Galduriko handitasunaren bila

Italiako Alderdi Demokratak primario irekien bigarren itzulia egingo du gaur. Zingaretti ezkertiarra da faborito nagusia. Idazkari berriak alderdia alternatiba gisa sendotu beharko du gobernuaren aurrean

Nicola Zingaretti PDren primarioetako faboritoa —erdian—, Erroman, artxiboko irudi batean. ANGELO CARCONI / EFE.
ander perez zala
2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun

Oposiziora eraman zuen krisia amaitzea, alderdia berriz ere aukera erakargarri bilakatzea eta, aldi berean, Legaren eta 5 Izar Mugimenduaren (M5S) gobernuaren aurrean alternatiba gisa sendotzea: finean, urteotan galduriko handitasuna berreskuratzea. Horiek izango dira, gaur gauetik aurrera, Italiako Alderdi Demokratikoaren (PD) idazkari nagusi berriak izango dituen erronkak. Iazko martxoko hauteskunde orokorretan boterea galdu ostean —%30etik %17ra jaitsi zen—, PD noraezean ibili da, barne eztabaida batean murgilduta. Gaurko bozketak amaiera emango dio epe horri, eta idazkari berriak alderdiaren datozen urteotako ideologia zehaztuko du, baita lehentasunak eta aliantzak zeintzuk izango diren ere —M5Sra hurbiltzea, esaterako—, Italiako Gobernua hausteko aukerak handitzen ari baitira asteek aurrera egin ahala.

Hiru dira primarioen bigarren itzulirako sailkatu ziren idazkarigaiak: Lazio eskualdeko presidente Nicola Zingaretti —hautagairik ezkertiarrena da—; Nekazaritza ministro ohi Maurizio Martina —PDren jarduneko idazkaria da—; eta Asanblea Nazionaleko diputatu Roberto Giachetti. Horietako batek hartuko du gaur alderdiaren gidaritza, eta beste aro batean murgildu beharko du; izan ere, alderdiko buruzagitzak Matteo Renzi aurreko idazkariaren (2013-2018) eta lehen ministro ohiaren (2014-2016) aroa amaitu nahi du lehenbailehen. Renzik botoen %40raino igo zuen alderdia 2014ko Europako Parlamenturako bozetan, baina harrezkeroztik beherantz egin zuen PDrekiko babesak, iazko hauteskunde orokorretara arte; orduan aurkeztu zuen dimisioa Renzik idazkari nagusi kargutik. Tartean, lehen ministro zenean, konstituzioaren erreformari buruzko galdeketa galdu zuen 2016an, eta kargu horretatik dimisioa aurkeztu zuen urte horretan.

Bozetan jasandako beheranzko joerari itzulia ematea izango du helburu idazkari berriak; hasteko, maiatzaren 26ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan. PDk albiste onak izan ditu aurten, otsaileko Abruzzoko eta Sardiniako hauteskundeetan emaitzak egonkortzea lortu baitu; horrekin zerikusia izan du M5Sren beheranzko joerak: alderdi horretara joan ziren PDren boto emaileak jatorrizko alderdira itzultzea erabaki baitute, Legarekin duen koalizioak hartu duen bideak etsituta. Joera horretan sakontzeko, Renziren neurri liberalekin hautsi, eta ezkerrera egiteko beharra izango du alderdiak. Horren erakusle dira primarioen lehen itzuliko emaitzak: Zingarettik botoen %47,38 jaso zituen; Martinak, %36,1; eta Giachettik, %11,3. Hau da, hautagairik ezkertiarrenak jaso zuen babes handiena, eta, beraz, gaur hura da faborito nagusia. Primarioak irekiak dira, eta edonork bozka dezake; PDren militanteak ez direnek, aldiz, bi euro ordaindu beharko dituzte.

Idazkarigaien profilak desberdinak dira. Zingaretti faboritoa Italia erdialdeko Lazio eskualdeko —Erroma du hiriburua— presidentea da 2013az geroztik, eta Gazte Sozialisten Nazioarteko Batasunaren presidente izandakoa da; Europako Parlamentuan ere diputatua izan zen 2004tik 2008ra. Giachetti, berriz, Renziren garaiarekin lotzen duten hautagaia da, ez baita kritiko agertu garai horrekin, eta egun diputatua da legebiltzarrean. Hirugarren hautagaiak, Martinak, beste bien artean kokatzen du bere burua, ideologiari dagokionez.

Renziren asmoak

PDren idazkaritza utzi zuenetik, zurrumurruak izan dira Renzik hartuko zuen bideaz, eta, azkenean, lehen ministro ohiak iragan otsailean argitu zituen zalantzak. Adierazi zuen ez dela maiatzeko hauteskundeetara aurkeztuko, eta ez duela beste alderdirik sortuko, ezta PDn «beste joera bat eratu» ere. «Beti esan dut PD nire etxea dela. Eta alderdi berriaren auzia ez dago mahai gainean», gaineratu zuen.

Balizko boz orokorrez, uste du gobernuak ez dituela horiek aurreratuko, «ez zaizkiolako komeni».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.