Onena ematea da omenaldi onena

Rezustak eta Altuna III.ak buruz buruko finala jokatuko dute gaur. Batek bigarren txapela nahi du; besteak, lehena, atzelari batek azkenekoz irabazi eta hemezortzi urtera

Jokin Altuna eta Beñat Rezusta, ostegunean Miribilla frontoian egindako pilota aukeraketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Ez du samurra izan behar lankide eta lagun bati zegokion saria jasotzeak, are gutxiago haren zorigaitzaren ondorioz baldin bada. Baina Beñat Rezustak ez du inolako kulparik Iñaki Artolak min hartu eta buruz buruko finala jokatzeari uko egin izanarena. Zoritxarrez, kirolaren parte dira lesioak ere. Inor ez dago salbu. Bergarako (Gipuzkoa) atzelariak, gainera, oso argi utzi du Artolak jokatzea nahi zuela. Alegiako (Gipuzkoa) aurrelariak bere erabakiaren berri eman aurretik eta ondoren esan du. Baina araudiak dio hark ordezkatu behar duela Artola finalean, hark jokatu behar duela gaur Jokin Altunaren aurka Bilbon, Miribilla pilotalekuan (17:00, ETB1). Beraz, ez dago bere buruarekin lasai eta bakean kantxaratzea eragotz diezaiokeen arrazoirik. Bere finala dela sinetsita irtengo da, bere onena ematera. Hain zuzen, barruan duten onena ematea: horixe da hark eta Altuna III.ak Artolari egindiezaioketen omenaldirik onena. Baikoko pilotaria, gainera, harmailan izango da, eta podiumera igoko da, hirugarren sailkatu gisa.

Desiratutako moduan izan ez bada ere, aukera ederra du parean Rezustak: aurreneko aldiz ariko da Lehen Mailako banakako final batean —Promozio Mailako buruz burukoa irabazi zuen, 2014an—. Aspaldiko bolada eten du: 2008an Abel Barriolak finala jokatu zuenetik, ez zen aritu atzelari bat buruz buruko txapela ematen duen partidan. Garaipena lortuko balu, Patxi Ruizi hartuko lioke lekukoa. Lizarrakoa (Nafarroa) da banakakoan txapela irabazi duen azkeneko atzelaria: 2003an, Aimar Olaizolaren aurka. Rezustak bi txapel irabazi ditu, baina biak binaka: 2017an, Iker Irribarriarekin; eta 2019an, Danel Elezkanorekin. Lehenbizikoa nahi du banaka.

Bere onena eman beharko du. Bestela, nekez hartuko du mendean Altuna III.a. Berdin dio buruz buru elkarren aurka jokatutako lehia bakarrean atzelariak irabazi izanak: 22-14, 2017ko final-laurdenetan —Irribarriak kanporatu zuen gero finalerdietan—. Berdin dio Artolaren aurka galdu aurretik bergararrak Oinatz Bengoetxea (22-14) eta Elezkano II.a (22-8) bezalako buruz buruko pilotari trebeei nagusitasun handiz gailendu izanak. Berdin dio Jose Javier Zabaletari laugarren eta posturako partidan aukerarik eman ez izanak (22-8). Berdin dio horrek guztiak. Altuna III.a da faborito nagusia. Egundoko ezustea litzateke hark ez janztea txapela.

Zergatik? Amezketako (Gipuzkoa) aurrelariak oso gutxitan egiten duelako huts. Azken lau urteetan egin duenari erreparatu besterik ez dago. Banaka jokatu dituen azkeneko zortzi txapelketetatik, bakarrean ez da iritsi finalera: Irribarriak final-laurdenetan kanporatu zuen 2019ko buruz burukoan. Jokatu dituen sei finaletatik hiru irabazi ditu: 2017ko eta 2020ko lau eta erdikoak, eta 2018ko buruz burukoa. Inork ez du haren pareko erregulartasunik.

Altuna da faborito

Aurkari latza da Altuna III.a, berea ematen duenean ere nekez galdu ohi baitu. Iaz Erik Jakaren aurka galdutako buruz buruko finala da horren adibide argia. Amezketakoak (Gipuzkoa) jota amaitu zuen partida, haren ustez, ez zuelako inongo momentutan berea eman. Jakak bai, eman zuen, eta, hala ere, gogotik sufritu zuen, eta gutxigatik irabazi: 22-20. Horrek agerian uzten du zenbat kostatzen den Altuna III.ari irabaztea.

Aurten, gainera, koska bat gorago ibili da buruz burukoan. Bikain gainditu zuen Joseba Ezkurdia aurreneko partidan (22-16), final kutsuko neurketan. Garaipen handi hark hauspotuta iritsi zen Zabaletaren aurkako partidara. Atzelariak frontoitik atera zituen Axier Arteaga eta Dario Gomez, baina Altuna III.ak hankapean izan zuen une oro. Aukerarik ez zion eman: 22-8. Horrek agerian uzten du oso konpletoa dela, eta ezin hobeto moldatzen dela partida bakoitzak eskatzen duen jokamoldera. Berdin dio parean aurrelari bat edo atzelari bat duen: beti daki nola jokatu, eta, gehienetan, jakin bakarrik ez, egin egiten du, bikain egin ere. Hark du presio handiena, baina ohituta dago jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.