Pilota. Buruz buruko finala

Markari eutsi, edo markak hautsi

Jokin Altunak eta Aitor Elordik buruz buruko finala jokatuko dute gaur, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Amezketarra aterako da nabarmen faborito, baina finalak arrisku handia duela ohartarazi dute adituek

Jokin Altuna eta Aitor Elordi, finalerdietako ligaxkan elkarren aurka jokatu zuten partidan. 22-18 irabazi zuen Altuna III.ak Astelenan. GORKA RUBIO / FOKU.
jon eskudero
2023ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Egungo izarra batetik, eta urtebetean jauzirik handiena eman duen pilotaria bestetik. Horiexek neurtuko dira gaur buruz buruko finalean, urteko egunik handienean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan (ETB1, 17:15). Lau egunen aldea besterik ez dute bi protagonistek. 1996ko martxoaren 23koa da Aitor Elordi; lau egun geroago, martxoaren 27an jaiotakoa da Jokin Altuna. Kasik ez dute alderik adinean, baina aldea ezarri nahi dute kantxan, eta txapela helburu dutela lehiatuko dira. Garaipen zerrendan badute aldea, banaka hirugarren txapela bailuke gipuzkoarrak. Estreinakoa bizkaitarrak. Berme gehiago ematen duelako edo, oso faborito izango da Altuna III.a, eta apustu etxeetan nabarmen dago dirua haren alde. Euro bakoitzeko 30 zentimo ordaintzen dute haren garaipena; bi euro eta hogei zentimo Elordirena. Baina aditu denek ohartarazi dute arrisku handia duela finalak, eta partidan edozer gertatzea espero da.

Final guztietan ohikoa den legez, bakoitzak nolako eguna duen ikusi beharko da lehenbizi, eta urduritasunari nola egiten dioten aurre. Gakoa izango da presioa egoki kudeatzea. Nola ez, esperientziak urrea balio du halakoetan, eta Altuna III.a nagusi da horretan. Pentsa: 27 urte besterik ez, eta hamahirugarren finala izango du. Inork ez ditu hainbeste final jokatu sekula adin horrekin. Zehazki, zazpi final jokatu ditu amezketarrak lau eta erdian—hiru txapel ditu-, final bat binaka —txapeldun izan zen— eta hiru buruz buru. Banakakoetan 2018an irabazi egin zion Aimar Olaizolari, eta 2021ean baita ere Beñat Rezustari. Banaka galdu duen final bakarra 2020koa izan zen, Erik Jakaren kontra. Porrot hura mugarria izan du gerora. «Final gehiago izango ditut galduak irabaziak baino, eta, emaitzaren gainetik, jokoari erreparatzen ikasi dut», aitortu izan du Altuna III.ak berak. Oraingoz, hamabi final ditu jokatuak, eta sei irabaziak.

Elordiren nahia ere lasai kantxaratzea izango da. Esperientziari erreparatuta, garaipen zerrenda apalagoa du, eta final handietan ez dago hain ohitua. 2016an profesionaletara jauzia egin zuenetik seigarren finala izango du. Sei horietatik lau promozio mailan jokatu ditu. 2019an txapeldun izan zen binaka, eta txapeldunorde buruz buru. 2020an lau eta erdian irabazi zuen txapela, eta berriz ere finala galdu zuen buruz buru. Lehen Mailako final bakarra aurten jokatu du, binaka, Jose Javier Zabaletarekin. Podiumaren gorenera igo ziren Elordi eta biak. Gaurko finalari begira, oraingoz ez du lo arazorik izan mallabitarrak. «Egun normal bat bezala hartzen saiatuko naiz», aitortu du asteon.

Errazena teoria izaten da; ordea, beste gauza bat da praktika. Harmailak ia beteta izango dira, musika bidezko aurkezpen eta bestelakoak ere antolatu dituzte, eta zaila izango dute pilotariek tenpleari eustea. Biak dira hezur haragizkoak. Gainera, Elordiren kasuan, presioa edo irabazteko beldurra azaldu izan zaio orain arteko partida batzuetan. Unai Lasoren eta Dario Gomezen aurka, besteak beste, aise joan zen irabazten, eta azkenean kosta egin zitzaion 22 tantora heltzea. Dena den, adibiderik garbiena Altuna III.aren aurka ligaxkan jokatu zuen norgehiagoka da. 15-18 aurretik zihoan mallabitarra, eta galdu egin zuen azkenean: 22-18. Huraxe izan zen txapelketako orain arteko partidarik onena, eta, ondorioz, aurreikuspenak handiak dira gaurko finalerako.

Frontoia, lehorragoa

Final-laurdenetako ligaxkako partida hura Eibarko Astelenan izan zen, eta erabat ezberdina da Bilboko Bizkaia pilotalekua. Pilota askoz gehiago luzatzeko eta loratzeko aukera ematen du, eta baliteke horrek Elordiri mesede gehiago egitea. Hori bai, lehia uste baino gehiago gogortu daiteke fisikoki. Biak dira erasoan trebeak eta tantoa bukatzen artistak, baina, frontoiaren ezaugarriak aintzat hartuta, sufritzen ere jakin beharko dute. Hauspoak berebiziko garrantzia izango du. Partidaren hasierak izango duen bezala. Pilotak berriak eta distiratsu daudelarik, aparteko bizitasuna ezarri ohi du kantxan bizkaitarrak. Oso bizi irten ohi zaio pilota eskutik, eta horixe baliatzen saiatuko da. Hori bai, ez du ezerk itsutuko Altuna III.a. «0-6 galtzen hasteko prest nago», aitortu du aste honetan. Bururik ez galtzea ezinbestekotzat jotzen du gipuzkoarrak. Eta, noski, sakeak ere berebiziko garrantzia izango du. Biek ateratzen diote etekina sakeari, teknika dotore menderatzen baitute. Gai dira luze, motz, ezker horman itsatsita edo zabalera ateratzeko. Ea nor den ausartena.

Dudarik gabe, bete-beteko finala izango da, eta harmailetako giroa ere ez da atzean geratuko. Hiru autobus helduko dira Bilbora Mallabitik, eta beste hainbeste Amezketatik. Tronuari eusten ahaleginduko da Altuna III.a, eta olatu aparretan jarraitzea izango du xede Elordik. Oraingoz, jakina zera da: Irujok jantziko diola txapela irabazleari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.