Onintza Enbeita
BIRA

Inpunitatea

2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Faxismoa bultzatu eta haren lerroetara lerratu; konplexurik gabe. Goi karguak harrapatzeko ondokoak zapaldu, eta karguak bete. Erabaki odoltsuak hartu. Azken batean, halako lekuan dagoenak badaki odola ez dela berea izango eta besteenak ez diola alkandora zipriztinduko. Polizia ondo entrenatu jendea errukirik gabe hil dezan, eta bulegoko aulkiaren magaletik hura gobernatu. Tiro egiteko agindu, eta hildakoen gorpuen gainetik pasatu. Greban zeuden langileak baino ez ziren, asanbladan zeuden. Berdin dio: zurekin ez dagoen guztia zure menpe dago. Hildakoak zulora: bost komunista gutxiago. Faxisten buruzagia hil eta gauzak aldatzeko beharra dagoela esan, jendeari dena aldatu egingo dela sinetsarazi. Aldaketaren lider jarri eta ezer ez aldatzeko lan egin. Izena aldatu eta izanari eutsi. Hildakoei buruz hitz egitera ausartzen direnei barre egin. Haien ondorengoei errekonozimendua ukatu, ezeren biktima ez balira legez tratatu. Eta bizi. Hil arte bizi; inoiz euli bat hil ez bazenu bezala. Badaukazulako komunikabide talde handi bat demokrata handia zarela azpimarratuko duena matrailik gorritu gabe. Horixe da inpunitatea. Ez dezagun ahaztu zergatik ahatzarazi nahi izan diguten martxoaren 3 batez Gasteizen gertatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.