Emakumeen Bira

Espero zuen deia jaso du

Elisa Longo-Borghinik, eraso ausarta jo, eta azken etapan lorturiko gainsariei esker irabazi du Emakumeen Bira. Amanda Spratt izan da bigarren, bi segundora
Longo-Borghini irabazlea —erdian—, Spratt eta Paladin ondoan dituela, Oñatin, atzo.
Longo-Borghini irabazlea —erdian—, Spratt eta Paladin ondoan dituela, Oñatin, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko maiatzak 26
Elisa Longo Borghinik (Trek) bere bizitzako telefono dei gozoenetakoa jaso zuen atzo Oñatiko kaleetan. Emakumeen Birako irabazleak sakelakoaren bitartez jakin zuen proba irabazi berri zuela. Gero gerturatu zitzaion Georgia Bronzini taldeko zuzendaria itxaronaldi urduria goxatu, besarkada bat eman, eta haren zorion malkoak lehortzeko. Izan ere, amaiera hain izan zen estua, ezen epaileek amaiera errepikatuta ikusi arte Longo-Borghinik ez zuen jakin bera zela Birako irabazlea. Etapa amaitu eta bost minutura jaso zuen luzaroan esperotako deia, bi urte baitziren garaipenik lortu gabe, hein handi batean arazo fisikoen erruz. Italiarrak azken etapako garaipenarekin lorturiko gainsariei esker irabazi zuen Bira, eta bi segundoren aldea atera zion Amanda Spratti (Mitchelton).

Longo-Borghinik ausardiari esker irabazi zuen Bira, eta, bide batez, mendiko eta puntukako sailkapenak. Trek taldeak herenegun erakutsi zuen Santa Teodosian gora ez zela bakerik egongo Amanda Sprattentzat. Atzokoan, gainera, laguna aurkitu zuen Movistar taldean, eta elkarrekin asko gogortu zuten etapa hasieratik. Ibilbidea oso gogorra zen: 155 kilometro eta lau mendate, min egiteko aproposa.

Ihesaldi saiakera indartsuak egon ziren, eta maila handiko zortzikote batek ekin zion buruan eguneko azken mendateari: San Asentzio (6,1 km eta %6). Tartean zeuden Audrey Cordon (Trek) eta Lucy Kennedy (Mitchelton) faborito handien taldekideak. Aurretik bidaliak zituzten, zubi lana egiteko. Atzean Trek mugitzen hasi zen, eta laukote batek egin zuen aurrera: Longo-Borghinik, Spratte, Mavi Garciak (Movistar) eta Soraya Paladinek (Ale Cipollini).

Longo-Borghini ez zen iheslariak harrapatzearekin konformatu, eta aurrera jarraitu zuen. Ausardia handiz jokatu zuen, eta hogei segundoren aldearekin igaro zen San Asentzioko gainetik. Sailkapen nagusiaren bila eginiko mugimendua zen, azken bi etapetako higatze lanari ginga jartzeko ordua. Hemezortzi kilometro falta zitzaizkion helmugarako, hamar aldapa behera, eta beste zortzi ordekan Oñatira arte.

Longo-Borghinik jaisten oso trebea izatearen ospea du, eta erakustaldia eman zuen errepide bustietan. Beherako bidea bukatu zenean, goiko alde bera mantendu zuen, eta herio batean ekin zion bakarrik ordeka zatiari. Buruko kalkulagailuari zangoei bezain gogor eragin zien. Hamabi segundoren aldea behar zuen Spratt pasatzeko, eta helmugan hamar, sei eta lau segundoren gainsariak zeuden. Amaiera mugitua ziurtatuta zegoen, thriller film bat zen.

Longo-Borghiniren tartea murriztuz joan zen ordekan, eta atzeko multzoa gero eta handiagoa zen. Iheslaria bakarrik sartu zen Oñatin, eta jazarleen hatsa kokotean sumatzen zuela iritsi zen helmugara. Besoak altxatu zituen, luxu bat atzekoak lau segundora iritsi zirela ikusita. Sprattek etapan bigarren edo hirugarren izan behar zuen Bira irabazteko, baina bosgarren sartu zen. Arlo horretan Longo-Borghini Tayler Wiles taldekidearen laguntza izan zuen, itsuan esprintatu eta hirugarren izan zelako, azken gainsaria lortuz.
Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria