Zaleekin biribiltzeko aukera

Eibarrek Betisen aurka jokatuko du gaur Ipuruan, ahalik eta sailkapenik onena lortzeko asmoz

Aitor Manterola Garate.
2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Denboraldi honetan Ipuruari agur esaten hasiko da gaur Eibar, etxeko azken-aurreko partida duelako azken-hirugarren jardunaldi honetan. Betisen aurka izango da, ordu berrian (14:00), eta sasoi honetan bere zelaian egindako lan on guztia biribiltzeko aukera dauka. Ez hori bakarrik, baita mailari eusteko ziurtasuna erabat lotzekoa ere. Polita litzateke zaleen aurrean egitea azkeneko urrats txiki hori, eta horretarako irabazi egin behar. Festa giro polita sortuko litzateke Eibarrek gaur partida irabazten badu. Aurreko lan ona biribiltzea litzateke.

Garaipena etxean geratuko dela pentsatzeko heldulekuak badaude. Ipuruako ia partida guztietan, joko ona egin du Jose Luis Mendilibarren taldeak, eta horri esker, 29 puntu batu ditu. Gehiago ere izan zitezkeen, baina orain alferrik da ez daukan horretaz gogoratzea. Oraindik lor dezakeenari heldu behar dio, eta garbi asko esan du zer den hori Mendilibarrek: «Klubak mailari eusteko helburua dauka, baina guk ahalik eta sailkapenik onena lortu nahi dugu. Ez baita gauza bera hamargarren geratzea edo bederatzigarren geratzea».

Beste behin ere ez dauka entrenatzaileak non aukeratu handirik, lehen taldeko hamazazpi jokalari soilik dituelako jokatzeko moduan, eta horietako bat, gainera, Kike Garcia da. Sudurra hautsi zioten Huescan duela aste eta erdi, eta gaur aurpegiko babesgarri batekin aritu beharkoda. Mari bigarren taldeko euskarria gaur ere deialdian da. Jokatzeko moduan, ziurrenik, betiko 4-4-2 marrazkiaren alde egingo du, Valentzian aurrelari bakarrarekin jokatuta oso lan ona egin bazuen ere taldeak. Bi aurrelariena Betisen jokatzeko moldeak eragindakoa ere izango da, baloia atzetik jokatu zalea baita. Horrek erraztu egiten du Eibarren presioa, eta gaur ere kostako zaie kanpotarrei eroso ibiltzea.

Nork ez du gogoan aurreko denboraldiko 5-0eko emaitza handi hura? Hankapean ibili zuen Eibarrek Betis, eta, emaitza alde batera utzita, bi taldeek orduan bezala jokatzen segitzen dutenez, ez harrituko orduko hartako moldeko partida izatea gaurkoa ere. Betiere, nabarmenduz horrek ez duela zertan bermatu iazko emaitza bera izatea.

EIBAR-BETIS

Eibar. Dmitrovic; De Blasis, Oliveira, Sergio, Jose Angel; Orellana, Escalante, Jordan, Cucurella; Enrich eta Charles.

Betis. Joel; Sidnei, Bartra, Feddal; Emerson, Carvalho, Guardado,Junior; Lo Celso, Joaquin eta Jese.

Epailea. Iglesias Villanueva.

Lekua. Ipurua (7.083 ikusle).

Ordua. 14:00etan (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.