Frantziako Tourra

Iraultzarik ezean, suspertzea

Pogacarrek irabazi du azken saio menditsua, eta Vingegaardek sailkapen nagusiko garaipena ziurtatu du. Bilbaok ezin izan du postua hobetu, eta seigarren izango da

Iraultzarik ezean, suspertzea.
enaut agirrebengoa
2023ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Tourra galdua zuen Tadej Pogacarrek (UAE) mendiko azken etapa jokatzerako. Gehiegizko atzerapena izan zuen asteazkenean, Lozen gora erabat hutsik geratu ondoren. Iraultzan pentsatzeak jada ez zuen zentzurik. Hori horrela, beste helburu bat jarri zion bere buruari: atzo Le Marksteinen garaipen aringarria lortzea. Esan eta egin, bere onera itzuli eta faboritoen arteko esprinta irabazi baitzien Felix Galli (Ag2r) eta Jonas Vingegaardi (Jumbo). Danimarkarrak ez du etapa menditsurik irabazi, erlojupekoa bakarrik; badu zer ospatu, ordea, gaur maillot horia jantziko baitu Parisko Eliseoko Zelaietan. Bigarren garaipena lortuko du jarraian, eta hala, Pogacarren pare jarriko da. 7.29ren aldeaz menderatu du aurten. Hirugarren Adam Yates (UAE) izango da, 10.56ra. Vingegaardek talaiatik begiratuko die aurkariei.

Pello Bilbaori (Bahrain) ihes egin zion atzo podiumaren ametsak. Ia utopia zen. Aldiz, aukera zuen Simon Yates (Jayco) eta Carlos Rodriguez (Ineos) aurreratzeko. Yates ezin izan zuen menderatu; Rodriguez, baina, atzean utzi zuen maldan gora, eta 19 segundo atera zizkion helmugan. Tartea ez zen behar adinakoa izan. Dena den, oso harro egoteko moduan da Bilbao: seigarren postuan eta etapa bat irabazita bukatuko du Tourra. Rodriguezek eutsi egin zion Bilbaori, baina ez Yatesi, eta sailkapeneko laugarren postua kendu zion txirrindulari ingelesak.

Txirrindulariak arnasa berritu ezinik aritu ziren atzo. Izan ere, sei mendate igo zituzten elkarren segidan: lehen hirurak bigarren mailakoak, hurrengoa hirugarren mailakoa, eta azken biak lehen mailakoak. Ballon d'Alsacera iritsi ziren aurrena, eta tropela zatikatu egin zen jaitsieran, eroriko baten eraginez. Tartean izan zen Rodriguez, eta aurpegia odoletan itzuli zen bizikleta gainera. Aurretik hogei txirrindulari gelditu ziren; besteak beste, Mikel Landa (Bahrain), Ion Izagirre (Cofidis) eta Vingegaard bera. Danimarkarrak hanka altxa zuen, ihesaldiak bidea egin zezan.

Landa eta Izagirre erritmoari jarraitu ezinik gelditu ziren Croix des Moinantseko igoeran. Ihesaldia itxuraldatuz joan zen, batzuk atzean gelditu ziren bezala, beste batzuk aurrera iritsi baitziren. Hori horrela, Grosse Pierre eta Schlucht mendateetatik igaro ondoren, hamar txirrindulari zeuden tropelari izkin egin nahian, minutu eskasen aldearekin. Denetan alaien Giulio Ciccone (Lidl) zegoen, erabakita utzi baitzuen mendiko sailkapena.

Petit Ballonen, berriz, Thibaut Pinotek (Groupama) sentitu zuen bozkarioa. Etxetik hurbil zebilen, eta jendetza zeukan zain mendatearen bukaeran. Zaleak zoratu beharrean jarri ziren Pinot bakarrik iristean. Tom Pidcock (Ineos) eta Warren Barguil (Arkea) atzetik segika zituen. Pinotek azken Tourra du, eta atzoko irudiak ez ditu edonola ahaztuko. Harrapatu egin zuten Platzerwaselen, baina badira garaipenez harago doazen plazerak.

Bilbao, ahalegin betean

Faboritoak erasoan hasi orduko egin zuen iheslarienak. Pogacarrek piztu zuen sua, eta Vingegaardek eta Gallek jarraitu zioten. Geroago, Yates anaiak abiatu ziren, eta indartsuenekin bat egin zuten mendatearen ondoren zegoen sasiordekan. Bilbao gogotik saiatu zen aurrekoengana hurbiltzen, Rodriguezi eraso egin ostean. Lasterketa burukoek ihes egin zioten, ordea: 33 segundora iritsi zen, zortzigarren postuan.

Vingegaard garaipenerako lehian aritu zen Pogacarrekin. Azken bihurgunea hobe hartu zuen, eta buruan iritsi zen azken zuzengunera. Alabaina, esloveniarrak esprint bortitzagoa duela erakutsi zuen beste behin. Azkenean, Gallek ere aurreratu zuen Vingegaard. Danimarkarrari gorazarre egingo diote gaur, Parisen, Tourreko azken etapan. Etapa garaipena, urtero bezala, esprinterren artean jokatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.