Ez dute esan azken hitza

Ezkurdia-Tolosak 22-18 irabazi diete Altuna III.a-Martijari. Partida gogorra eta parekatua izan da

Joseba Ezkurdia, atzoko norgehiagokan egindako tantoetako bat ospatzen. IÑIGO URIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Badira pilota partida batzuk tantoengatik ikusgarriak direnak. Horiek dira pilotazale gehienek gustuko dituztenak. Baina horiek bezain ederrak izan daitezke gogorrak direnak ere. Azken horien adibide izan zen atzo Labriten Altuna III.a-Martijak Ezkurdia-Tolosaren kontra jokatu zutena. Lau pilotariak oso ondo aritu ziren. Ezkurdia-Tolosak irabazi beharra zuten txapelketan bizirik jarraitzeko, eta hortzak ondo estutu zituzten. Altuna III.a-Martijak, berriz, seigarren puntua bildu eta azken partidetan erakutsitako sendotasuna berretsi nahi zuten. Biek merezi izan zuten garaipena. Baina, azkenean, Ezkurdia-Tolosarentzat izan zen, gehien behar zuenarentzat. Txapelketako bigarren garaipena poltsikoratu, eta, zail duten arren, sailkatzeko aukera badute oraindik.

Lehen tantoak ondoren gertatuko zenaren isla izan ziren. Bi atzelariak sendo agertu ziren. Altuna III-a Martija aurretik jarri ziren 4-1. Baina gakoa aurreanzegoen. Ezkurdia hobeto hasi zen, eta sei tanto segidan egin ostean 7-4 jarri ziren aurretik Arbizukoa eta Tolosa.

Hastapen horretan, Ezkurdiak izugarri asmatu zuen. Bikotearen zortzi tantoetatik zazpi hark egin zituen. Hori ikusita, Altuna III.a-Martijak are argiago zuten estrategia: jokoa atzeko koadroetan kargatzea. Tolosak nola hala erantzun zuen, baina gero aurrean Altuna III.ak ez zuen barkatu: 9-8 gorrientzat.

Partida gogortuz joan zen tantoz tanto. Tentsio handia egon zen. Baina tanto ederrak ere izan ziren. Ikusgarria izan zen Altuna III.ak biparetaz egindakoa, bikotearentzat hamargarrena.

Ez bikote batek eta ez besteak ez zuten lortu partidaren aginte makila. Dena oso berdindua zegoen. Lan erdietara 11-11 iritsi ziren. Gehienez tanto baten aldea lortu zuen aurretik zihoan bikoteak. 15-15ekoarekin, partida txanpa erabakigarrian sartu zen. Hain neurketa gogorra izanda, fisikoak zeresan handia zuen, batez ere atzelarien artean. Hauspoa ederki bete zuten.

Hala ere, joan jarraitu zuten. Ederra izan zen Altuna III.a-Martijaren hamaseigarren tantoa. Atzetik iritsi egin zen Martija, eta gantxoz zabalera pilota joaz tantoa egin zuen.18-17 iritsi ziren aurretik Altuna III.a-Martija bigarren eten luzera. Baina lau tanto erreskadan egin zituzten. Ezkurdia-Tolosak. Altuna III.a-Martijari ekimen falta antzeman zitzaien, eta hor erabaki zen lehia.

Zumaian, ezustekoa

Atzoko beste partidan Irribarria-Rezustak 22-7 hartu zituzten mendean Elezkano II.a-Zabaleta.Behar zuten halako garaipen bat Irribarria-Rezustak. Izan ere, txapelketa hasieran erakutsitako itxura sendoa galtzen ari ziren.

Aurrean Irribarriak tanto ederrak egin zituen, eta atzean sendo aritu zen Albisu. Hasieratik ireki zuten zuloa. 12-4 egon ziren aurretik. Elezkano II.a-Zabaletak sakea berreskuratu zuen. Baina Elezkano II.ak falta egin zuen sakez. Liderrek ez zuten beren eguna izan atzo. Bide beretik segitu zuen norgehiagokak azken txanpan, eta ligaxkako bigarren neurketa galdu zuten, beraz, Elezkano II.a-Zabaletak.

Gaur jokatuko da jardunaldiko azken partida, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Sailkapenean hiru garaipen dituzten bi bikotek neurtuko dituzte indarrak: Jaka-Mariezkurrrena II.a Peña II.a Albisuren kontra. Biek behar dute garaipena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.