Eutsi dionak lortu du garaipena

Jaka-Mariezkurrenak II.ak 22-21 irabazi diete Laso-Imazi, Binakako Txapelketako hirugarren jardunaldian. Ikusgarria izan da lehia amaiera

Jaka-Mariezkurrena II.a garaipena ospatzen. IÑIGO URIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Eusteak eta sufritzen jakiteak ordaina du batzuetan pilotan, eta hori argi geratu zen atzo Lizarrako Remontival pilotalekuan. Joan-etorri handiko neurketa jokatu zuten Jaka-Mariezkurriena II.a eta Laso-Imaz bikoteek, Binakako Txapelketako hirugarren jardunaldian. Amaiera ikusgarria izan zuen norgehiagokak, eta,azkenean, Jaka-Mariezkurrena II.arentzat izan zen garaipena, Jakak egindako azken tanto bakain baten ostean. Horri esker, txapelketako lehen puntua lortu zuten.Ederki ospatu zuten, eta partida osoko tentsioa askatu.

Neurketa parekatua izan zen. Nork jo, hark hartu zuen aurrea markagailuan. Gorriz jantzita,Jaka-Mariezkurrena II.a hasi ziren nagusitzen (4-0), baina tantoak aurrera, suspertzera egin zuten Laso-Imazek, eta partida ireki egin zen. Bederatzi tanto segidan egin zituzten, aurrera hartzeraino. Baina orduan amaitu zen lorpen segida.

Pilota zuenak egin zituen tantoak. Halaxe izan zen neurketaren lehendabiziko zatian. Galde Lasori, bestela. Jaka-Mariezkurrena II.aren abantaila murrizteko asmoz aritu zen Bizkarreta-Gerendiaingoa, eta lortu zuen berandu baino lehen bere legea ezartzea. Markagailua izan zen horren ispilu. Dena den, pozak ez zien gehiegi iraun. Estutu egin zen norgehiagoka, nabarmen, eta tantoak banan-banan egiten hasi ziren bi bikoteak. Horrek mesede egin zien Jaka-Mariezkurrena II.ari. Erosoago moldatu ziren Lizarrako kantxan, eta horrek eragina izan zuen.

Iraupeneko proba baten parekoa izan zen. Aurrea nabarmen hartuta ere, beste bikoteak handik gutxira lortzen zuen gerturatzea.

Hala iragan zen demaren zatirik handiena, eta are gehiago berdintzeko joera hartu zuen. Tarteak tarte, hamalauna berdindu zuten. Beste partida bat hasi zen orduan; nork asmatuko, hura garaile. Atzelariak ondo aritu baziren ere, Jakaren eta Lasoren arteko buruz burukoa bilakatu zen partida. Aurreko koadroak bizitu zuen jokoa.

Hori nabaritu zen pilotarien jardunean. Banan-banan ailegatu ziren hurrengo tantoak ere; oraintxe Lasok, oraintxe Mariezkurrenak. Une erabakigarria ailegatu ahala, garrantzi handiagoa hartu zuten bakoitzaren saialdiek.

Azkenen tantoak tentsio handikoak izan ziren. 19-19arekin, tanto ederra egin zuen Lasok. Amorruz ospatu zuen, ondo baitzekien garrantzitsua zela: 19-20urdinentzat. Hurrengoa ere ederra egin zuen Bizkarreta-Gerendiaingoak, zabalera. Baina 22.a eskura zuela, txokora bidali zuen pilota behera joan zen. Hor agertu zen Jaka, eta garaipena gorrientzat izan zen.

Atzo jokatu ziren bestalde, Matienako frontoian, Emakume Master Cupeko pilota goxoko finalak. Bigarren Mailan Eider Zubizarretak 18-4 irabazi zion Lide Lopezi; Lehen Mailan, berriz, Leire Etxanizek 22-5 hartu zuen mendean Ania Oronoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.