Txapeldunordea ere, kanpora

Jakak 22-13 hartu du mendean Urrutikoetxea. Atzetik hasi da Aspeko pilotaria, baina sakeari eta pilotari eman dien abiadurari esker lortu du garaipena, eta finalerdietan da

Urrutikoetxea pilota jotzen, alboan Jaka duela. ARITZ LOIOLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Ezohiko buruz burukoa izango zela behin eta berriz aipatu zen aurkezpenean. Bada, horri ezustekoz betetakoa dela ere gehitu dakioke. Bai, behintzat, jokatzen ari diren final-laurdenetako kanporaketa hauetan. Herenegun Iker Irribarria txapelduna geratu zen kanpoan, Darioren kontra 22-13 galdu ostean. Atzo, emaitza berarekin galdu zuen txapeldunordeak, Urrutikoetxeak, Jakaren kontra. Faborito argi zirenek galdu egin dute. Tentuz ibili beharko dute gaur Elezkano II.ak eta Ezkurdiak.

Garai bateko pilota,n joak erabakitzen zuen. Orain ere badu bere garrantzia, baina, Altuna III.ak edo Ezkurdiak ezarritako jokatzeko estiloari esker, abiadura gero eta garrantzi gehiago hartzen ari da. Soka horretakoa da Jaka ere, eta, hain zuzen ere, atzo horrek eman zaion garaipena. Horrek eta buruz burukoan beti hain erabakigarria den sakeak. Aurreko asteburuan, final-zortzirenetan, baino dezentez hobeto jokatu zuen, batez ere erritmo biziagoa eman ziolako pilotari, eta sakean asmatu egin zuelako. Gaurko Elezkano II.a-Agirre partidako irabazlea izango du aurrean datorren asteburuan finalerdietan Jakak.

Partida ez zen hasi berak nahi bezala, hala ere. Urrutikoetxeak ondo ekin baitzion lehiari, tantoak luzatuz eta ondo landuz, fresko, presarik gabe. Komeni zitzaion hala jokatzea. Gogor joan ziren lehen tanto horiek. 6-2 aurreratu zen Baikokoa. Baina jokoan sartzen hasi zen Jaka, eta tantoz tanto partidaren norabidea aldatu zuen.

Bere pilotakadei abiadura gehiago ematen hasi zen, eta ohikoa duen bizitasuna emanez jokoari. Jakitun zen hori komeni zitzaiola partida irabaztea nahi bazuen. Ondo sakatu, eta erasokor aritu zen, azkar tantoa bilatuz, boleaz zein zabalera pilota botaz. Hainbat tanto ikusgarri egin zituen, eta 9-2ko partzial batekin 11-8 jarri zen aurretik.

Horrek konfiantza eman zion. Urrutikoetxeari, berriz, besoa uzkurtu zitzaion, eta zalantzak sortu zitzaizkion. Lehen tantoetako freskotasuna galdu zuen, bai fisikoki baita buruz ere. Baikok bi pilotari baino ez zituen final-laurdenetan, eta aurrera egiteko ardurazuen. Txapelketakolehen partida izatearen urduritasuna ere sumatu zitzaion.

Ordu arteko neurketako alderik handiena lortu zuen Jakak 15-10ekoarekin. Urrutikoetxea ahalegindu zen berriro ere tantoak gehiago luzatzen, ea horrekin neurketa hasierako sentipen onak berreskuratzen, Partidari buelta emateko zirrikitua aurkitu nahian ibili zen.

Baina Jaka ez zegoen joko horretan sartzeko prest. Hala, Zaratamokoari aukera bakarra geratze zaion, partidaren norabidea ikusita: arriskatzea.Saiatu zen horretan, eta pare bat tanto egin zituen erreskadan, markagailua 17-13 jarriz. Baina Jakak ez zuen partidak ihes egiterik nahi, eta ederra izan zen gantxoarekin egin zuen 18-13koa.

Etenaldia eskatu zuen hor Urrutikoetxeak. Baina alferrik izan zen, Jakak erreskadan egin baitzituen lau tanto, eta garaipena lortu zuen. Hor ere bikain jokatu zuen aurreko koadroetan.

Lizartzako pilotaria pozez kabitu ezinik zegoen neurketa amaieran. «Urrutikoetxeari bere frontoi kutunean, Bilbon, irabaztea, oso zaila da. Aurkaria eta txapelketa kontuan hartuta, nire kirol ibilbidean lortu dudan garaipenik handienetakoa da. Hemen ez da ezer bukatzen. Indarrak berreskuratu, eta datorren asteburuan pentsatzen hastea tokatzen da dagoeneko».

Jakak onartu zuen hasieran Urrutikoetxea hobeto aritu zela. «Atera duen pilotarekin min handia egin dit, sufritzea tokatu zait. Baina banekien hori gerta zitekeela, eta airez jakin dut defentsaz ondo erantzuten, eta sakean asmatzeari esker buelta eman diot partidari. Ezin dut gehiago eskatu».

Jaka «gehiago» izan zela onartu zuen Urrutikoetxeak. «Asko kostatu zait haren sakei erantzutea, eta ez dut asmatu pilota ezkerparetan jartzen. Hor egon da gakoa. Amaiera arte borrokatu naiz, baina ez da posible izan».

Gaur, Astelenan

Final-laurdenetako azken bi norgehiagokak gaur jokatuko dira, Eibarko Astelena pilotalekuan (17:00, ETB1). Bertan, lehen partidan nor baino nor gehiago arituko dira Elezkano II.a eta Agirre. Baikok txapelketara aurkeztu zituen sei pilotarien artean Agirre da geratzen zaion bakarra. Aurreko asteburuan ezustekoa eman zuen Bengoetxea VI.a kanpoan utzita, eta gaur ere horretan saiatuko da, eta enpresak pilotari bat finalerdietan izateko, behintzat.

Ondoren jokatuko da final-laurdenetako partidarik erakargarriena eta parekatuena, Ezkurdiak eta Altuna III.ak jokatuko dutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.