«Ez zekiten anestesista mozkorra zegoenik»

Medikuaren huts egite bategatik hil zen Miarritzeko emazte bat 2014an, Orthezeko erditze gelan. Alkoholikoa zen anestesista, mozkor zegoen, eta leku okerretik sartu zion arnas hodia. Maiatzean epaituko dute.

Haurdun dagoen emakume baten irudia, artxiboan. MICHEL GAILLARD.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Haurdunaldia ongi zihoan, arazorik gabe, eta, hitzartu bezala, Orthezeko klinikara joan zen erditzera. Baina erditzera zihoanean, mediku obstetrikoak erabaki zuen zesarea egin behar zitzaiola, eta anestesistari galdegin zion Xynthia Hawke lokar zezala». 2014ko irailaren 26a zen, eta guzia normal-normal zihoan Orthezeko erditze gunean (Biarno, Okzitania), Philippe Courtois abokatuak azaldu duenez. Modu «naturalean» erditzeko leku bat da Orthezekoa, eta haurdunaldia ongi zihoala ikusita erabaki zuen Miarritzeko andreak hara joatea. Erditzea konplikatu eta anestesistak esku hartzerakoan korapilatu zen guzia: «Anestesista mozkor zegoen, edana zuen; alkoholikoa zen». Baina inor ez zen konturatu: «Beranduago jakin genuen».

Anestesiatzeko prozeduran huts larria egin zuen medikuak: arnasteko hodia hestegorritik sartu zion Hawkeri, trakeatik sartu beharrean: alegia, arnas aparatutik sartu ordez, digestiokotik sarrarazi zion. Eta bihotz geldialdi bat eragin zion horrek haurdunari. Anestesistak are hondorago sartu zuen hanka orduan: «Huts egitea berehala ikusi ordez, Xynthia suspertzen saiatu zen, baina ez zuen lortu, eta, azkenean, hil egin zen». Umea bizirik atera zen.

Ia sei urte igaro dira ezbeharra gertatu zenetik, eta tarte horretan kasuaz ikertzen aritu dira. Abokatuaren ustez, ordea, ez dago gertaturikoaz zalantza handirik: «Autopsiak argi azaltzen du zer gertatu zen». Maiatzean eginen dute epaiketa, eta espetxe zigorra eskatuko dute medikuarentzat.

Ospitaleak, ardurarik ez

Alkoholikoa zen anestesista: «Egunero edaten zuen, baina egunero joaten zen lanera, eta ingurukoak ez ziren ohartzen». Belgikako bi ospitaletatik aurrez kanporatua zuten arrazoi horregatik beragatik, baina Orthezeko klinikak ez zuen horren berri, abokatuaren hitzetan. «Protokoloa bete zuten: kontratatu zutenean bere diplomak egiaztatu zituzten... Ez zuten galdetu bere iraganaz». Norabide horretan, abokatuak uste du osasun instituzioak ez daukala ardurarik Hawkeren heriotzan: «Inork ez zekien mozkor zegoenik».

Egindako huts larriaren ondoren atxilo eduki zuten medikua, bi hilabetez, eta behin-behinean mediku jardunean aritzeko debekua ezarri zioten. Espetxetik ateratzean, alkoholismoa tratatzeko betebeharra ere jarri zioten, baina abokatuak dio ez duela halakorik egin: «Hitzordu batzuetara joan da, baina odol analisiek erakusten dute oraindik edaten segitzen duela».

Bi helburu dituzte Hawkeren senideek eta haren abokatuak: medikuaren ardura agerian jartzea eta hura zigortzea. Baina bat dute bereziki handia: «Nahi duguna da mediku titulua ken diezaiotela; ezin dezala berriro horretan lanik egin. Arriskutsua da gizartearentzat». Nahigabeko hilketa leporatuko diote, abokatuak berak dionez, «ebidentzia» bat baita ez zuela «nahita hil», eta gehienez ere hiru urteko espetxe zigorra ezarriko diote, beraz.

Berez, otsailean zen egitekoa epaiketa, baina maiatzera gibelatu dute medikuaren abokatuak bertze epaiketa bat zuelako aldi berean. «Zorionez, ez da gehiago atzeratu», azaldu du Courtois abokatuak. Familiarentzat luzea izan da ibilbidea, tartean, ezin izan dutelako gorpua erraustu «bertze ikerketa bat behar izatekotan». Ziurtasunez daude epaiketara begira, dena den. «Egia badakigu jada. Anestesista da heriotzaren arduraduna, eta uste dut epaiketan hori frogatuko dela. Harrituko nintzateke berriro medikuntzara bueltatuko balitz. Pentsaezina da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.