2.030: inor ez dadila atzean gelditu

Isidro Elezgarai
2018ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Mundu hobea eraikitzea. Inork ez dio sekula uko egingo amets hori lortzeko nahiari. Hala ere, egunero, Yemen edo Siriako biolentziaren hazkundeak, 104 milioi haur eskolara joatea ekiditen duten guda edo hondamendiek edota haurren hilkortasunaren inguruko datu latzen moduko albiste negatiboek betetzen dituzte komunikabideak. Baina badaude esperantzarako istorioak: UNICEFek Laosen duen Haurrentzako Espaziora sartzean Donut moduko umeek egindako irri horiek bultzatzen gaituzte lanean jarraitzera. Duela hiru urtetik hamazazpi helburu eta 169 jomuga betetzea proposatu den gure planetaren zuri-beltzeko koloreak dira, txanponaren alde biak, positiboa eta negatiboa. Izan ere, 2015eko irailaren 25ean, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiko agintariek «bai» esan zieten 2030 Agendari eta Garapen Iraunkorrerako hamazazpi Helburuei.

Pobreziarekin amaitu. Gosearen aurka borrokatu. Genero berdintasuna. Bakea eta justizia. Desberdintasunen murrizketa. Kalitatezko hezkuntza inklusiboa bermatu. Aldaketa klimatikoaren kontra borroka egin. Garapen Iraunkorrerako Helburuetako batzuk baino ez dira, bost zutabe nagusiren inguruan planteatutakoak: pertsonak, planeta, oparotasuna, bakea eta aliantzak. Eta 2030 Agendaren eta Helburu hauen talde ahulenetako bat haurrak dira; gaur egungo neskato-mutilek ikusiko dituzte 2030. urterako lortutako emaitzak. Hori dela eta, ez gara aspertuko errepikatzen haur eta nerabeengan egindako inbertsioa garapen ekonomikoan, politikoan eta iraunkorrean egindako inbertsioa dela. Nahiz eta muturreko pobreziaren murrizketaren edo amagandiko heriotza-tasak behera egitearen moduko aurrerapenak lortu diren, oraindik bide luzea daukagu egiteko: bost urtetik beherako haurren heriotzen erdia desnutrizioa dela-eta gertatzen da, oinarrizko hezkuntza unibertsala lortzeko garapena eten egin da, etxebizitza txiroetako haurrek atzean geratzeko arrisku gehiago daukate, 20 urtetik beherako neskatoen hamarretik bat bortxatua izan da edo indarkeriazko harreman sexualak izan ditu... Datu hauek esku artean izanik, geure buruari galdetzen diogu: zein egoeratan helduko gara 2030. urtera? Xede gehiegi al ditu 2030 Agenda honek? Urteen zeharreko jarraipena egiteko nahikoa ebaluazio adierazle al ditugu? Eta, garrantzitsuena, zer egin dezaket nik Garapen Iraunkorrerako 17 Helburu hauek betetzeko?

Euskadin badaukagu aitzindaria den erreminta garrantzitsua: Euskadi Basque Country 2030 Agenda, Garapen Iraunkorrerako Helburuei egindako euskal ekarpena, adierazleak finkatzen dituena eta mundu-mailako erronka gurera hurbiltzen duena. Pertsona bakoitzak, bere eremu lokaletik, 2030 Agendari bere ekarpena egiteko ahalmena duelako. Gobernu lokal eta autonomikoek 2030 Agenda martxan jartzea nahitaezkoa delakoan gaude, parte-hartzaile aniztasun izaera duen dokumentu unibertsala, gizarte, enpresa, akademia eta aliantza publikoak oinarritzat dituena, bizitzak eraldatu eta aurrera egiteko oso baliagarria.

Ziur nago 2030ean mundua toki hobea izango dela, inor atzean utziko ez duen lekua. Ez da ametsa. Errealitate hori eraikitzen dihardugu. Gure begien aurrean aukera aparta daukagu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.