Arrauna. Kontxako Bandera

Adituaren talaiatik itsasoari so

Anartz Gereño San Juango arraunlari ohiak bi faborito argi ditu Kontxako Bandera irabazteko: Orio eta Urdaibai. Naturaren aldagai guztiak aztertu ditu, eta laugarren kalea du gustukoen.

Urdaibai, Eusko Label ligako estropada batean. Orio, Kontxako Banderako lehen jardunaldiaren ostean, Donostiako kaian. ANDONI CANELLADA - JON URBE / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2022ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Iraileko bigarren igandea gerturatu ahala, dena da jarduna arraunari estropuarekin lotuta dauden herrietan. Horixe du Donostiako Kontxako Banderak, eta ondo asko daki hori Anartz Gereño (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1974) arraunlari ohiak ere. 2010ean aritu zen azkenekoz arraunean, bere betiko taldean: San Juango Erreka traineruan. Kontxako Bandera hiru ditu irabaziak: bat arraunlari moduan, 1999an, eta bi San Juango nesken taldeko entrenatzaile gisa, 2017an eta 2018an. Gereño tostartetik kanpo dagoen arren, emakumezkoen eta gizonezkoen lehian, bi faborito argi ditu bandera preziatua irabazteko: Urdaibai eta Orio. Bandera etxeratzeko, ordea, taldeek kontuan hartu behar dituzten gako batzuk zerrendatu ditu.

ESTROPADA, IRABAZTERA

Bou Bizkaia eta San Nikolas traineruak daude bandera lortzeko gertuen. Lehenak 7,64 segundoko altxorra dauka Hondarribiarekiko, eta 7,70ekoa Donostiarrarekiko; oriotarrek, 2,16 segundokoa du Donostia Arraun Lagunak-ekiko. Aldeak alde, Gereñok argi dauka: «Jokatu aurretik inoiz ez dago erabakita. Bi taldeek estropada irabaztera joan behar dute, denborak alde batera utzita».

Arraunlari ohiaren ustez, Iker Zabalak prestatutako taldea «apur bat gehiago» da Ama Guadalupekoa eta Torrekua baino. «Baldintza normaletan, Urdaibaik lana ondo eginez gero, bandera irabaziko du». Pasaitarraren esanetan, Hondarribia da Bermeoko kuadrillari aurka egin diezaiokeen taldea. «Donostiarra, berriz, kaleen artean gorabeherak egon direnean ikusi dugu». Bi talde horientzat aurreneko sei minutuak «gakoak» izango dira: «Urdaibairi eutsi behar diote».

Bigarren demari dagokionez, Orio eta Arraun Lagunak-en artean borroka latza espero du. Gisa honetara hitz egin du bataz eta besteaz: «Joan den igandean, Arraun Lagunak ondo ikusi nuen, eta Orio baino gehiago gustatu zitzaidan». Baina bat jarri dio, ordea: «Orio denboraldi honetan oso ondo aritu da, erraz. Dakitena egiten badute, bandera etxera eramango dute».

ITSASOA, HAIZEA ETA MAREA

Prestatzaile askoren gisan, Gereño ere eguraldiaren iragarpenei so egitekoa da. Olatuak apenas egongo diren igandean: 0,6 metrokoak. Halere, olatuen arteko iraupena handia izango da: 11 segundokoa. «Baga luzea egongo da, eta poparean arraun ondoen egiten duen taldeak ontziari abiadura eman diezaioke».

Haizea da arraunlariei eta patroiei buruhauste handiak sortzen dizkien naturaren beste aldagaietako bat. Hegoaldekoa dago iragarrita biharko, orduko hamar kilometroko abiaduraz. «Hegoaldeko haizeagatik traineruek brankaz olatuak har ditzakete». Kontxako Banderaren historian ikusi izan dira lantza horiek. Bestalde, ez du uste haizeak itsasoa narrastuko duenik. «Olatuak zertxobait altxatu ditzake, besterik gabe».

Itsaslaster handia dagoela jokatuko dira estropadak, marea biziak baitira; 11:50ean izango da behean; beraz, gizonezkoak ura gora doala ariko dira, emakumezkoak ez bezala.

KALEEN ERAGINA, HANDIA

Naturaren aldagaiak kontuan hartuta, kale zozketak zeresana emango du. Gereño ahobizarrik gabe mintzatu da: «Lehendabiziko kalea ez zait batere gustatzen». Bazterrean, olatuen errepunpen ondorioz sor daitekeen zikinkeriak kalte egin liezaioke lehen kaletik doan traineruari. «Urumea ibaiaren itsasadarrean sortutako itsaslasterrak asko eragingo dio». Erdiko kaleak ere ez ditu begikoak. «Itzulerako luzean, hegoaldeko haizeak bete-betean joko die; lehenengo kalekoek Pasealeku Berriaren babesa izango dute; laugarrengoek, Santa Klara uhartearena». Hori dela eta, laugarrena du gustukoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.