Buruz burukoari eutsi nahian

Realak Real Madrilen aurka jokatuko du, bigarren postua helburu. Athletic Vigon ariko da, eta Osasunak Atletico Madril hartuko du, Europako postuak begiz jota dituztela

Realeko Andoni Gorosabel eta Real Madrileko Eder Militao, lehian,  aurreko denboraldiko partidan. RODRIGO JIMÉNEZ / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Europarako bidean postuak finkatu behar izaten dira lehenik, eta kontrario ahaltsuei aurrea hartu gero. Realak horretarako aukera bikaina du gaur, Real Madrilen zelaian. Donostiarrak hirugarren daude sailkapenean, 38 punturekin, eta hiru gehiago dituen bigarrena bisitatuko dute (21:00, Movistar). Ligako lehen itzulia osatuko duen partida izango da, eta azterketa zaila da txuri-urdinentzat. Buruz burukoari ahalik eta gehien eustea da asmoa, eta xede horren egiazkotasuna neurtzeko proba da.

Lantegi zaila da, esan beharrik gabe, Real Madrilen etxean jokatzea beti baita makurra. Dena den, beldurrik gabe aritzeko beharra azpimarratu du Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak: «Horrelako talde baten gauza onak ikusita, haiei eskua sartzea zaila da, baina guk ere partida on-ona egiten badugu, nortasunez jokatzen badugu eta ausart aritzen bagara, gure aukerak izango ditugu. Nortasun handiz jokatuko behar dugu».

Teknikari oriotarrak badaki zer den Real Madrilen zelaian irabaztea. Bai entrenatzaile gisa, baita jokalari moduan ere. Horrez gain, talde txuri-urdina Europako estadiorik garrantzitsuenetan zaildu da azken urteetan, eta horri erreferentzia egin dio Imanolek: «Saiatu gara hori erakusten. Lana egin beharko dugu, noski, baina ea asmatzen dugun».

Min hartutako jokalarien zerrenda luzea du Realak, bederatzi lagunekoa, eta hori lasta da Santiago Bernabeun aritzeko. Gainera, Ander Barrenetxeari bizitu egin zaio iskiotibialeko lesioa, eta deialditik kanpo geratu da. Ikusteko dago noiz arte egongo den zelaietatik kanpo, baina printzipioz ez da larria. Barrenetxeak aurreko bi partidak jokatu ditu.

Horren inguruko hausnarketa egin du Imanol teknikariak: «Penagarria da horren une garrantzitsuan horrenbeste jokalarik min hartzea. Prest daudenak oso ondo daude, baina askok minutu asko jokatu dituzte dagoeneko, nekea dago, eta batzuk kili-kolo daude. Ez gaude nik nahi bezala, baina hiru egunean behin halako partida zailak jokatuta, normala da».

Hori bai, prestatzaileak ez du nahi aitzakiarik gaur iluntzerako: «Haiek ere badituzte hutsuneak, eta lehiatu beharra dago, aurkaria Europako onena baldin bada ere. Horrelako zelaietan, hori da irabazteko aukera bakarra».

Bat etxean, bestea kanpoan

Begi bat biharko Espainiako Kopako finalerdietako kanporaketan dutela, gaur jokatuko dute baita ere Athleticek eta Osasunak. Espainiako Kopan geraezin dauden bitartean, zuri-gorriek ez dute oraindik ligako partidarik irabazi Munduko Txapelketaren etenaren ostean. Bi puntu baino ez dituzte lortu, eta hirurak batzeko asmoarekin zelairatuko dira gaur, Europarako sailkatzeko postuetako borrokan bete-betean segitzeko. Valentziaren aurka jokatutako partida onak hauspotuta egingo dute, Vigon (18:30, Gol).

Ikusteko dago, Mestallan bezala, Ernesto Valverdek zelai erdi sortzaile baten alde egiten duen, eta Iker Muniainek eta Ander Herrerak tokia duten hamaikakoan.Deialdira itzuli eta ezusterik ezean hasieratik arituko dena Yeray Alvarez da. Aurreko jardunaldian zigortuta egon zen, Realaren aurkako derbian ikusitako gorriarengatik.

Celta sailkapenaren behealdean dago. 17 puntu ditu, eta gainean ditu jaitsiera postuak. Valverde honela mintzatu zen atzo partidaren inguruan: «Ligako azken lau partidak jarraian galdu ditugu, eta garaipena nahi dugu. Baina bioi premiazkoak zaizkigu puntuak».

Osasunak Atletico Madrilen aurka neurtuko ditu indarrak Sadarren (16:15, La Liga). Bi taldeek luzapena jokatu zuten Espainiako final-laurdenetako kanporaketan. Beraz, neke fisiko hori pilatuta ailegatuko dira norgehiagokara. Baina emozionalki oso aldarte diferentean. Nafarrek aurrera egitea lortu zuten, eta espainiarrek, ez. Hala, tituluren bat irabazteko aukerarik gabe geratu da Simeoneren taldea. Txapeldunen Ligarako sailkatzea da geratzen zaion helburu bakarra.

Ikusteko dago Arrasatek txandakatze askorik egiten ote duen hamaikakoan. Izan ere, Kopan bezala, ligan ere denboraldi ona egiten ari dira gorritxoak, eta haiek ere Europarako lehian sartuta daude. Arrasatek honela aztertu zuen aurkaria: «Badakigu zer aurkari dugun aurrean. Bernabeun partida bikaina jokatzetik datoz, eta egun duten lehentasuna da sailkapeneko lehen lau taldeen artean egotea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.