Kutxabankek 352 milioi euro irabazi ditu iaz, %6 gehiago

Mozkinaren erdia joango da BBK, Kutxa eta Vital Banka fundazioetara. Merkatu guztietan kuota irabazi izana azpimarratu du Billalabetiak

Javier Garcia Lurueña, Kutxabankeko kontseilari ordezkaria, eta Gregorio Billalabeitia presidentea. KUTXABANK.
Irune Lasa.
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Ekonomiaren hazkunde erritmoa moteldu egin den arren, ziurgabetasun politikoak ugari izanagatik ere, Kutxabankek hazkunde iraunkorrari «sendotasunez» eutsi dio iaz. Eta gainera, etekinak %6 handitzeaz gain, entitateak lortu du bere jarduneko finantza merkatu guztietan kuotak handitzea. Era berean, eraginkortasunaren bila, berankortasun tasa hobetzen jarraitu du Kutxabankek, eta %3tik azpira kokatzea erdietsi du, %2,98an, zalantzazko aktiboak 364 milioi eurotan murriztu ostean.

Lorpen horiek azpimarratu zituen atzo Gregorio Billalabeitia presidenteak, Gasteizko Europa Jauregian, entitatearen iazko emaitzen berri ematerakoan. Hark azaldu moduan, alde batetik, bankuek lagungarri izan dute burtsetan zenbaki berdeak nagusitu izana. Baina beste aldetik, interes tasa negatiboek hor jarraitzen dute —Euriborrak -%0,261an itxi du 2019a—, bankuen negozio nagusia, bitartekaritza marjina, murriztuz. Hala ere, Kutxabankek lortu du hirugarren urtez jarraian bere interesen marjina handitzea (+%1,3), eta hortik 568 milioi euroko sarrerak erdietsi ditu.

Beste 508 milioi euro komisioetatik eta beste negozioetatik bildu ditu bankuak. Azken horien artean zerbitzuetatik eta aseguruetatik lortutako sarrerak goraipatu zituen Billalabeitiak, ekarpen egonkorra egiten baitiote Kutxabanken kontuei; iaz aseguruetan 141milioi euroren sarrerak izan zituen bankuak (+%4).

Gehien azpimarratu zuena, dena den, iaz lehiakideei hainbat merkatutan jandako zatiak izan ziren. Hala, Kutxabankek lortu du bere jarduera eremuko hipoteka berrien %8,2 kontratatzea. Eta entitateak kudeatzen ditu eremu bereko inbertsio funtsen %5,75; kreditu osoaren %3,6; eta gordailuen %3,5.

Euskal merkatuan, jakina, nabarmena da Kutxabanken nagusitasuna. Adibidez, hipoteka maileguen %47,4 dira Kutxabankekin kontratatutakoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eta Kutxabanken Basquepensiones erabateko liderra da BGAE borondatezko gizarte aurreikuspenerako erakundeen banakako produktuetan; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako merkatuaren %47,2 duberea Basquepensionesek. BGAEk 273.000 bazkidetik gora ditu eta 5.685 milioi euroko ondarea (+%8,3).

Salmentak

2019an, bi aktibo operazio esanguratsu egin ditu Kutxabankek. 2018an Euskaltelen %1 inguru saldu ostean, iaz partaidetza murrizten jarraitu zuen eta akzioen %0,23 merkaturatu zituen, besteak beste, Europako Banku Zentralaren eskakizunak betetzeko. Zegona funtsak akzio horiek eskuratuta lortu du Euskaltelen kontrola hartzea. Akziodun nagusia izateari utzi arren, Kutxabankek oraindik Euskaltelen %19 dauka. Printzipioz, desinbertsio horren ostean, Kutxabankek orain dituen partaidetzak balekoak lirateke Europako Banku Zentralarentzat.

Iazko beste operazio handia Lezama operazioa deiturikoa izan da. Kutxabankek abenduan Cerberus inbertsio funtsaren filial bati saldu zion 358 milioi euroren balioko zalantzazko maileguen zorro bat. Kaltetutako mailegu horietako gehienak Espainiakoak ziren, Andaluzian eta Madrilen salduak, eta gehienak auzibidean zeuden.

Berankortasuna behera

Operazio horrek, eta mailegu pertsonaletan zein kontsumokoetan berandutzeak izandako bilakaera onak, erraztu diote Kutxabanki berankortasun tasa %3tik azpira eramatea, %2,98raino. Gainera, Lezama operazioaren eragin osoa ez da jaso iazko kontuetan. Horren ondorioz, 2020. urteko emaitza kontuetan berankortasuna are beherago, %2,47an, kokatzea espero du entitateak. Edonola ere, zuzkiduretara kopuru esanguratsua bideratzen jarraitu du Kutxabankakek: iaz, orotara, 139 milioi euro joan dira maileguen eta higiezinen arriskua estaltzera.

Iaz Kutxabankek irabazitako 352 milioi euroen erdia, 176,1 milioi euro, dibidentuetara joango da beste behin, hots, bankuaren akziodun diren BBK, Kutxa eta Vital Banca fundazioetara. Azken bost urteetan, hiru fundazioek 725 milioi euro jaso dituzte Kutxabanketik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.