Kopan bezala galdu du Superkopan

Bera Berak partida kaskarra jokatu du: 18-23 galdu du Superkopako finala, Elxen kontra. Donostiarrek ez dute beren ohiko jokoa egin

Emma Boada jaurtiketa bat egiten atzoko partidan. BERA BERA.
ainara arratibel gascon
2021eko irailaren 5a
00:00
Entzun
Hirugarrenez jarraian aho zapore txarrarekin ekin dio Bera Berak sasoiari: Espainiako Superkopa galduta. Elxek 18-23 irabazi zion atzo, Torrelavegan (Espainia). Partida kaskarra jokatu zuten donostiarrek. Ez zen ohiko Bera Bera ikusi. Defentsan ez zuen sendotasunik izan, eta, horren ondorioz, ezin izan zuen kontraerasoa baliatu. Badu zer hobetua.

Bera Berari kosta egiten zaio sasoiari martxa hartzea, eta atzo beste behin antzeman zen. Aurreko denboraldian, Herrialde Katalanetako taldeak utzi zuen Espainiako Kopatik at, finalerdietan. Atzoko neurketak antzeko bilakaera izan zuen. Bera Berak orduko gabeziak erakutsi zituen, eta Elxek, indarguneak.

Lehen minutuetan zehaztasuna falta izan zitzaien bi taldeei, Ohikoa da hori denboraldi hasieran: baloi galerak, jaurtiketa okerrak... Ia bosgarren minutuan iritsi zen neurketako lehen gola: Elxek sartu zuen. Baina Bera Berak berehala erantzun zuen, Maria O'Mullonyren gol batekin.

Kataluniarrak tinko aritu ziren defentsan, eta, Kopan bezala, partidaren erritmoa ezartzen jakin zuten. Defentsatik abiatuta egin zuen. Bera Berak korrika egitea saihestu zuen, eta baloiak galtzera behartu. Deseroso zegoen Imanol Alvarezen taldea, ez baitzuen zulorik topatzen aurkariaren defentsan. 3-7 ari ziren galtzen hasierako minutuetan.

Kontraerasoak lotu ezinik aritu ziren donostiarrak. Hasieratik aritu ziren argitasunik gabe erasoan, eta horrek defentsako lanean izan zuen gero isla. Lehen zatiko erdialde horretan ez zuten lortu hiruzpalau golen aldea murriztea. Alderantziz. seira igo zuen aldea Elxek: 7-13. Zazpi metroko jaurtiketei esker eutsi zion Bera Berak. Lehen sei goletatik lau modu horretara sartu zituen. Adriana Cardosok egin zituen guztiak. Alvarezek hutsartea eskatu zuen, partida maldan gora ikusi baitzuen. Taldea argitasunikgabe ari zen. Elx, berriz, kontrakoa. Pibotean Lysa Thcaptchet nafarrak, ondo erakarri zuen Bera Beraren defentsa, duen garaiera baliatuz. Horrek aukera ematen zien bere taldeko erdiko jokalariei urrutitik jaurtiketa argiak egiteko.

Bigarren zatian ere ezin

Sei gol atzetik joan ziren donostiarrak atsedenaldira: 8-14. Partidari buelta emateko defentsa hobetu beharra zuten, baloiak berreskuratu eta kontraerasoan irteteko. Izan ere, hori da Bera Beraren ezaugarri nagusia, eta atzo, lehen zatian, ez zuen bakar bat ere egin.

Bigarren zatiari beste bizitasun batekin ekin zion, defentsan gehiago asmatuz. Alvarezek, gainera, Maddi Aalla jarri zuen atean, eta pare bat gelditu on egin zituen. 37. minutuan lortu zuen lehen kontraerasoa lotzea Bera Berak.

Baina Nicol Morales atezainaren geldituei esker, Elxek abantailari eustea lortu zuen. Gainera, Bera Berak aldea laura jaisteko aukera izan zuenean, Maitane Etxeberriak kontraeraso argia huts egin zuen. Elxek, berriz, asmatu egin zuen, eta zazpira igo zuen aldea: 11-18.

Hortik aurrera nahi eta ezinaritu zen. Minutuak aurrera joan ahala, Alvarezek arriskatu egin zuen. Erasoan, atezaina kendu eta zazpi jokalarirekin aritu zen. Baina hori ere ez zen konponbidea izan. Elxek pare bat gol egin zituen atea hutsik zegoela baliatuz, eta, gainera, Bera Bera baloiak galtzen hasi zen, eta amorruaren poderioz akatsak egiten. June Loidi eta Emma Boada izan ziren zertxobait asmatu zutenak. Baina alferrik. Aurreko sasoia izan beharko du buruan Donostiako taldeak: Superkopa galtzen hasi, eta liga irabazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.