Ondo hastearen garrantzia

Ezkurdia-Tolosak 22-8 hartu dituzte mendean Peña II.a-Albisu, eta sailkatzeko aukerak dituzte oraindik. Baikoko bikotea ezinean aritu da neurketa osoan, eta bolada ona eten du

Joseba Ezkurdia pilotari jotzen, aurrean Jon Ander Peña duela, atzo, Labriten. IÑIGO URIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Ezkurdia-Tolosari sufritzea egokitu zaie Binakako Txapelketa honetako ia partida gehienetan. Atzokoan, ordea, Labriten txanponaren beste aldea bizi izan zuten. Gozatu egin zuten, hasi eta buka. 22-8 hartu zituen mendean Peña II.a-Albisu, eta ligaxkako hirugarren garaipena lortu zuten. Hala, sailkatzeko aukerekin segitzen dute oraindik, zail badute ere. Txapelketan lortutako hiru garaipenetatik bi atzoko kontrarioen aurka lortutakoak izan dira. Peña II.a-Albisuk hasiera txar bat izan zuten beste behin. Lau garaipen zeramatzaten erreskadan, eta atzo aukera aparta zuten gora begira jartzeko. Baina ez zen posible izan.

Bizi eta tentsio handiz hasi zen partida. Bi bikoteak jakitun ziren ondo hastearen garrantziaz, txapelketan asko kostatu baitzaie hori lortzea. Oso taktika kontrajarriak zituzten. Ezkurdia-Tolosak aurreko koadroetan jokatzea nahi zuten, eta Peña II.a-Albisuk, atzean.

Aspeko bikoteak lehen tantoetan partida bere alde jartzea lortu zuen: 7-1. Ezkurdia erauntsi baten pare aritu zen, eta tanto ikusgarriak egin zituen: bereziki hirugarrena zabalera egindakoa, eta laugarrena laugarren koadro parean paretan itxita zegoela lortutakoa. Arbizukoaren jardunak lasaitasuna eman zion atzean Tolosari. Baikokoak, berriz, kontrakarrean aritu ziren hasieratik. Urduri eta lotuta aritu zen Peña II.a lehen tanto horietan,presaka jokatuta. Ezkurdiaren jokoan erori zen. Albisuk, berriz, ezin izan zion etekina atera ohikoa duen joari, batez ere aurreko koadroetan jokatu baitzen neurketa.

Hamar minutu eskasean 10-2 ziren aurretik Aspekoak. Hamar tanto horietatik sei Ezkurdiak egin zituen. Peña-Albisu saiatu ziren joera aldatzen. Partidaren erritmoa gelditzen ahalegindu ziren, eta Peña II.a gutxiago sartu zen aurreko koadroetan. Baina ez zuten lortu beren helburua, Ezkurdiak nahi bezala agindu baitzuen. Tolosa ere serio aritu zen atzeko koadroetan.

Badira egunak ezer irteten ez dena, eta hori pasatu zitzaien neurri batean Peña-Albisuri. Horren seinale, Ezkurdia-Tolosaren hamabigarren tantoa. Zailtasunik gabeko pilota bat gora bidali zuen Albisuk. 12-2koarekin iritsi ziren aurretik Aspekoak eten luzera. Bueltan, ordea, artean ez bezala, hiru akats egin zituzten segidan: 12-5. Bazirudien hori izan zitekeela Baikokoak berriz partidan sartzeko aukera. Baina ez zen hala izan, Albisuk aukerako beste pilota bat galdu baitzuen hurrengo tantoan, eta hor eten zen haien erreakzioa.

Peña II.a-Albisu, ezinean

Partida zertxobait gogortu arren, Ezkurdia-Tolosak ondo eutsi zioten. Ernegatuta ikusten zitzaion Baikoko bikoteari, berriro ere hasiera txar batek zamatuta ari zirela jakitun. Argigarria izan zen seigarren tantoa egin zuenean Peña II.ak egindako amorru keinua. Zabalera eta pilotari abiadura emanez egin ahal izan zuen bakarra izan zen atzoko partidan.

Azken txanpan partida ez zen aldatu. Alderantziz, Peña II.a-Albisuk behartu gabeko akats gehiago egin zituzten, ezintasunaren poderioz, eta Aspeko bikoteak bere nagusitasuna berretsi zuen.

Herenegun, Laso-Imazek 22-15 hartu zituzten mendean Elezkano II.a-Zabaleta Hendaian (Lapurdi), eta tantoen aldeagatik lehen postuan jarri dira. Gaur jokatuko dira 11. jardunaldiko beste bi partidak. Etxebarrin (Bizkaia) Urrutikoetxea-Arangurenek Irribarria-Rezustaren aurka neurtuko dituzte indarrak, eta Donostian Altuna III.a-Martijak Jaka-Mariezkurrenar II.aren kontra arituko dira.

Irribarria-Rezustak eta Altuna III.a -Martijak irabaziz gero, zazpigarren garaipena izango da bientzat, eta are gehiago estutuko da sailkapena goiko postuetan. Izan ere, lehen lau bikoteak berdinduta geratuko dira zazpi garaipenekin. Urrutikoetxea-Aranguren eta Jaka-Mariezkurrena II.a, berriz, lehia estuan daude, finalerdietako atariko kanporaketak jokatzeko azken lekua lortzeko, eta garaipena behar dute.

Ados pilotak antolatutako binakako txapelketan bosgarren jardunaldia jokatzen ari da asteburu honetan. Atzo, Lizarran (Nafarroan ), Iturriaga-Egañak 22-9 irabazi zieten Iturza eta Azpeitiari eta Lopez-Santosek 22-8 Etxeberria-Iraetari.

Gaur jokatuko dira jardunaldi honetako beste bi norgehiagokak Beasaingo (Gipuzkoa) Antzizar kiroldegian (12:00). Iantzi-Etxenikek Etxeberria-Iraetaren aurka jokatuko dute, eta Etxekolenea-Mujikak Kortazar-Ezeizaren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.