Koronabirusa

Ziurtagiriaren aurkako protesta jendetsua egin dute Donostian

Bizitza plataformak eginiko deiari atxikita egin da mobilizazioa. Txertoaren aurkako aldarriak ere egin dituzte manifestazioan elkartu direnek

Manifestazioa, atzo, Donostiako kaleetan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jone arruabarrena
Donostia
2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Milaka lagun elkartu ziren atzo arratsaldean Donostiako Bulebarrean, Bizitza plataformak deitutako manifestazioan. COVID ziurtagiriaren aurka deitu zuen plataformak bilkurara; ostiralean ere aldarri bera egin zuen taldeak Bilboko Sabin Etxearen aurrean.

Bulebarreko kioskoan mikrofonoa hartuta eman zioten hasiera protestari. Plataformako kide batek adierazi zuenez, ziurtagiriak «oinarrizko eskubideen aurka» egiten du. Gobernua eta komunikabideak «gezurretan» ari direla azaldu zuten, eta txertoa ere gaitzetsi zuten: «Txertoa sendagai genikoa da». Esan zutenez, gizartearen gehiengoa txertatuta egonda ere, jendea oraindik hil egiten da: «Iaz, garai honetan, txertatu gabe ere, positibo eta hildako gutxiago zeuden».

Hitzartzearen ondoren, manifestazioak hartu zituen Donostiako erdialdeko kaleak, Beldurraren birusak sen ona hil du zioen pankarta aurrean zutela. Askotariko afixak irakur zitezkeen manifestazioan zihoazenen eskuetan: Pasaporte faxistari ez, Haurrak ez ukitu, Evaristo lehendakari eta Farmafia zioten, besteak beste. Bestelako oihuak ere entzun ziren Donostiako kaleetan. «Gora maitasuna, askatasuna eta batzen gaituen guztia», aldarri egin zuten hainbat manifestarik. Giro alaia haserrea zerien oihuekin nahastu zuten; elkarrengandik gertu zeuden, baina jende gutxi ikus zitekeen maskara jantzita.

Osasun arloko langile talde bat ere batu zen protestara, Osakidetzako langileak osasunaren eta askatasunaren alde zioen pankarta bat eskuetan zutela. Ostalaritzan lan egiten dutenak ere izan ziren: «Ez gara poliziak; ostalariak gara».

Bi orduko ibilbidearen ondoren, berriro ere hasierako kioskora heldu ziren. Pertsona ugari igaro zen kiosko gainetik, mikrofonoa hartzeko. Besteak beste, ikasle batek hartu zuen hitza, bere eskolako zuzendariari «askatasuna» eskatzeko: «Nire ikaskide batzuk ezin badira museoetara edo kiroldegira sartu, nik ere ez dut sartu nahi». Amaierako ekitaldiaren ostean, «askatasuna» aldarrikatzen zuten oihu artean bukatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.