Osasun onean da berriz

Jokatzeko era aldatu, eta azken partidetan suspertu egin da Osasuna. Alor guztietan izan du aurrerabidea: eraginkor dabil aurrean, eta sendo atzean. Hala jarraitu nahi du bihar, Sevillaren kontra, 21:00etan (La Liga).

Osasunako jokalariak, Budimirrek Levanteri sartutako gola ospatzen. M. B. / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Indar betean hasi du Osasunak bigarren itzulia. Irabazi egin ditu azken lau partidetatik hiru, eta, horri esker, zazpi postu igo ditu sailkapenean: hemeretzigarren iritsi zen lan erdietara, eta hamabigarren dago orain. Atzean utzi du garaipenik gabeko hamahiru partidako bolada, azken bi denboraldietan arrakastarantz eraman duen lehiakortasuna berreskuratuta. Jagoba Arrasatek aldaketak egin ditu arbelean, galdutako argitasunaren eta orekaren bila, eta bete-betean asmatu du. Atzelariak sendo dabiltza; erdilariak, eroso; eta aurrelariak, eraginkor. Horiek horrela, gorritxoak edonori irabazteko gai sentitzen dira orain. Gainera, zortea ere irribarre egiten hasi zaie. Hots, goitik behera aldatu dira Nafarroako taldearen joera eta egoera.

AURRELARI BAT GUTXIAGO...

Osasuna gozakaitz zebilen bi aurrelariko sistemarekin. Gorritxoen jokoa oso erraza zen aurreikusten, baloiak behin eta berriro jokatzen baitzituzten luze, aurrelarien garaiera baliatu nahian. Hori horrela, Arrasatek lema biratu zuen Elxen zelaian, puntan jokalari bat kenduz eta zelai-erdian bat gehiago ipiniz. Hobekuntza agerikoa izan da geroztik: azken hamar partidetatik bi baino ez dituzte galdu nafarrek. Jokoak zentzua berreskuratu du, irmotasuna eta kontraerasoak erdigunean jarrita. Torroren itzulera funtsezkoa izan da plan berria gauzatzeko, aingura gisa egonkortasun handia ematen baitio taldeari. Euskarrian hura izanda, beste erdilariek askatasun handiagoa dute presioa aurreratzeko eta erasora batzeko. Gorritxoak gehiago ari dira jokatzen motzean, eta hobe jarduten dute horrela, baloikaden bidez baino.

...BAINA GOL GEHIAGO

Zelaian den aurrelari kopuruak ez du zertan baldintzatu talde batek golak sartzeko duen gaitasuna. Kontrara, Osasuna jo handiagoa ari da izaten puntan jokalari bakarra duela, eta aurrelariak gehiago ari dira gozatzen bakarka. Callerik erruz egiten du lan, baloi bakoitza azkena balitz bezala borrokatuz, eta golak nahiko sarri ari da sartzen: hiru sartu ditu jokatu dituen azken zortzi partidetan. Ez dira zifra makalak, baina are hobeak dira Budimirrenak. Kroaziarrak baloi bat sareratzen du 126 minutuan behin, eta azken lau partidetan sartu dituen lau golek bederatzi puntu eman dizkiote taldeari. Konexio berezia ezarri du Kike Barjarekin: lau gol horietatik bitan noaindarrak eman dio azken pasea.

IRMOAGO ATZEAN

Osasunari puntu askok egin diote ihes defentsan eginiko akatsen eraginez. Gorritxoen atzeko lerroa hauskorregia izan da neurketa askotan, eta gutxirekin min handia egin diote aurkariek. Alabaina, arazo hori konpontzen ari da pixkanaka. Lerroak asko aurreratuta jokatu izan du Arrasaterekin, baina orain atzerago ari da defendatzen, goian noizbehinka presio egiten duen arren. Defentsek geroz eta segurtasun handiagoa igortzen dute, eta Aridaneren berragerpenak are gehiago irmotu du nafarren atzeko lerroa. Kanariarrak goitik ia gaindiezina den bikotea osatzen du David Garciarekin. Bestalde, Nacho Vidal bere onera ari da itzultzen, eta Juan Cruz neurria ari zaie hartzen taldeari eta mailari. Atepean, berriz, geldiketa erabakigarriak ari da egiten Sergio Herrera.

HAIZEA ALDE DU ORAIN

Gurpil zoroan sartuta egon dira gorritxoak. Konfiantzarik ez zuten apenas, eta zoritxarra erakartzen zuten behin eta berriz: golak unerik mingarrienetan sartzen zizkieten, epaileen erabakiek usuki kaltetzen zituzten… Bazirudien mirari bat behar zutela partida bat irabazteko. Bada, Granadaren kontra apurtu zuten dinamika hori, eta Eibarren eta Levanteren aurkako garaipenek joera aldaketa berretsi dute: Gipuzkoarren kontra, azken hatsean sartu zuten garaitzeko gola, eta ezerezetik hiru puntu atera zituzten Levanteren zelaian. Sareetara bidali zuten erasoan sorturiko aukera bakanetako bat, eta, gero, Sergio Herrerak gelditu egin zuen Juan Cruzek eragindako penalti inozoa. Lehen, neurketa hori ez zuketen inolaz ere irabaziko, baina haizea alde dute orain.

ERIZAINDEGIA HUSTEN

Gainera, lesioen izurria ere ari dira gainditzen, luzerako min hartutako jokalariak osatzen ari baitira apurka. Brasanac, adibidez, prest egongo da biharko norgehiagokarako, bi hilabetez zelaietatik kanpo egon ondoren, eta Jony ere berandu gabe itzuliko da lehiara. Bestalde, Chimy Avila hasia da gainontzeko taldekideekin batera lan egiten; Roncagliak eta Ruben Martinezek itxaron egin beharko dute oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.