Onintza Enbeita.
BIRA

Aholkuak

2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Hamasei urtetik hogeita bira arteko gazteekin geundela, galdera bat bota zuten: «Duela hogei urteko Onintzari zerbait esaterik bazenu, ze aholku emango zenioke?». Momentuan erantzun bat bota nuen, baina harrezkero buelta asko eman diot galderari buruan, eta erantzuna gero eta argiago daukat: bat bera ere ez. Ez nioke aholkurik emango. Eta ez, kontua ez da duela mende laurden plazara salto egin zuen neskatila horrek dena asmatu izana. Ezta gutxiagorik ere; baina momentu bakoitzean eskuan izan dituen armekin heldu dio bizitzari, eta tranpa handia litzateke oraingo talaiatik ordukoari aholkuak ematea. Orain, ia dena desberdin egingo nuke, baina urteetan gauza asko gertatu dira: maite nituen pertsona batzuk hil egin dira, jende berria ezagutu dut, beste pertsona batzuk maite ditut, maitatu egin dut, maita nazaten utzi, min eman dut eta min egin diezadaten utzi... Beraz, zertarako balio dute orain aholkuek? Zerbait esango nioke garai hartako Onintzari, hala ere. Esango nioke sekula akatsik egin ez balu, gaur egun ez lukeela Onintzak ezer jakingo, eta eskertzen diodala hainbeste irakatsi izana. Eskertzen diot inuzenteki eman zuen maitasuna eta merezi gabe jaso zuen mina. Horri esker egiten baititut orain gauzak desberdin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.