1936ko gerra jasan zutenei egia itzultzea «betebeharra» dela adierazi du Urkulluk

Matxitxakoko batailan aritutako gudariak eta milizianoak omendu dituzte. «Memoria biziberritzera» deitu du Jaurlaritzako lehendakariak

Azkarate eta Urkullu, atzo, gudarien omenezko plakaren aurrean. M. RAMIREZ / FOKU.
Erredakzioa
2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
«Memoria biziberritu», ulertzeko zer gal daitekeen «demokrazia galtzen denean». Horixe Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak atzo Bermeon (Bizkaia) egindako eskaera. 1936ko gerran «autogobernuaren, demokraziaren eta askatasunaren alde» aritu ziren gudariak eta milizianoak omendu zituzten, Gogora institutuak antolatutako ekitaldi batean, Matxitxakoko itsas bataila gertatu zen inguruan. «Gerra injustu» hura jasan zutenei «egia eta duintasuna» itzultzea «betebehar sozial eta instituzionala, politiko eta etikoa» dela adierazi zuen Urkulluk.

Ekitaldian protagonismo berezia izan zuen Juan Azkarate itsas gudari izandakoak: justu ehun urte bete zituen atzo, eta Bermeoko Udaletxean herriko gudarien omenez jarritako plaka inauguratzea egokitu zitzaion. Haiei guztiei esker ona adierazi zien lehendakariak, «faxismoari aurre» egiteagatik: «Bakearen, giza eskubideen eta askatasunen alde egin duzunagatik», esan zion Azkarateri. «Borrokalari hauek gure memoria kolektiboaren parte dira. Belaunaldi oso baten konpromisoa aitortzen dugu: harro egoteko motibo bat da guretzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.