Hiru «bihotzezko senide»

AEBetako armadako soldaduek Mauthausengo kontzentrazio esparrua askatu zutenetik 75 urte bete dira. Aurten ezin izan dute ekitaldirik egin Austriako hirian; horren ordez, bizirik ateratako hiruk beren lekukotza eman dute

Mauthausengo kontzentrazio esparrutik bizirik atera zen pertsona bat, 2017ko ekitaldian, AEBetako soldadu bati eskerrak ematen. CHRISTIAN BRUNA / EFE.
ander perez zala
2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Aita juduak zituzten, eta naziek Mauthausengo kontzentrazio esparruan (Austria) hil zituzten. Amak bizirik atera ziren, besteak beste haurdunaldiak ezkutatzea lortu zutelako, eta goseteari eta indarkeriari ere aurre egin behar izan zieten II. Mundu Gerraren azken egunetan; esparrura bidean erditu ziren, eta, egoera horretan, 1,5 kilo pisatzen zuten umeak bizirik ateratzea lortu zuten. Hana Berger-Moranen, Mark Olskyren eta Eva Clarkeren familien istorioak dira: ez dira senideak, baina, haiek dioten bezala, badira «bihotzezko senideak». Duela hamar urte ezagutu zuten elkar, Mauthausengo Oroitarrian, eta, harrezkeroztik, «banandu ezinak» bilakatu dira.

«Aita kazetaria zen, eta, ama irakaslea; baina, noski, lanak galdu zituzten erregimen nazia Eslovakiara iritsi zenean. 1944an, tren batera igo zituzten; ama bi hilabete eta erdiko haurdun zegoen. Jakinda ama nolakoa zen, indartsua, bazekien ume hori izan nahi zuela. Auschwitzera iristean, [Josef] Mengele medikuak haurdun al zegoen galdetu zion, eta alemanieraz ezetz erantzun zion. Zortea izan zuen. Gero, aita eta ama banandu egin zituzten, eta amak hori gertatu eta astebetera ikusi zuen azkenekoz aita. Hurrengo zazpi hilabeteak Friburgon [Alemania] igaro zituen, eta fabrika bateko ohol batean jaio nintzen, [1945eko] apirilaren 12an. Hurrengo egunean Mauthausenera eraman gintuzten».

Esan horiek Berger-Moranek kontzentrazio esparruaren askapenaren 75. urteurrena oroitzeko bidalitako bideoaren parte bat dira. Olskyrekin eta Clarkerekin batera, aurten ere maiatzaren 5eko ekitaldira joateko asmoa zuen, baina, koronabirusak sorturiko osasun krisiaren ondorioz, ezin izan du bidaia egin. Horren ordez, hirurek euren iragana azaltzeko hiru bideo labur bidali dituzte; haienak diren arren, beste hainbat herritarren istorioak ere badira. «Apirilaren 12an nire urtebetetzea ospatzen dut, baita maiatzaren 5ean ere [askapenaren eguna], egun horretan ziurra izan zelako bizirik aterako nintzela», dio Berger-Moranek, irribarretsu.

Olskyren kasuan, ama bederatzi hilabeteko haurdun zegoenean eraman zuten Mauthausenera, hura gasarekin hiltzeko asmoz: «Hamazazpi eguneko bidaia egin zuen tren batean, 1945eko apirilaren 12tik 29ra. Ni apirilaren 20an jaio nintzen, tren horretan. Naziak [Adolf] Hitlerren urtebetetzea ospatzen ari ziren, hura ere egun horretan jaio baitzen, eta, arrazoi batengatik edo besteagatik, ez ninduten hil».

Clarke, aldiz, Mauthausengo kontzentrazio esparruan jaio zen; ama bederatzi hilabeteko zegoen hara iritsi zenean, eta 35 kilo besterik ez zuen pisatzen: «Ni eskorga batean jaio nintzen, arratsaldeko zortzietan. Nire ama tifusa eta sukar tifoidea zuten pertsonaz inguratuta zegoen. Jaiotzen ari nintzenean, agente nazi bat zegoen inguruan, eta, ama ikusi zuenean, 'oihukatzen jarrai dezakezu' esan zion».

Bideoan, Clarkek azaltzen du haren ustez hiru arrazoirengatik atera zirela bizirik: lehenik, naziak gasik gabe geratu zirelako 1945ko apirilaren 28an, eta hura hurrengo egunean jaio zelako; bigarrenik, apirilaren 30ean Hitlerrek bere buruaz beste egin zuelako; eta hirugarrenik, «arrazoi onena», Ameriketako Estatu Batuek (AEB) esparrua askatu zuelako: «Mirariko umea esan didate, beste biei bezala».

199.400 preso

Kopuru zehatza finkatzea oso zaila den arren, adituek uste dute 199.400 preso pasatu zirela Mauthausengo kontzentrazio esparrutik 1938 eta 1945eko maiatzaren artean —egunean 123 preso—. Uste dute horietatik naziek 119.000 inguru hil zituztela Mauthausengo esparruan eta inguruko zelaietan, eta herenak juduak zirela.

1938ko abuztuan, Alemaniak Austria anexionatu eta gutxira hasi ziren kontzentrazio esparru hori eraikitzen Dachautik (Alemania) bidalitako 300 preso, Mauthausen hiritik bost kilometrora; urrirako 565 preso zituen, eta 1939ko abendurako, 2.772. 1944ra arte, judu oso gutxi egon ziren kontzentrazio esparru horretan, eta gehiengoa sobietar presoak ziren; II. Mundu Gerrako azken-aurreko urtean bai, orduan bidali zituzten milaka judu Mauthausenera Auszwichetik (Polonia) eta Hungariatik.

AEBek 1945 maiatzaren 5ean askatu zuten, eta euren kontrolpean egon zen udara arte. Hortik aurrera, Sobietar Batasunak bere soldaduei aterpea emateko erabili zuen, eta, 1947ko ekainaren 20an, Moskuk Austriako Gobernuari eman zion eremuaren kontrola, baldintza batekin: oroitarri bat egin zezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.