Maltaren joko bikoitza

Valletako gobernuak Italiaren estrategia kopiatu du: portuak itxi dizkie erakunde humanitarioen ontziei. Oraintxe, ez dago erreskate itsasontzirik Mediterraneoan; ondorioz, azken bi asteetan 483 pertsona hil dira Europara bidean.

Lifeline ontzia, Valletako portuan sartzen ekainaren 27an. DOMENIC AQUILINA / EFE.
Ane irazabal
Valleta
2018ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Maltako portuan hiru patruilaontzi daude geldiarazita. Hirurak alemaniarrak dira. Lifeline, Sea Eye eta Sea-Watch erakunde humanitarioek Mediterraneora ateratzeko debekua jaso dute. «Valletako portua gobernuz kanpoko erakundeen operazio-base nagusia izan da azken hiru urtetan. Hemen egiten zuten atseden etapa, eta hemen tripulazio aldaketa. Baina Joseph Muscaten gobernuak egun batetik bestera aldatu du estrategia politikoa. Portura sartzeko eta portutik ateratzeko debekua ezarri die», adierazi du Giorgia Linardi aholkulari juridikoak.

Inflexio puntua Lifeline ontziak ezarri du. Sei egunez lehorreratzeko zain egon ostean, ekainaren 27an iritsi zen Maltara, 234 asilo eskatzailerekin. «Lehen aldia da Valletako gobernuak migratzailez beteriko itsasontzi bat lehorreratzen uzten duela», nabarmendu du Linardik. «Baina, orduz geroztik, egoerak okerrera egin du».

Batean kale, bestean bale. Maltako fiskaltzak Lifelineren kontrako prozesu penala hasi du. Erakundearen aurka aurkezturiko karguak administratiboak dira. «Lehen arrazoia da ontzia ez dagoela ondo erregistratuta. Lifeline erakunde alemaniarra da, eta itsasontziak bandera herbeheretarra du. Bigarrena, berriz, ez dela erabiltzen erregistratuta dagoen funtzioetarako, aitzitik arrantzarako itsasontzia baitzen», azaldu du Claus-Peter Reisch Lifeline-ko kapitainak, Valletako auzitegiaren aurrean. Prozesuak iraun bitartean, Reischek ezin du Maltatik irten.

Erabakiaren momentua

Edonola ere, defentsak uste du epaiketa hutsean itxiko dela. «Dokumentu guztiak behar bezala ditugu. Prozesu honek ez du oinarririk. Espero dugu erabaki honen atzean ez egotea erreskate ontziak blokeatzeko arrazoi politiko bat», irizten dio Neil Falzon abokatuak. Izan ere, prozesu penala orain hastea ez da oharkabean pasatu. «Zergatik orain, hain justu, Europako Batzordea migratzaileak geratzeko akordio batera iritsi denean?», galdetu du Linardik.

Gauzak horrela, portutik ateratzeko debekuak Sea Eye eta Sea-Watch ontziei ere eragiten die, Lifeline-n epaia iritsi arte. «Ofizialki, ez dakigu zergatik gauden blokeatuta. Guk baino lehenago jakin dute hedabideek itsasora ateratzeko baimena kendu digutela», kexu da Pia Klemp Sea-Watch itsasontziko kapitaina.

«Iazko udan, hamabi erreskate itsasontzi zeuden Mediterraneoko SAR Bilaketa eta Erreskate Eremua patruilatzen. Egun, ez da ia inor geratzen», azaldu du Linardik. Aholkulari juridikoak argi dauka: «[Italiako Barne ministro] Matteo Salvini iristeak hankaz gora jarri du dena. Gobernuz kanpoko erakundeen aurkako sorginen ehiza bati ekin dio».

Izan ere, erakunde humanitarioek gero eta traba gehiago dituzte Salvinik Italiako portuak itxi zizkienetik. Klemp oso arduratuta dago: «Orain arte, migratzaileak Lampedusan eta Sizilian lehorreratu ditugu, bertan daudelako portu seguru hurbilenak. Italiatik kanpo porturatzeak esan nahi du distantziak eta kostuak handituko direla». Hala, erakunde humanitarioak estrategia berrantolatzeko ahaleginetan ari dira: «Operazio base berri bat behar dugu. Maltak ez gaitu gehiago nahi; beraz, erabaki behar dugu nora itzuliko den ontzia misio bakoitzaren ostean eta non egingo den tripulazio aldaketa», azaldu du Klempek.

Horrek izugarrizko kaosa eragin du. Erreskateei tinko eutsi dioten salbamendu erakundeei errepaso bat eginez gero, orain ez dago haien ontzirik SAR eremuan. SOS Mediterraneeren Aquarius-ek Marseillan egingo du tripulazio aldaketa; Open Arms Bartzelonara iritsi berria da, eta gainontzeko hirurak (Lifeline, Sea Eye eta Sea-Watch) Maltan daude blokeatuta. Salvamento Maritimo Humanitario erakundearen Aita Mari ontziak, berriz, abuztu hasieran ekingo dio misio berriari.

Erreskateak, libiarren esku

Gauzak horrela, erreskate operazioak Libiako kostazain delakoen eskuetan daude, eta horrek zorigaiztoko ondorioak utzi ditu: azken bi astetan, 483 pertsona ito dira itsasoan. «Jakina, datu horiek libiarrek eskainitako informazioaren araberakoak dira», zehaztu du Linardik.

Klempek nabarmendu du Libiako kostazainen bortizkeria: «Kontuan izan behar dugu ez dutela erreskate operazioak egiteko adina prestaketa jaso. Gehienetan, ez dute salbamendu jaka nahikorik eramaten, eta duela gutxira arte kalaxnikovak eskuan egiten zituzten misioak. Gainera, migratzaile askok itsasora salto egiten dute iristen ikusten dituztenean. Ez dakite igerian, baina ez dute Libiara itzuli nahi».

Edonola ere, Italiako Gobernuak Tripoliko eta Zawyako kostazainak entrenatzen jarraitzen du, eta Italiako Barne ministroak azken egunetan iragarri du dozena bat ontzi emango dizkiela. Hori hala, Libiak bere SAR eremua aldarrikatu du, eta Nazioarteko Itsas Erakundeak onartu egin dio. «Inork ez daki zenbat itsas miliara iristen den, baina orain Erromakagindua eman digu erreskateak libiarrekin koordinatzeko», azaldu du Klempek. Politika aldaketak testigurik gabe utzi du Mediterraneoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.