Italiako Giroa

Fruitu gozoak sartu dituzte saskian

Yatesek irabazi du Giroko orain arteko etaparik erabakigarriena, eta Carapaz jarri da lider. Landak eta Bilbaok 36 segundo galdu dituzte onenekin, baina aurrera egin dute nagusian

Fruitu gozoak sartu dituzte saskian.
enaut agirrebengoa
2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Zirrara falta zitzaion aurtengo Italiako Giroari. Goi mendiko etapa ia guztiak azken astean dira lehiatzekoak, eta, horregatik, faboritoak indarrak gordetzen ari ziren egunetik egunera. Onenen ikuskizuna gehiegi ari zen atzeratzen. Atzokoa 14. etapa zuen lasterketa italiarrak, eta ez zirudien faboritoak xaxatzeko bezain menditsua. Bada, usteak erdia ustel.

Izan ere, Bora taldeak zuhaitza gogor astindu zuen, eta usteletik gutxi duten fruituak jaso zituzten Simon Yatesek (Bike Exchange) eta Richard Carapazek (Ineos): etapa bereganatu zuen batak, eta maglia arrosa besteak, Juanpe Lopezen (Trek) kalterako. Mikel Landari eta Pello Bilbaori (Bahrain) ere sufritzea egokitu zitzaien, baina galera gutxitzea lortu, eta aurrera egin zuten sailkapenean: laugarren eta seigarren jarri ziren, hurrenez hurren.

Garaipenak aho zaporea gozatzeko balio dio Yatesi. Irabaziz ekin zion Giroari, baina belaunean hartutako kolpe batek jokoz kanpo utzi zuen. Etapa ehizean hasi behar. Eta zeregin horretan maisua da; atzokoarekin, seigarren garaipena du Giroan. Borak harrotutako uretan egin zuen arrantza, Carapazek bezala. Huts egin zion taldeak, desagertu egin baitziren Ineoseko beste ziklista guztiak. Haatik, Ekuadorkoa bikain moldatu zen bere kasa.

Oso urrundik egin zuen eraso, Supergan, helmugatik 28 kilometrora, eta ahalegina ez zen antzua izan. Jai Hindley (Bora) eta berpiztutako Vincenzo Nibalirekin (Astana) batera iritsi zen helmugara, Yates baino 15 segundo beranduago. Hindleyk irabazi zuen esprinta, baina esku hutsik gelditu: ihes egin zion etapak nahiz lidergoak.

Saria merezi zuen Bora taldearen eginahalak, hankaz gora jarri baitzuen lasterketa. Superga aurrenekoz igo aurretik hartu zuen lema, artean ia 70 kilometro gelditzen zirela. Hala, ihesaldia berehala gelditu zen ezerezean. Hamabi lagunek egin zuten ihes etapa hasiera zoroan eta bizian; tartean ziren Ivan Ramiro Sosa (Movistar), Alessandro Covi (UAE) eta Diego Rosa (Eolo), mendiko liderra. Tropelak ez zien ameto eman. Oilarrentzako eguna zen. Giroa gori-gori zegoen oilategian: Superga gainera hamabi ziklista besterik ez ziren iritsi. Atzean gelditu zen Guillaume Martin (Cofidis), nagusiko bosgarrena, eta atzerago Alejandro Valverde (Movistar). Joao Almeidak (UAE) eutsi egin zuen, nola edo hala.

Maddalenako malda tenteak igaro, helmugatik pasatu, eta zirkuituko azken birari ekin zioten, beti Boraren agintepean. Hasi ziren berriro Superga igotzen, eta Carapaz, Hindley eta Nibali nabarmendu ziren. Lopez itsutu egin zen haiei jarraitu nahirik, eta kiskali egin zen. Landa ere eguzki galdatan erretzen hasia zen. Denek bat egin zuten berriro, eta, barealdiaren erdian, ekaitza piztu zuen Carapazek. Ez zion inork ihardetsi. Maddalenara 25 segundorekin iritsi zen Ineoseko liderra. Han erabat sakabanatu zen lasterketa. Hamalau kilometro falta zirela, Hindleyk harrapatu egin zuen Carapaz, eta, hortik gutxira, Nibali eta Yates batu zitzaizkien. Azken koskan egin zuen eraso ingelesak, eta bakarrik iritsi helmugara. Landak eta Bilbaok 51 segundoko atzerapena izan zuten harekin.

Sailkapena, estu goialdean

Gauzak estu daude sailkapen nagusian: minutu baten bueltan daude lehen bost sailkatuak. Carapazen atzetik Hindley dago, zazpi segundora; gero Almeida, 30era; eta laugarren dago Landa, 59ra. Bilbaok, berriz, 1.52ko atzerapena du. Gaur ere buruz buru ariko dira faboritoak, Rivarolo Canavese eta Cogne lotuko dituen etapa menditsuan. Lehen mailako bi mendate igoko dituzte, et,a 177 kilometroak ixteko, bigarren mailako Cognen bukatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.