dituen moduan, mendiak egutera eta laiotza ditu. Batean edo bestean, egoera bestelakoa izan da: lehenago erre dira larreak edo gutxiago nabaritu da lehortea. Alde horretatik, «Aralar oso ezberdina da punta batetik bestera», azaldu du Garikoitz Nazabal ganaduzale eta EHNE Gipuzkoako presidenteak.

Dena dela, «mendia ez badago behar bezala, horrek kalteak dakartza atzetik». Abuztuan jo zuen goia lehortearen arazoak: abuztuaren 10ean ura igotzen hasi ziren abeltzainak, deposituak eta askak lehorrak baitzeuden. «[Enirio-Aralar] Mankomunitatearen lana beharko luke. Hilabeteak generamatzan ohartarazten: kontuz urarekin, kontuz urarekin. Eskari bat egin genuen, baina, zain egon ezinda, gu geu hasi ginen antolatzen [ura igotzeko]», azaldu du ganaduzaleak.

Aralarren lehortea dute, baina behean «hondamendia» espero dute ganaduzaleek: «Nahikoa ur badago, baina negurako gordetakoa ematen hasi zaitez ba». Ez dute hainbeste belar bildu, eta «urrearen prezioan» dago bazka.

Bitartean, abeltzainek begi denak txapelean jarriak dituzte, behe lainoan. Jan faltarekin, «hala moduzko» tokitan sartzen dira abereak zer jan bila. Orain gogortuta eta lehortuta diren lurrak bustitzen hastean, amiltzeko arriskua izaten dute, batez ere ganadu larriek.

Iragarria den euriarekin «lurrak edateko lain» egiten badu eta belar apur bat ateratzen bada, abeltzainek izango dute modurik irail-urrira arte irauteko. «Kontua benetan da ganadua zer egoeratan dagoen. Abereek uda lehor honetan ur faltarik izan ez balute, segur aski egoera hobean egongo ziren orain. Gutxiago estresatuko ziratekeen bai ganadua, bai ganaduzaleak. Uda exijentea etortzen denean, orduan komeriak».

«Behin dena agortuta», goitik beherako martxa hartuko dute, gutxi faltako balitz bezala.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Grebara deitu duten sindikatuetako ordezkariak, atzo, Iruñeko Kondestablearen jauregian. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Nafarroako langile publikoak grebara deitu dituzte hilaren 15erako

Itsaso Jauregi

ELA, LAB, UGT, CCOO eta Steilasen arabera, gobernuak ez du negoziatzeko borondaterik izan
Federico Lopez, Jose Luis Zubeldia, Juan Mari Perez, Bittor Eskisabel eta Jose Mari Lazkano. ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Gure dirua eskatzen dugu; iruzur egin digute»

Maddi Iztueta Olano

Geroako Kaltetuak plataformako kideek estatutua aldatzea eta horren berri ez ematea egozten diete zuzendariei eta sindikatuei. Helburu argia dute: euren dirua, nahi duten eran, berreskuratzea.
Lan ikuskari bat, lantegi batera egindako bisitan. ©Berria

Ikuskatu ostean, 8.760 kontratu mugagabe bihurtu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Olatz Silva Rodrigo

Lan Ikuskaritzak 18.700 jarduketa baino gehiago egin ditu iaz, eta 7,5 milioi euro jarri ditu isunetan. Gutuna jaso ostean, langileen kontratuak erregularizatu ez dituzten enpresek ikuskariaren bisita jasoko dute 2023an.

Ilunion enpresako eraikinaren kanpoaldea. ©@ILUNION / Twitter

Ilunioni prestazioen %30eko errekargua jartzeko eskatu du Bizkaiko Lan Ikuskaritzak

Maddi Iztueta Olano

Iazko maiatzean enpresako langile batek izandako istripu baten harira aurkeztu dute eskaera. Halaber, Gizarte Segurantzari eskatu diote Ilunioni 2.451 euroko isuna jartzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...