Behekoa erabakita, goikoa zehaztea falta

Ezkurdia eta Tolosa sailkatu dira kanporaketarako. Gaur erabakiko da zer beste bikote sailkatzen den zuzenean finalerdietarako

Joseba Ezkurdia, pilotari jotzen, atzo Zallan jokatutako partidan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Herenegun Jaka-Mariezkurrena II.a kanpoan geratu eta gero, argitu da zer beste bikotek ez duen aurrera egingo Binakako Txapelketan: Urrutikoetxea-Aranguren. Haientzat izan da ifrentzua; aurkia, berriz, Ezkurdia-Tolosarentzat. Ia ezinezkoa zirudiena lortu baitute: kanporaketa jokatzea. Gauza bakarra geratzen da, beraz, argitzeko ligaxkan, eta gaur argituko da. Altuna III.a-Martijak irabaziz gero, zuzenean finalerdietan izango dira, jada bertan diren Elezkano II.a-Zabaletarekin batera. Bestela, leku hori Irribarria-Rezustarentzat izango da.

Beheko postuetako lehia Zallako frontoian (Bizkaia) zegoen. Urrutikoetxea-Arangurenek irabazten bazuten, haiek egingo zuten aurrera txapelketan, eta bestela, Ezkurdia-Tolosak. Ezkurdia eta Tolosa ziren faborito, behetik gora baitzetozen txapelketan. Ia txapelketatik kanpo geratu eta gero, haientzat bikaina zen azken jardunaldira aukeraren batekin iristea. Kontrako bidean zetozen Urrutikoetxea-Aranguren, ligaxkako lehen itzulian lau partida irabazi ostean bigarrenean punturik batu gabe baitziren.

Asko zuten jokoan bi bikoteek, eta hasieratik antzeman zen. Urrutikoetxea-Aranguren nagusi izan ziren partidaren lehen erdian. Neurketaren aginte makila izan zuten. Ezkurdiari kosta egin zitzaion lehian sartzea, eta horrek ez zion lagundu atzean Tolosari. 3-0ekoaren ostean, 9-3 ere egon ziren aurretik Baikokoak. Lan erdietan, 11-4ko abantaila zuten.

Baina atseden luzetik bueltan, gauzak aldatu egin ziren. Tantoz tanto, aldea jaten joan zitzaien Aspeko bikotea. Partida gogortuz joan zen, eta, Ezkurdiak aginte makila hartu ahala, Tolosa ziurrago aritu zen. 15-16 jarri ziren aurretik. Eskura zuten norgehiagoka ihes egiten ari zitzaien Urrutikoetxea-Arangureni, eta urduri antzeman zitzaien. Partida parezpare iritsi zen azken txanpara, eta hor biribildu zuten sailkapena Ezkurdia-Tolosak: 22-20.

Irribarria eta Rezusta zain

Oraindik zehazteko dagoena goikolehia da. Irribarria-Rezustak nahikoa zuten, Labriten, Peña II.a-Albisuri irabaztea zuzenean finalerdietarako sailkatzeko. Baina ez zuten lortu: 22-14 galdu zuten.

Peña-Albisuk bazekiten ez zutela aukerarik zuzenean finalerdietan jokatzeko, eta derrigorrez kanporaketa bat jokatu beharko zutela. Bada, presiorik gabe jardun zuten, eta horrek mesede egin zien. Kontrakarrean aritu ziren, berriz, Irribarria-Rezusta. Lotuta. Etanahiz eta partidaren erdian aldea apur bat murriztu zuten, Peña-Albisuri ez zien garaipenak ihes egin.

Horrenbestez, azken partida irabazteak uzten duen aho zapore onarekin ailegatuko dira datorren asteburuko kanporaketetara. Irribarria-Rezustak, berriz, ez zituzten etxeko lanak egin, eta telebistari, irratiari edo sare sozialei adi egotea egokitu zaie.

Gaur, Tolosan (Gipuzkoa), Altuna III.a-Martijak galtzea behar dute. Bestela, azken horiek egingo dute aurrera. Laso-Imaz izango dituzte kontrario. Horiek 22-0 edo 22-1 irabazi beharko lukete aurrera egiteko. Horrenbestez, ia ezinezkoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.