Bata, gorenean; bestea, igotzen

Realak lidergoa sendotu gura du euskal derbian; Athleticek, hazten jarraitu. Biek partida bana galdu dute sasoia hasi denetik

JON URBE / @FOKU.
haritz gallastegi
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Ikusmin handia sortu du Realak eta Athleticek gaur Anoetan jokatuko duten derbiak (21:00, LaLiga). Bi taldeak indartsu iritsi dira denboraldiko partida nagusietako batera. Realari ezin zaio gehiago eskatu. Lehen postuan dago, eta orain arte lortu duen guztia merezita eskuratu du. Ligako ezusteko nagusietakoa da. Talde ona izatetik orain arteko onena izatera igaro da. Txapelketaren lehen laurdena jokatu dela aintzat hartuta, ezin daiteke esan kasualitatea denik: ereindakoa jasotzen ari da. Athleticen lana ere ez da makala. Talde lehiakorra izatetik talde irabazlea izatera pasatu gura du. Oraindik goiz da urrats hori egin duen baieztatzeko, baina bide onetik doa. Partidatik partidara talde osoagoa dela erakusten ari da.

Realak ligako lehen partida galdu zuen, Camp Noun. Ordutik ez du porrotik ezagutu: zazpi neurketa irabazi ditu, eta hiru berdindu. 24 puntu pilatu ditu guztira. Talde osoa da, fidagarria; Imanolen eskutik etengabe hazten ari dena. Erasoko jokoaren eta defentsaren arteko oreka lortu du. Arlo guztietan da aberatsa, eta aurrean baliabide asko ditu, baita gola egsar dezaketen futbolari asko ere. Joa dauka. Zelai erdian sormen handia du, eta defentsan sendoa da oso. Partida askotan lortzen du atea hutsean mantentzea. Gabezia gutxi ditu, eta, gainera, konfiantzaz gainezka dago. Edozeinek jokatzen duela ere, ez da nabaritzen: guztiak aritzen dira ondo. Horri esker, bere mailan aritzen denean irabazi egiten du, eta bere onena ematen ez duenean ere puntu asko eskuratzen ditu. Eta, gaur, harmailaren babesa izango du. Arlo horretan ere asko hobetu baitu klub txuri-urdinak: gaur egun, puntuak irabazten dituen harmaila bat da Anoetakoa.

Athleticek ere partida bakarra galdu du Ligan, baina, Realari ez bezala, zuri-gorriei asko kostatzen zaie garaipenak eskuratzea. Gol sena falta zaio; sortzen duen guztiari etekin gehiago ateratzea, alegia. Hala ere, hazten ari da: Marcelinok buruan duena zelaian islatzen hasi dela dirudi. Azken denboraldiotan erakutsi legez, defentsan sendo jarraitzen du. Gol gutxien jasotzen duen taldea da. Baina hori ez da nahikoa sailkapeneko goiko postuetan egoteko. Erasoan nabari da itxuraldaketa: Athletic zuzena, azkarra eta bizia izan da azken neurketetan. Aukera asko sortu ditu. Williamsen abiadurak eta, batez ere, Muniainen sormenak asko eman diote taldeari. Kapitaina aske ari da mugitzen erasoan, eta horrek mesede egin dio taldeari. Baina oraindik goiz da baieztatzeko onenen artean egongo den edo ez. Azken partidetako maila sarri erakutsi beharko du horretarako. Gaur aukera ona dauka.

Hamaikakoei dagokienez, Realean Mikel Oiartzabal ez da osatuta helduko gaurko derbira, eta Imanolek deialditik kanpo utzi du. Gainerakoan, txuri-urdinek ez dute atseden hartzeko tarte handirik izan, baina aukera asko daukan taldea da. Athleticen, berriz, Vivian izango da hutsune nagusia: erdiko atzelaria ikusgarri aritu da, Espanyolen kontra min hartu zuen arte. Dani Garcia, IƱigo Martinez, Balentziaga eta Berenguer hamaikakora itzuliko dira. Zalantza bakarra da ea Sancetek edo Raul Garciak jokatuko duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.