Kanpora puntu bila

Athleticek, Realak eta Osasunak etxetik kanpo jokatuko dute. Hiru euskal taldeek sailkapeneko goiko postuak dituzte begiz joak

Nico Williams barneraketa bat egiten, Espanyolen aurkako lehian. A. L. / FOKU.
haritz gallastegi
2022ko irailaren 11
00:00
Entzun
Athletic, Reala eta Osasuna etxetik kanpo ariko dira Lehen Mailako bosgarren jardunaldian. Hain zuzen, hiru euskal taldeek beheko postuetan dauden taldeen kontra neurtuko dituzte indarrak. Eta, antzekotasunekin jarraituz, hirurak gora begira daudela aipatu behar da. Hasiera ona eman diotela lehiaketari, alegia. Baina, hortik aurrera, ñabarduraz josita daude talde bakoitzaren neurketak. Aurkariak ezberdinak izateaz gain, ez baitaude egoera berean.

Athletic, jokatzen lehena, zalantzaz josita zelairatuko da gaur (16:15, Gol), Elxen (Herrialde Katalanak). Cadiz jipoitu ostean Espanyolen kontra galdu izanak iraganeko mamuak esnarazi ditu. Zuri-gorriak zerutik infernura pasatu dira egun gutxiren buruan. Ernesto Valverdek jokamolde ausartaren aldeko apustua egin du; inguru zuri-gorriak oso gustuko duen aukera da, baina oraingoz ez da kapaz izan azken urteotako gabezia nagusiei konponbidea aurkitzeko: Athletic ez da gai emaitza on asko kateatzeko, eta ezin horren arrazoi nagusia da erasoko jokaldiei amaiera egokia emateko duen arazoa. Horregatik, puntu asko galtzen ditu talde apalenen kontra, eta Elx multzo horretan sar daiteke. Franciscok zuzentzen duen taldeak puntu bat baino ez du eskuratu orain arte, baina horrek ez du esan gura Athleticek lehia irabazteko aukera gehiago duenik. Inor ez da fio lehoiek egin dezaketenaz. Vesga kili-kilo dabil, baina printzipioz prest egongo da jokatzeko; Yeray eta Herrera, berriz, ez.

Reala zuri-gorrien neurketa amaitutakoan lehiatuko da Getaferen aurka, Coliseum Alfonso Perezen (18:30, DAZN). Txuri-urdinek Athleticek adina puntu dituzte, baina beste aldarte batean ekingo diote partidari. Old Trafforden Manchester Uniteden kontra irabazitako partidak ematen duen indarrarekin zelairatuko dira. Donostiako taldea sendoa eta fidagarria da. Goi mailakoa. Talde apalagoen kontra nekez egiten du kale. Imanol Alguacilen jokalariak apur bat nekatuta egon daitezke, baina oriotarrak aukera zabala dauka hamaikako lehiakorra osatzeko, eta, konfiantzaz gainezka egoteaz gain, gauza bat dauka alde: partida askotan jokoaren ekimenari eusteko gai dela. Esfortzu handia egin behar ez duenez, lehiakorragoa egiten du partida pilaketak daudenean. Le Normand, Rico, Carlos Fernandez eta Oiartzabal zerrendatik kanpo daude.

Osasunak bihar bisitatuko du Almeria (21:00, DAZN). Jagoba Arrasateren taldeak ikusgarri hasi du sasoia. Lau partidatan bederatzi puntu pilatu ditu, eta urtez urte goiko postuetara gerturatzeko urratsak egiten ari da. Gorriek, iazko taldearen oinarriari eusteaz gain, taldean lehiakortasuna handitu dute Moi Gomezen eta Aimarren ekarpen handiari esker. Etxean erakutsi duen indarra kanpoan azaleratzen ahaleginduko da. Astean zehar kili-kolo ibili den Torro ondo dago, baina Peñak ezin izango du jokatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.