Elena Hualde

Makila eskuan, eta ibili munduan

Golf profesionalean lehen urratsak egiten ari da Hualde. Halere, lehen denboraldi honetan torneo bat irabaztea du helburu. Erregulartasuna du bertuterik onena.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Saudi Arabian, Hegoafrikan eta Thailandian bost txapelketa jokatuta abiatu du Elena Hualdek (Iruñea, 1998) bere ibilbide profesionala. Europako Emakumezkoen Zirkuituan ari da, LPGA mundu osoko zirkuitu garrantzitsuenaren azpiko mailan, hain justu. «Hasiera hau eromena izan da, baina ikaragarri gustatu zaidan eromen bat». Kenyan jokatu behar zuen bere ibilbide profesionaleko lehen txapelketa, baina, COVID-19a harrapatu, eta lau astez atzeratu behar izan zuen debuta. «Gogorra izan zen beste lau aste itxaron behar izatea, baina halakoa da pandemia garaiko bizitza».

Gorraitzeko golf klubean (Eguesibar, Nafarroa) entrenatzen da, eta datorren astean jokatuko den Madrilgo erkidegoko torneoa prestatzen ari da bertan azken egunotan. 3 urte dituenetik joaten da hara gurasoekin. «Nire gurasoek aspaldidanik jokatzen dute golfean. Familiako kirola dela esan daiteke». Jesus Mari Legarrea zen bere gurasoen entrenatzailea, baita berea ere. «Hasi nintzenetik berarekin aritu naiz, eta oso pozik nago». Gorraitzen ez ezik, tarteka Ultzamako (Nafarroa) golf klubean ere entrenatzen da.

Etxean dagoenean eguraldiari so egon ohi da, horren arabera erabakitzen baitu noiz entrenatu eta noiz ez. «Iruñean, eguraldiagatik, asko egokitu behar ditut entrenamenduak. Negu garaian, goizean joaten naiz entrenatzera, eta tenperaturak gora egiten duenean egiten dut golfeko lan saioa. Astean bost aldiz joaten naiz gimnasiora».

Amerikako Estatu Batuetan zaildutako golf jokalaria da Hualde. Bertan bizi izan zen lau urtez, Ingeniaritza Industrialeko ikasketak egin bitartean. Iazko maiatzean bueltatu zen etxera. «Aukera handia da bi gauzak aldi berean egiteko. Hemen ezinezkoa litzateke. Unibertsitateko golf zirkuituan jokatzen nuen, eta bi astez behin txapelketa izan ohi genuen». Aurrerantzean etxetik kanpo denbora asko emango badu ere, ez da horren beldur: «Etxetik kanpo denbora luzez egotearen sentsazio hori ez da berria izango. Halere, ezberdina da, hemendik aurrera ez baitut, nolabait esatearren, bizileku finko bat izango. Torneo batetik bestera joango naiz, munduko punta batetik bestera».

Estreinako torneoa Saudi Arabian jokatu zuen, eta onartu du txapelketa hasi aurretik «urduri» zegoela: «Nahiko neska lasaia nahiz, baina lehen kolpea eman arte urduri nengoela nabaritzen nuen». Lehen kolpea emanda pasatu zitzaizkion urduritasunak, ondo pasatu ere, txapelketako lehen mozketa gainditu baitzuen. «Jauzi handia da. Honek ez du amateur zirkuituarekin zerikusirik».

Lehen urratsak baino ez dira, baina jada urduritasunak anbizioari egin dio tokia. «Ikasi egin behar dut, baina ez diot neure buruari mugarik jarri nahi. Anbizio handiko kirolaria naiz, eta aurten torneo bat irabaztea helburu bat da. Zeure buruari onenekin lehian egoteko aukera eman behar diozu, eta asteren batean ziur lor dezakedala garaipena». Luze gabe, Solheim Cup txapelketa jokatu nahiko luke, eta, luzera begira, LPGA zirkuitura iritsi, onenekin jokatzeko.

Anbizio handiko kirolaria da, eta, golflari gisa, «erregulartasuna» da bere bertuterik handiena. «Bolari oso zuzen jotzen diot, eta lasaitasun handiarekin jokatu ohi dut. Oso erregularra naiz». Zelaitik kanpo antzekoa da. «Lasaia, irribarretsua eta gutxi larritzen den pertsona naiz. Beti dago gauzak hobetzeko tartea, aurrez egindakoa konpontzeko beti falta dira zuloak. Izaera hori nire jokatzeko moduari transmititzen diot».

Kirol «bakartia»

Teknikarekin batera, arlo mentala da gehien lantzen duen esparrua, torneorik gertu ez dagoenean. «Golfa oso kirol mentala baita, eta egoera bati eta besteari irtenbideak ematen ikasi behar duzu. Ezin duzu kolpe jakin baterako prestatu, baina halako egoeretara ohitu behar duzu, momentu erabakigarrian irtenbiderik egokiena hartu ahal izateko». Golfa kirol «perfekzionista» eta «bakartia» da, Hualderen ustez: «Esan daiteke zure kontra baino ez duzula jokatzen, besteek egiten dutena ez baitago zure esku. Zure aurka jokatzen duzu. Kirol hau maite dut, eta gustatzen zait hain indibiduala izatea, onerako zein txarrerako. Sentsazio eta erantzukizun hori gustatzen zait».

Espainiako Golf Federazioaren bekari esker egin ahal izan ditu lehen urratsak. «Oso lagungarria izan zait, hastapenetan diru asko behar baita. Kirol garestia da. Bidaiek garestitzen dute, luzeak eta egun askokoak izaten direlako. Txapelketak ostegunetik igandera izan ohi dira, baina gu astelehen edo asteartean bertan izan ohi gara». Baldintzetara «egokitu» eta zelaia «ondo ezagutzeko» baliatzen dituzte txapelketa aurreko egun horiek. Edonola ere, postu onak lortuz gero dirua irabazten dela nabarmendu du nafarrak.

Egun ez du babeslerik, baina espero du «aurki» baten batek bere aldeko apustua egitea. 32 txapelketak osatzen dute Europako zirkuitua, eta 25 inguru jokatzeko asmoa dauka. «Madrilen jokatuko dut hurrengo torneoa, eta gurasoak han izango dira. Gainera, aitak caddie lanak egingo dizkidala uste dut. Ondoren Thailandian eta Frantzian jokatzeko asmoa dut». Hartu du makila eskuan, eta hasi da, golfaren bitartez, mundua ezagutzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.