Ehunka lagun Iruñean, «olatu faxistari» aurre egiteko martxan

Eskuin muturraren goraldiaz ohartarazteko manifestazioa egin dute gizarte eragile ugarik. «Eskubide sozialak» aldarrikatu dituzte

Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Langileak, feministak, migratzaileak, euskaltzaleak, gazteak, memoria historikoaren aldeko ekintzaileak, LGTBI mugimenduko kideak... Askotariko jende oldea batu zen atzo Iruñean, hainbat gizarte eragilek «faxismoaren loraldiaren aurka» antolatutako manifestazioan. Eskuin muturrak Europan duen goraldiaz kezkatuta, Askatasunaren Aldeko Martxarekin bat egin dute hainbat alderdik, sindikatuk eta gizarte eragilek, hala nola EH Bilduk, ELA, LAB, ESK, Steilas eta LKN sindikatuek, mugimendu feministako hainbat taldek, elkarte memorialistek eta euskaltzaleek. Horien guztien artean, kolore anitzez jantzi zuten faxismoaren aurkako mobilizazioa.

Udaletxe plazatik abiatu zen manifestazioa, txalo artean, eta handik gutxira entzun ziren lehen leloak: «Nafarroa izanen da faxismoaren hilobia» eta «faxismoaren aurrean, greba feminista!», besteak beste. Txapitela kalean gora, Gazteluko plazaraino iritsi ziren; handik, Karlos III.a, Nafarroako Gorteak eta Lizarra kaleak zeharkatu zituzten, eta Sarasate pasealekuan bukatu.

Han, Marta Molinero gizarte langileak eta Karlos Otxoa memoria historikoaren aldeko ekintzaileak irakurri zuten martxaren bukaerako manifestua: «Askatasun demokratiko eta eskubide sozialak ez dizkigu inork oparitu; gure lanaren eta borrokaren ondorio dira, bai eta gure aurreko belaunaldiena ere», azaldu zuen Otxoak. Molinerok, berriz, gogoan izan zituen «azken urteetako murrizketak», hala nola mozal legea, Espainiako zigor kodea edota espetxe politika: «Adierazpen askatasunari eraso egiten ari zaizkio; bestalde, autoritarismoa, militarismoa, xenofobia, homofobia eta bazterkeria soziala sustatzen dira». Mobilizazio gehiago iragarri dituzte datozen hiletarako: «Egitasmo berriekin eginen diogu aurre olatu faxistari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.