Albistea entzun

Indiaren amets espaziala

Ilargian arrakastaz lur hartzea lortu berri du Indiak abuztuan. Laugarren herrialdea da hori lortzen, eta Indiaren helburua da espazioko lasterketan hirugarrena izatea orain, AEBen eta Txinaren atzetik

Josep Solano -

2023ko irailak 17 - Tokio

Indiarentzat ez da nahikoa munduan beste ezein herrialdek baino biztanle gehiago izatea edo beste guztiek baino film gehiago ekoiztea: orain, espaziora ere joko du. Eta harentzat ez da nahikoa Ilargian arrakastaz lur hartu izana, hain justu Errusiaren ontzi bat suntsitu zen toki berean: orain, suziri bat jaurti du Eguzkiaren atmosfera aztertzeko helburuz, eta hirugarren lehiakidea izan nahi du espazioko lasterketan.

India suspertu egin da, eta aste gutxian argi geratu da kide nabarmena dela espazioko lasterketan. Hain zuzen, lasterketa hori inoiz baino irekiago dago gaur egun, eta jada ez dagokie munduko potentzia nagusietako espazio estazioei soilik. Europako Batasuna ere batu zaie, baita hainbat enpresa pribatu ere, konpainia horiek aurrekontu zabalak baitituzte; beraz, azken urteetan nabarmen demokratizatu da espazioa esploratzeko aukera, eta zenbait proiektu txiki jarri dira abian, hala nola ikerketa zientifikoak eta nanosateliteak.

69 milioi euro baino gehixeagorekin 2013an diru gehiago erabili zen Gravity filma egiteko, Ilargian arrakastaz lur hartzea lortu berri du Indiak abuztuan. Hala, hori lortu duen laugarren herrialdea da, Sobietar Batasunaren, AEBen eta Txinaren ondoren. Gainera, Lurrera Ilargiko lurraren laginak ekarri dituzten herrialdeetan laugarrena bilakatzeko bidean ere bada.

Indiak lortutakoa nabarmen desberdina da, ordea: lehena izan da Ilargiko hego poloan lur hartzen; izan ere, Errusiak helburu berarekin egindako misio batek huts egin zuela-eta, eremu hori esploratu gabea zegoen, jakina baita ez dela toki abegikorra.

Indiak %2 baino ez du hartzen mundu osoko ekonomia espazialean, zeinak guztira 336.000 milioi euroko balioa baitu, eta, gainera, herrialdeak lehia handia du sektore pribatuan ere; esaterako, Elon Musken SpaceX enpresa liderra da satelite errentagarriak jaurtitzen suziri berrerabilgarriak baliatuta. Nolanahi ere, espazioaren sektoreak aliatu garrantzitsutzat dauka orain softwareen Indiako industria ezaguna. Gaur egun, teknologia espazialaren arloko ehun start-up baino gehiago daude herrialde horretan, eta haien erdiak 2021ean sortu ziren; hain justu, inbertsio pribatuak aurreko urtean halako hiru izan ziren 2021ean. Alde horretatik, atzerriko inbertsio zuzenak egitea sustatu nahi du Indiako Gobernuak, horretarako lege erreformak erabiliz eta gorabidean den espazio industria berri horri bultzada emateko asmoz.

Eliza katoliko baten atzean

Indiaren amets espaziala oso era xumean sortu zen. Zehazki, Santa Maria Magdalena eliza katolikoaren atzeko patioan jaio zen, Thumban, India hegoaldeko Kerala estatuko arrantzale herrixka batean, 60ko hamarkadaren hasieran. Indiako espazio programaren sortzailea, Vikram Sarabhai, elizako prelatuarekin bildu zen, Peter Bernard Pereirarekin, eta baimena eskatu zion espazio programa parrokian instalatzeko, bai eraikinean bertan, bai inguruko lurretan. Zientzialarien ustez, Santa Maria Magdalena eraikinak hartzen zuen eremua ezin egokiagoa zen suziriak jaurtitzeko estazio bat jartzeko, Lurreko ekuatore magnetikotik gertu zegoela eta.

Thumbako komunitate katolikoa herriko arrantzale familiek osatzen zuten; toki apal batean bizi zirelako eta izaera gupidatsua zuelako ziren ezagunak, eta zalantzarik egin gabe onartu zuten eskaera. Handik gutxira, 1963an, lehen suziria jaurti zuten Santa Maria Magdalenatik. Indiako espazio programaren sorlekutzat jotzen da eliza hori, han muntatu eta osatu baitziren lehen suziriak. 1985ean, Vikram Sabhai zentro espazialaren museo bilakatu zen elizaren eraikina, eta gaur egun ere bisitatu daiteke kostaldeko herri horretara joanda.

Denentzako tokia

Lehia eta lankidetza nagusi diren jokaleku horretan, oraingoz Txina eta AEBak dira lasterketako lehenak, dudarik gabe, baina, muga estrategikoak direla eta, ezin dira elkarlanean aritu kontu aeroespazialetan.

Itxura du Ilargia toki erabakigarria izango dela bi erraldoi horien arteko lehian: AEBak buru-belarri ari dira lanean Artemis misioan, berriro satelitera joateko asmoz, eta Txinak, berriz, Ilargira astronautak bidaltzen dituen bigarren herrialdea izatea lortu nahi du kosta ahala kosta, AEBek hurrengo espedizioa abiatu aurretik.

Martek ere garrantzi handia du lehia horretan. Bai Txinak eta bai AEBek (Europako Espazio Agentziarekin elkarlanean) helburu bera dute: Lur planetara Marteko lurraren laginak ekartzen dituen lehen herrialdea izatea. Mineralen bilaketari dagokionez, mundu osoko zenbait enpresa pribatuk ere diru asko inbertitu dute Ilargitik eta Martetik metalak ekarri eta merkatuan salgai jartzeko, eta hortik etekinak ateratzeko. Oraingoz, badirudi Marte ez dagoela Indiaren lehentasunen artean, baina, espazioko lasterketaren buruan direnengana hurbilduz doan heinean, baliteke planeta gorria ere sartzea haren esplorazio radarrean.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Iñaki Alkorta. ©Gureak taldea

Iñaki Alkorta hil da, Gureak taldeko presidentea

Jon Ordoñez Garmendia

Taldeko zuzendari izan zen 1977tik 2011ra, eta 2006tik zen presidente. 73 urte zituen.

Guardiako Gil Berzal upategiko mahastietan joan den astean hasi ziren mahatsa biltzen. ©BERRIA

Ebrotik behera ere, urak nahasi

Aitor Biain - Iñaut Matauko Rada

Errioxako upategi txikiek jatorri izeneko kontseilu arautzailetik irtetea erabaki izanak agerian utzi du sor-markaren krisia Arabatik harago doala.

Mahasti bat, Guardian. / ©BERRIA

Mahats bilketan jo eta su

Iñaut Matauko Rada

Mahats bilketa bete-betean daude Arabako Errioxako herriak. Aurtengo uzta irregularra izango da.

Elikagaien garestitzea indarra galtzen ari da. ©Filip Singer / Efe

Euroguneko inflazioa apaltzeak urrundu egin du tasak igotzeko aukera

Iker Aranburu

Eurostaten arabera, inflazioa %5,2tik %4,3ra jaitsi da abuztutik irailera. Hurrengo hilabeteetan ere apaldu egingo dela uste dute analistek, prezioen igoerak iazko udazkenean jo baitzuen goia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.