Sasoiko itzuli da

Lasok 22-7 irabazi du Elezkano II.aren aurka. Nafarra aise aritu da, eta txapelerako hautagaitza aurkeztu du

Unai Laso, atzo, Labriten jokatutako neurketan, pilotari emateko prest JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Estreinako partidan bertan, zalantza guztiak uxatu zituen atzo Unai Lasok. Aise hartu zuen mendean Danel Elezkano, eta 22-7 irabazi zuen Labriten. Lesiotik atera berria zenez, ikusmin handia zegoen zaleen artean Lasoren gorputzaldia ikusteko, eta nafarra bikain aritu zen. Erritmo bizian aritu zen distantzia laburrean, eta Elezkano II.adesesperatzea lortu zuen. Gaur Ogetan arituko dira Altuna III.a eta Peña II.a, A multzoko bigarren neurketan.

Elezkano II.a izan zen markagailuan aurretik jartzen aurrena. Ohikoa duen bolearekin, 2-0 jarri zen Aspeko aurrelaria aurretik, baina hori izan zen Laso atzetik izan zuen une bakarra. Bizkarretakoak sakea berreskuratu ahala erakutsi zuen zenbateko gaitasuna daukan frontoian, eta bost tanto jarraian egin zituen, erritmo bizia ezarriz. Elezkano II.ak argi zeukan zeintzuk ziren bere aukerak, eta hasieratik erasokor aritu zen. Aurreneko aukeran tantoa amaitzera joan zen, horrek daukan arriskuarekin. Baina horrela indarberritu zen Lasoren aurreneko tantoetatik. 5-4an jarri zuen markagailua bizkaitarrak, baina hortik aurrera gorria izan zen partida.

Fisikoki maila ona eta taktikoki prestaketa bikaina erakutsi zituen Lasok. Bazekien Elezkano II.aren eskuin eskua bilatu behar zuela, eta sakeak zabalera aterata min handia egin zion. Bostetik hamabostera joan zen zuzenean, hamar tanto jarraian eginda. Eskuinez, ezkerrez, sakez, bi paretarena eginez, gantxoa erabiliz... kolore guztietako tantoak egin zituen nafarrak, eta garai onean iritsi dela erakutsi zuen Labritera inguratu ziren zaleen aurrean.

Lasok ez zion utzi Elezkano II.ari airez jokatzen, eta ezer gutxi egitea lortu zuen Zaratamokoak. Lehen aukeran asmatuta bakarrik lortu zuen Lasori arazoak sortzea, baina hamalau pilota galdu zituen guztira. Baikokoak ezarritako erritmo bizian guztiz deseroso aritu zen Elezkano II.a, eta burumakur amaitu zuen neurketa: «Berak [Lasok] jarri du erritmoa, eta beste munduko ezer egin gabe irabazi du», adierazi zuen.

Lasok, berriz, irribarretsu amaitu zuen partida. Maite duen erritmo bizi horretan dantzan aritu zen lau eta erdiko txapelketak berezkoa duen distantzia txikian. Bizkarretako aurrelariak ez zuen horrelako emaitzarik espero, eta lesiotik irtenda erakutsitako mailarekin «gustura» zegoela aitortu zuen: «Lana ondo egin dudala uste dut. Lan erdietan, psikologikoki behera egin du Danelek, eta ni gora etorri naiz».

Final-laurdenetako ligaxka, ordea, hasi besterik ez da egin. Lehenengo jardunaldiko irabazleak eta galtzaileak elkarren aurka arituko dira bigarrenean. Lasok Elordi izango du aurkari, eta Ezkurdiak eta Elezkano II.ak lehenengo puntua bilatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.