Italiako Giroa

Benetako mehatxua da

Ganna nagusitu da Giroko erlojupeko luzean, eta Almeidak sendotu egin du lidergoa. Keldermanek eta McNultyk ere urrats handia egin dute. Hainbestean aritu da Bilbao, eta hirugarren jarraitzen du

Benetako mehatxua da.
enaut agirrebengoa
2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Italiako Giroa hasi aurretik, inor gutxik jo zuen Joao Almeida (Deceuninck) garaipenerako hautagaitzat. Portugaldarra indarrez iritsi da gorengo mailara, baina ezinezkoa zirudien bere lehen itzuli handian izar nagusien pare aritzea. Erlojupeko itzel batekin abiatu zuen lasterketa, eta hirugarren etapan bere egin zuen maglia arrosa, Etnan. «Jolasetan besterik ez dabil», pentsatuko zuten faboritoek. Ordea, lidergoari tinko eutsi dio ordutik. Buru-buruan agertu da etapa garrantzitsu guztietan. Jada ezusteko gonbidatutzat jo zitekeen. Eta atzo benetako mehatxu bihurtu zen, 34 kilometroko saioan aurkari gehienak astinduta: 1.22 atera zion Pello Bilbaori (Bahrain), 1.23 Vincenzo Nibaliri (Trek), 1.30 Domenico Pozzovivori (NTT) eta 1.42 Jakob Fuglsangi (Astana).

Gertuago izan zuen Wilco Kelderman (Sunweb), hamasei segundora. Herbeheretarra inoiz baino erregularrago dabil, eta Almeidak noiz kale egingo zain dago maglia arrosa eskuratzeko. 56 segundora dago. Bilbao lehen erlojupekoan baino apalago aritu zen, baina eutsi egin zion sailkapeneko hirugarren postuari. Lidergoa 2.11ra urrundu zaio, ordea.

Etapa, nola ez, Filippo Gannak (Ineos) irabazi zuen. Oraintxe ez du parekorik bakarkako lanean, eta horren erakusgarri izan zen atzoko erakustaldia. Arazoak lehen zatian zegoen kilometro bateko aldapa tentean izan zitzakeen —%12,3ko pendiza zuen, baina airean igo zuen. Denborarik onena ezarri zuen mugarri horretan, baita gainontzekoetan ere. 42.40an gelditu zuen kronometroa helmugan, eta haren marka bukaeraraino izan zen indarrean. Hala, itzuli handi batean ostadarrarekin bi erlojupeko irabazten dituen bigarren ziklista bihurtu zen. Lehena Fabian Cancellara izan zen, 2010eko Tourrean. Italiarrak jada hiru etapa lortu ditu aurtengo Giroan, eta beste aukera bat izango du azken eguneko erlojupekoan.

Bigarren Rohan Dennis (Ineos) izan zen, Gannarengandik 26 segundora. Eta hirugarren, eguneko ezusteko nagusia: Brandon McNulty (UAE). Erlojupeko harrigarria egin zuen, eta, garaipena 1.09ra gelditu zitzaion arren, gainontzeko hautagaien oso gainetik izan zen. Esaterako, Bilbaori 1.44 atera zion. Atzetik izan zuen Almeida bera, seigarren postuan, hamabi segundora. Hala, estatubatuarrak zazpi postu igo zituen sailkapen nagusian, eta laugarren jarri, gernikarrarengandik hamabi segundo eskasera. Jonathan Castroviejo (Ineos) izan zen euskaldunik onena; zortzigarren izan zen, Gannarengandik 1.44ra.

Etenaren aurreko estutua

Bosgarren Nibali dago, liderrarengandik 2.30era; seigarren, Rafal Majka (Bora), 2.33ra, eta atzerapen bera du pilatua Pozzovivok, sailkapeneko zazpigarrenak. Pozik izateko moduan da italiarra, ez baitzuen gehiegizko galerarik izan. Fuglsang aritu zen makalen faboritoen artean, eta hamabigarren postura egin zuen atzera. Lidergoa 4.08ra du jada.

Almeidak suzko probatzat du joa gaurko etapa. Txirrindulariek lau mendate igoko dituzte 185 kilometrotan: bigarren mailako hiru, eta bukaerako Piancavallo, lehen mailakoa (14,3 kilometro eta %7,9ko pendiza). Hortzak estutzeko eguna izango da, azken atseden egunaren eta PCR proben balizko galbahearen aurretik. Ostegunean eta ostiralean 512 egin ziren, eta ez zen positiborik izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.