Gaur hasiko da lehia, Australian

Hamabi euskal herritar ariko dira berriro maila nagusian. Jonathan Lastra da berritasun bakarra, eta Iñigo Elosegik koska bat jaitsi du.

enaut agirrebengoa
2023ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Dena prest da eliteko tropela lehiara itzul dadin. Gaur jarriko da martxan, Australian jokatzen den Down Under itzulian. Bertan behera geratu da azken bi urteetan, pandemiaren eraginez. Baina gauzak betikora itzuliko dira aurten, eta egutegiak ohiko itxura izango du. 35 probaz osaturik egongo da, eta, beti bezala, hiru itzuli handiak eta bost monumentuak izango dira lehia nagusiak. Munduko Txapelketaren eguna aldatu dute: abuztu hasieran jokatuko da, eta ez irail bukaeran. Alpecin eta Arkea lehen mailako talde gisa ariko dira, Israel eta Lottoren tokia hartuta.

Euskal Herrian Espainiako Vueltako bi etapa jokatuko dira, hamalaugarrena eta hamabosgarrena. Aurrez, zale euskaldunak saldoka aterako dira errepidera, Frantziako Tourreko lehen hiru etapetan. Bilbon abiatuko da, uztailaren 1ean, eta Euskal Herriko lurretan ibiliko da hiru egunez. Aurten maila nagusian ariko diren hamabi euskal herritarrek irteeran egoteko ametsa izango dute: Gorka Izagirrek, Alex Aranburuk, Imanol Erbitik, Oier Lazkanok eta Oscar Rodriguezek (Movistar); Mikel Landak eta Pello Bilbaok (Bahrain); Omar Frailek eta Jonathan Castroviejok (Ineos); Jon Aberasturik (Trek); eta Ion Izagirrek eta Jonathan Lastrak (Cofidis). Lastra da hasiberri bakarra; Iñigo Elosegi, bestalde, Movistarretik Kern Pharmara joan da.

Itzulia eta Donostiako Klasikoa ere munduko izar askoren bilgune izango dira. Evenepoel izan daiteke horietako bat. Klasikoaz gain, Munduko Txapelketa eta Vuelta ere irabazi zituen iaz, eta, aurten, Giroa du begiz joa, Roglicek bezalaxe. Tourrean lehia bizia izango da Pogacar eta Vingegaarden artean, eta klasikoetan ikuskizuna bermatuta dago Van Aert, Van der Poel, Alaphilippe eta enparauekin. Ikusteko dago Bernal bere onera itzultzeko gai ote den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.