«Egon hadi lo, eta jango duk mehe». Esaera horren berri eduki izan balu, menturaz Vuelta podiumean bukatuko zukeen Miguel Angel Lopezek (Movistar). Ordea, arreta galdu zuen atzo, proba espainiarreko azken-aurreko etapan; noiz eta Adam Yatesek (Ineos) lasterketa apurtu zuenean. Atzean gelditu zen, eta, amorrazioaren poderioz, bizikletatik jaitsi eta lasterketa uztea erabaki zuen. Jack Haig (Bahrain) dago orain hirugarren. Australiarrak indartsuenekin batera egin zuen aurrera. Etapa, berriz, ez zuten haiek irabazi: elkarri begira geratu ziren azken igoeran, eta diru zorroa lapurtu zien Clement Champoussinek (Ag2r).
Zerra itxura zuen etaparen azken txanpak, bata bestearen atzetik igo behar zituzten bost mendaterekin. Hirugarren mailako Vilachan zen aurrenekoa, eta bertara 16 txirrindulari iritsi ziren buruan, ia hamabi minuturen aldearekin. Mikel Bizkarra (Euskaltel) izan zen ihes egin zuen euskal herritar bakarra. Maila handiko ziklistak zituen ondoan: Champoussin eta Lilian Calmejane (Ag2r), Romain Bardet eta Michael Storer (DSM), Ryan Gibbons eta Matteo Trentin (UAE), eta Mark Padun (Bahrain), besteak beste.
Gauzak bare ziren tropelean, harik eta Ineosek ekimena hartu zuen arte. Lasterketa nabarmen gogortu zen bigarren mailako Mabian. Belarriak tentetu egin zitzaizkien ihesaldikoei, aldearen erdia begi kliska batean galdu baitzuten. Berandu gabe hasi ziren elkarri oldartzen: Trentin jaitsieran saiatu zen, eta multzoa aletu egin zen Mougasen, mendaterik gogorrenean 9,8 kilometro eta %6,4ko pendiza.
Han piztu zen onenen arteko lehia ere. Ineos taldearen estutuari jarraipena eman zion Adam Yatesek, erasoari ekinez. Helmugarako 60 kilometro gelditzen ziren oraindik. Egan Bernal (Ineos) abiatu zen geroago, eta segidan, beste ahalegin bat egin zuen Yatesek. Saiatuaren saiatuaz, aurrera egin zuen britainiarrak, gurpilean Roglic, Enric Mas (Movistar) eta Gino Maeder eta Jack Haig (Bahrain) zituela. Komeriak, horrenbestez, Miguel Angel Lopezentzat (Movistar); estutu arren, ez zen kapaza izan aurkariekin berriro bat egiteko. Bernal ere atzean gelditu zen, baina, Yates aurrean zegoenez, Lopezen esku utzi zuen patata beroa. Etsiak erabat jo zion Movistarrekoari, eta Patxi Vila zuzendariak ezin izan zuen bere onera ekarri.
Roglicen multzoak harrapatu egin zituen pixkanaka iheslari guztiak, Gibbons izan ezik. Hegoafrikarrak Mougasen behera egin zuen eraso, eta Pradoko gaina gainditu ondotik, 1.30en aldearekin iritsi zen Castro de Hervillera, azken igoerara. Berehala gaineratu zitzaizkion oilarrak, baina haien arteko markaketak zabaldu egin zuen etaparen lehia. Erasoa jo, eta gelditu egiten ziren berehala. Bizkarra atzera eta aurrera eginez ibili zen, baina ezin izan zituen indartsuenak itsumustuan harrapatu; bai, ordea, Champoussinek. Sei segundo geroago helmugaratu zen Roglic, eta zortzira Yates eta Mas. Bizkarra zazpigarren izan zen, 23ra.
Roglicek bere hirugarren Vuelta irabaziko du gaur, Padron eta Santiago de Compostela artean jokatuko den 34 kilometroko erlojupekoan. Esloveniarra bera da saioa irabazteko faboritoa.
Ez dago loriarik lo gelditzen denarentzat
Champoussin nagusitu da Vueltako 20. etapan. Haig hirugarren jarri da, Lopez erretiratu ondoren. Roglic txapeldun izango da gaur

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu