Danel Agirre.
SASKI DA!

Choleteko uztai tolesgarriak

2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Azkarrago, zehatzago. Aurtengo Euroligan puntuen batez besteko altuena izan duten bost partaideetatik lau sailkatu dira asteburuko Gasteizko Lauko Finalera. Denboraldian kamutsen aritu den taldea, Buducnost, partidako 74,3 alerekin ageri da sailkapenean. Erasoak bizkortzearekin, zenbateko horrek etengabe egin du gora. Aspaldi ez dela, 2011-2012ko sasoiko Olimpia Ljubljanak saioko 58,9rekin amaitu zituen lanak udaberrian. Uztaiari begiratzen hasi baino lehen jabetzak agortzea lehenesten zuen saskibaloiaren arrastorik ez da geratzen, ez NBAn, ezta Europan ere. Egun, entrenatzaileek barneratuta dute jaurtiketa egoki bat agertu bezain pronto aprobetxatzea komeni dela, baita kontrolaren apologistarik egoskorrenek ere. Erritmoa etengabe suspertzeaz gain, hiruko saiakeretan ematen ari den zehaztasun handiagoa da markagailuen loraldia azaltzen duen bigarren aldagai nagusia. Aipatu duela zazpi urteko Olinpiak %24ko batez bestekoa zuen marraren atzetik (%39rekin, Siena izan zen onena sasoi horretan). Sasoi honetan, eskasen jaurti duen Darussafakak %32arekin bukatu du (zehatzenak, Fenerbahcek, %43 harrigarri batekin).

Bannisterren birrinketak. 1990. hamarkadan entrenatzaile batzuk —ez guztiek— sustatutako zekenkeria gainditzeko inspirazio eredu jo ohi dira joan den mende bukaeran Euroliga ezustean irabazi zuen Zalgiris hura, Pini Gershon, Vujcic, Parketen eta Jasikeviciusen Maccabi edota Pablo Lasoren Real Madril. Epaileen jardunaren eboluzioari buruz ere asko eztabaidatu da: egungo jokamoldeak falten kopuruak nabarmen beherantz egin dezan eragin du. Bada, halere, Europako saskibaloiaren bilakaera aztertzean batere arretarik jasotzen ez duen beste aldagai bat: atrezzoa. Urteekin, baloia, saskiak eta parketa guztiz estandarizatu dituzte lehiaketa serioenek. Egun, ezinezkoak dira Ken Bannisterren birrinketekin guztiz tolesten ziren Choleteko uztai ezin bitxiago haien 1994ko Europako Errekopako finalerdietako bezalako kasuak.

Ezohiko Lauko Finala. Baskoniazale beteranoak gogoan ditu —Manel Comasek Antoine Rigaudeau geldiarazten saiatzeko Pablo Lasori agindu defentsa eszentrikoa bezainbeste—mekanismo hidrauliko batekin modu ezohikoan doblatzen ziren saski haiek. Bigunak eta izugarri adeitsuak ziren jaurtitzaileentzat. Frantziako ligan zabaldu ziren hartan, eta emaitza pirriko samarrak ohikoak ziren boladan (1993ko Euroligako finala 59-55 amaitu zen eta 1994koa 59-57), markagailu askoz itxurosoagoak ahalbidetzen zituzten, eragile bakarra izan gabe ere. Ikuskizunarentzat bikainak ziren, alegia—Cholet hark 90 puntutik gorako batez bestekoa zuen etxean—. Mike Jones, Jose Vargas eta Baskoniaren beste arerio guztiak freskatu zizkion Saski Da!-ri memoriak, duela bi aste Anberesen jokatutako FIBAko Txapeldunen Ligako Lauko Finalaren harira. Zerbait oker zebilen susmoak hartu zuen lehenbiziko finalerdiko bosgarren minuturako. Huts egindako jaurtiketek modu oso zakarrean errebotatzen zuten uztaian, eta batez bestekoak barregarriak ziren ia. Asteburuko lau markagailuak 67-50, 70-54, 58-72 eta 73-61 izan ziren, erabat ezohikoak egungo eliteko Europako saskibaloian.

Jostailu japoniarra. Aipatu susmoa baieztatzeko modurik ez dago, protagonistek ez zuten kexarik azaldu uztaien inguruan. Sasoi honetako Txapeldunen Ligak, ordea, bere uste zahar bat sendotzeko balio izan dio kontu hauekin arras maniatikoa den Saski Da!-ri: Molten baloiarekin jokatutako txapelketetan (FIBArenak, Italiako Lega, LEB eta beste) puntu gutxixeago saskiratu dira oro har Spalding markarena erabiltzen dutenetan baino (Euroliga eta ACB). Moltenak egitura atipikoa du, larruzko hamabi panelduna, eta auzoko kantxetan ere orokortutako kexua da bere grip kaskarra, baita atzapar luzeak dituzten jokalarien kasuan ere. Uztaiaren gainaldean gehixeago labaintzeko joera ere badu. AEBetako selekzioko izarrek «jostailuzko baloi» deituta gaitzetsi izan dute. Etxe japoniarrak bertsio berria aurkeztu du Munduko Txapelketarako, heltzeko askoz errazagoa omen dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.