Herri kirolen inguruko 'Bostekoa' lehiaketa ETB1era itzuliko da gaur

Otsailean atal bakarra eman zuten. Herrien arteko lehia erabiltzen du saioak, kirolak bultzatzeko

Mungiako Birleko probalekuan egin dituzte kirol saioak. Baina, aurretik, herriak erakutsiko ditu saioak. ETB.
Edu Lartzanguren.
2019ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Otsailetik aurrera eman behar zuten Bostekoa saioa ETB1en, baina atal bakarra zabaldu zuten. Gaurtik aurrera jarraituko dute saioa ematen, udako programazioaren barruan. Herrien arteko lehiaz baliatuta, herri kirolak sustatzeko asmoa du saioak. «Bostekoa atzeratu zuten, babestu nahi izan zutelako, lehen emanaldiak ez zuelako eduki ikusle datu oso onik», esan du Josetxo Sanchez saioaren zuzendariak. Izan ere, ostegunetan ematen hasi ziren, eta Gran Hermano saioaren ordutegi bera zuen, Sanchezen arabera. Udarako gordetzea erabaki zuen, orduan, ETBko zuzendaritzak. Gaurtik, igandero emango dituzte, 22:00etan, lehenengo bost atalak. Gero bi asteko etenaldi bat egingo dute, eta, ondoren, azkeneko bi atalak emango dituzte.

Sanchezek ez zuen harreman handirik herri kirolen munduarekin, eta, hasieran, uste zuen zaila gertatuko zitzaiola halako saio batean parte hartuko zuen jendea topatzea. «Azkenean, erraza izan da: herrietan ibili gara galdezka taldeak osatzeko, eta kultura dago plazetan aritzeko, denek dakite zeozer egiten; agian harria jasotzen ez, baina bai txingetan edo sokatiran».

Izan ere, saioan ez da kirolari profesionalik agertuko. Noski, ez dituzte kirolzaleak edonon bilatu, baizik eta horretan tradizio handia duten herrietan: Ibarran (Gipuzkoa), Goizuetan eta Leitzan (Nafarroa), esaterako. «Jende gaztea» bilatu dutela adierazi du Sanchezek.

Mungiako (Bizkaia) Birleko probalekuan egin dituzte saioak, eta herritarrak ere joan dira herrikideak lehiatzen ikustera.

Bostekoa kirol eta antropologia arteko saio bat da. Atal bakoitzeko lehenengo zatian herriak eta lehiakideak aurkeztuko dituzte. Aitor Zubieta aurkezleak egun batzuk igaroko ditu lehiatuko diren herrietan, eta han ezagutu ditu lehiakideak, haien ingurukoak, eta herriko jende xelebrea, besteak beste.«Kirol eta lehiaketa antzeko nahasketa bat da, jendea bere giroan ezagutzen dugulako; baina gero, kirola, sufrimendua eta taldeko giroa ikusten dugu, lehia hutsa». Herri Txiki Infernu handi eta ETB Kantxa arteko zerbait dela, alegia.

Kiroltasuna

Aurkezpenak eginda, eta herrietatik probalekura aldatuta, lehiari ekingo diote parte hartzaileek saioaren bigarren zatian. Sokatira egin beharko dute, 63 kiloko harriari hamar altxaldi eman, 25 kiloko bi txinga eraman, bost mozketa trontzan, eta 470 kilo garraiatu, giza proban. «Gure kultura dira herri kirolak, eta pixka bat galtzen ari dira», esan du zuzendariak. Saioak egin dezakeen mesedea ilustratzeko, Elorrioko gazte batekin gertatutakoa kontatu du: errugbilari gazteak lehen aldiz hartu zuen harria. Jose Maria Gisasola Zelai harri-jasotzaileak ikusi zuen, eta bere eskolara gonbidatu zuen.

«Goizuetarrek harritu egin naute: oso gazteak dira, pertsona normalak eta pisu txikikoak, eta, halere, oso ondo ibili dira». Horrek erakutsiko luke herri kiroletan «edonor» ari daitekeela.Herritarren erantzuna ere goraipatu du saioaren zuzendariak: «Euren etxeetan sartzen utzi digute». Nabarmentzekoa ere nola animatu dituzten euretarrak eta besteak. «Kiroltasun handia egon da», esan du. Herrien arteko lehia, baina osasungarria. Saioaren izenburua ez da alferrik, antza, Bostekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.