Albistea entzun

Beste presidente bat egongo da

Aitor Elizegik jakinarazi du ez dela berriro aurkeztuko Athleticeko lehendakari izateko. Bazkideek ez dituzte onartu haren kudeaketa eta denboraldi honetarako aurrekontua

Julen Etxeberria -

2021eko urriak 24

Ibaiganeko besaulkiak maizter berria izango du. Aitor Elizegi ez da berriz aurkeztuko Athleticeko presidente izateko. Talde zuri-gorriak atzo egin zuen bazkide konpromisarioen batzar nagusia, eta hari hasiera emateko egindako lehenbiziko hitzaldian jakinarazi zuen Elizegik ez dela aurkeztuko denboraldia bukatutakoan egitekoak diren presidentetzarako hauteskundeetara. «Argi izan: azkeneko aldiz defendatuko dut aurrekontu bat atril honetatik», esan zuen.

Elizegik ustekabean harrapatu zituen gehienak, baita haren zuzendaritzako zenbait kide ere. Hauteskundeei begira haren asmoez galdetuta, ezer gutxi adierazi zuen Elizegik atzo arte. Ez zegoen argi berriz ere aurkeztuko zen edo ez. Baina atzo zalantza guztiak uxatu zituen. Halere, argi utzi nahi izan zuen gertutik jarraituko duela Athletic, eta edozertan laguntzeko prest dagoela. «Nagoen tokian nagoela, beti egongo naiz zuen ondoan».

Elizegik, beraz, lau urte baino gutxiago egingo ditu karguan. Athleticeko bazkide konpromisarioek 2018ko abenduaren 27an aukeratu zuten presidente. 85 botorengatik besterik ez zitzaion nagusitu Alberto Uribe-Etxebarriari. Inoiz ez zen horren alde txikia egon talde zuri-gorriaren lehendakaritzarako hauteskunde batzuetan. Eta horrek asko zaildu dio agintaldia, behin baino gehiagotan erakutsi baitiote haren desadostasuna bazkide konpromisarioek. Horrek eta COVID-19aren pandemiak eragindako egoera ekonomiko larriak makina bat buruhauste eragin dio. Pentsatzekoa da horrek guztiak garrantzi handia izan duela berriz ere ez aurkezteko erabakian.

Baina berriro ez dela aurkeztuko esateak ez du aldatu bazkideek harekin daukaten desadostasuna. Atzo ere beste muturreko bat jaso zuen hura buru duen zuzendaritzak. Bazkide konpromisarioek ez zuten onartu ez aurreko denboraldiko kudeaketa, ezta sasoi honetarako aurrekontua ere. Kudeaketari dagokionez, 492 bazkidek eman zuten kontrako botoa, eta 381ek aldekoa; aurrekontuari dagokionez, berriz, 478 azaldu ziren kontra, eta 402 alde. Horren barruan zegoen bazkideei eskatutako 120 euroko diru laguntza. Aldiz, bazkideek baiezkoa eman zieten aurreko denboraldiko kontuei: 520 alde eta 368 kontra.

Hala, Elizegik eta haren zuzendaritzak ezohiko batzar batera deitu beharko dute berriro, aurrekontua aurrera ateratzeko. Hori egin bitartean, ezingo dituzte abonuak kobratu.

Osasunan, berriz, hauteskunde batzarra aukeratu zuten atzo, eta Luis Sabalzak esan zuen berriz aurkeztuko dela presidente izateko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Oinatz Bengoetxea, pilota jotzeko prest, joan den otsailean, Binakako Txapelketako partida batean. Iñaki Artola ordezkatu zuen zazpi partidatan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eginikoaz «oso harro», badoa

Julen Etxeberria

Oinatz Bengoetxeak urtarrilaren 29an jokatuko du azkeneko partida profesionaletan, Labriten. Leitzarrak bere kasa jokatzen jarraituko du gero, urrira arte, hogei urteko kirol ibilbidea osatzeko

 ©TIM DE WAELE

«Ilusio berriak piztu zaizkit Caja Ruralekin fitxatu ondoren»

Eñaut Agirrebengoa

Caja Ruralen «txirrindulari izaten» ikasi zuen Nievek, afizionatu legez, eta hara itzuliko da bere ibilbide luze eta oparoaren azken txanpan. «Gozatzea» izango du xede, emaitzak zehatzak lortzea baingo gehiago.

<b>Jon Azkue, jaurtitzen, atzo.</b> ©GORKA RUBIO / FOKU

Azken segundoan galdu du Bidasoak Plocken aurka: 28-29

Berria

Irundarrak gai izan dira bisitarien zazpi golen aldea hutsean uzteko, baina ihes egin die gero berdinketak

Athletic argitasunik gabe beste behin

Athletic argitasunik gabe beste behin

Ainara Arratibel Gascon

Zuri-gorriek 0-0 berdindu dute Getafaren zelaian. Lehen zatian jokoaren ekimena izan dute, baina argitasuna falta izan zaie. Bigarren zati kaskarra jokatu dute, ordea. Zazpi jardunaldi daramatzate irabazi gabe.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.