Biz gero, hiru seguru

Peio Goikoetxeari giltzurrun bat kenduko diote aurki, eta denboraldi honetan ezin izango da lehiara itzuli. Ez du etsiko, ordea, berriro Euskadi Fundazioaren elastikoa jantzi arte.

Peio Goikoetxea, aste honetan, Mallabian (Bizkaia), lan saio arina amaitutakoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
2018ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Txirrindulariek eskura eduki ohi dituzte lasterketen profil zehatzak, errepidean ustekabekorik izan ez dezaten. Bizitzaren gorabeherak, ordea, ez daude inon idatzita. Kirol ibilbidean izan duen ihesaldirik luzeen eta gogorrenari egin beharko dio aurre aurki Euskadi Fundazioko txirrindulari Peio Goikoetxeak (Ermua, Bizkaia, 1992).

Giltzurrun batean egin behar dioten ebakuntza dela eta, bizikleta albo batera utzi beharko du; aldi baterako bai behintzat. Ezker giltzurruna kenduko diote, ez diolako behar bezala lan egiten. Medikuek jakinarazi badiote ere ez dela erraza izango gaur egungo mailara itzultzea, Ermuko txirrindulariak ez du federik galdu: «Lasterketetara itzultzea da epe luzera dudan helburua».

Amaitu da denboraldia Goikoetxearentzat. Ez, ordea, txirrindulari izateko ilusioa. Suspertzearen xehetasunik ez du, baina bere esku dagoen «guztia egiteko prest» dago. Ez dio egun jakinik jarri nahi bere buruari. «Egunez egun» lan egin, eta «presarik gabe», baina errepidera itzuli nahi du. Ahal dela, Euskadi Fundazioan, gainera: «Aukerarik ematen badidate, hemen jarraitu nahi nuke». Esker oneko hitzak besterik ez ditu taldearentzat. Besteak beste, Mikel Landarentza, Jorge Azanzarentzat eta Jesus Ezkurdiarentzat, aurreneko egunetik alboan izan zituelako «laguntzeko prest».

Apirilean hasi zen Goikoetxearen kalbarioa. Zornotzako Klasikoan eguneko ihesaldian sartu zen. Hurrengo astean, baina, okertu egin zitzaion denboraldia. Frantzian lehiatutako bi lasterketa bukatu gabe utzi zituen. Ez, ordea, hankak gaizki zituelako. «Barruan» sentitzen zuen mina zuen eragozpen. Medikuek hainbat proba eginda ere, ezin zioten arrazoirik aurkitu ermuarraren ezinari. «Nekearena» ote zen entzun orduko, ermuarrak berriro entrenatzeari ekin zion. Kukuak oker jo zion, ordea: bizkar inguruan sentitzen zituen «ziztadek okerrera» egin zuten. Kostata, baina medikuek aurkitu zuten minaren eragilea: ezkerreko giltzurruna. Estenosi bat du. Giltzurrunera doan hodia behar baino txikiagoa da. Denboraren poderioz, odol zirkulazioa erabat oztopatu zaio, eta giltzurruna «sikatu edo» egin da. Ondorioz, behar bezala lan egin ez, eta kendu egin beharko diote. Ebakuntza datozen egunetan egingo diote.

Goikoetxearen kirol ibilbideak, lehen ere izan du gorabeherarik. Profesional izateko ametsa 2015. urtean bete zuen Kolonbiako Manzana Postobon taldearekin. Hilabete gutxi iraun zuen, or dea, esperientziak. Koska bat jaitsi, eta afizionatu mailara itzuli behar izan zuen. Mailaz jaitsi bazen ere, ez zion utzi lan egiteari. 2017an Ampo taldearekin Euskadiko Txapelketa irabazteak, goi mailako txirrindularitzaren ateak ireki zizkion, berriro. Mikel Landaren deia jaso, eta Euskadi Fundazioarekin sinatu zuen urtebeterako.

Hemeretzi lehia egunekin agurtuko du denboraldia. Ez hala, txirrindularitza. Errepidera itzultzeko esperantza du, baina beste ateren bat ere badu zabalik. Kirol zuzendari izateko titulua ateratzen ari da. Modu batera edo bestera, umetatik bizi izan duen kirolean jarraitzeko asmoa du.Pedalei eragiten izan edo ez, hirugarren aukera bat nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.