Futbolak batzen omen baitu

Mai Garde eta Oier Sanjurjo Osasunako kapitain ohiei Iruñeko Zapia jantzi die Iruñeko alkateak. Sanjurjoren ordez, bere gurasoak joan dira ekitaldira. Batasunaren Pribilegioa ospatu dute hirian.

Mai Garde Osasunako kapitain ohia, atzo, Iruñeko udaletxeko harrera aretoan, Enrique Maia alkateak Iruñeko Zapia jantzi zionean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Batasunaren irudia eman nahi izan zuten atzo Iruñean. 599 urte dira Erdi Aroko hiru burguak hiri beraren bueltan bildu zirela. Nafarroako Karlos III.ak sinatutako Batasunaren Pribilegioak ekarri zuen batasunak indarrean jarraitu du ia sei mendez, eta hori zen ospakizunaren zioa. Udaletxean ere, batasuna: udalbatzaren ordezkaritza zabal-zabala agertu zen, aho batez hartutako erabakia berrizenpetzera-edo. Hedabideak ere, ohi baino gehiago. Erdigunean, futbola. Are, Osasuna; XXI. mendeko hiria batzen omen duen ikurra. Futbolaren aldeko aldarri bat, gizartea batzen duelakoan. Mai Garde eta Oier Sanjurjo Osasunako kapitain ohiak omentzeko bildu ziren denak harrera aretoan. Enrique Maia alkateak zuen Iruñeko Zapia emateko ardura.

Garde eta Sanjurjo ziren atzoko omenduak, baina Sanjurjok ezin izan zuen zapia jasotzera joan; arratsaldean partida bat jokatu behar zuen bere talde berriarekin: Zipreko AEK Larnaka taldearekin. Bere gurasoek jaso zuten, bere ordez. Garde bai, agertu zen, familiaz inguraturik. Zapia ez ezik, Batasunaren Pribilegioa irudikatzen duen eskultura ere eman zien alkateak.

«Zorionak», lehenbizi, Maiaren ahotan. Ondoren, batasunaren ideia, berriz: «Sariaren erabakia aho batez hartu dugu, eta horrek asko esaten du saridunez, Mai eta Oier, eta baita Osasuna gure klub maiteaz ere. Osasunaren zaletasun sentimenduan denak bat gatoz, zorionez, Nafarroan eta hiri honetan». Osasunari buruz lehenbiziko pertsonan aritu zen Maia hitzartzean, zaleek egin ohi duten bezala, eta omenduen lan ibilbidea goraipatu zuen.

Denak bat eginik, zelaian izan ezik; Sanjurjo eta Garde bi taldetan aritu baitira iragan denboraldira arte: gizonen taldean bata, eta emakumeenean bestea. Ez baita gauza bera gizonen futbola eta emakumeena; Garde neska gazteei zuzendu zitzaien esker mezuan: «Eskerrak eman nahi dizkiet hiriari, aitortza honengatik, bidelagun izan ditudan pertsona guziei, eta futbolean edo beste edozein kiroletan jokatzeko ametsa duten neska guziei; elkarrekin hazten, gozatzen eta amesten jarraitu dezagun». Gardek onartu zuen futbola bere «pasio handia» izan dela, eta ingurukoei esker lortu duela lan ibilbide hori egitea. «Beti saiatu naiz txikitan erakutsi zizkidaten balioen arabera jokatzen, jakinda geroz eta haur gehiagok jarraitzen gaituztela: zelaian borrokatu, buru-belarri aritu eta dena eman; zelaitik kanpo errespetua, laguntasuna eta zuzentasuna».

Zipretik Euskal Herrira

Sanjurjoren hitzak aitak irakurri zituen, Rafael Sanjurjok. Hura baizik ez zen euskaraz aritu. «Seguru nago sari hau merezi duen jende eta erakunde asko daudela, baina denek badakigu zer eragin duen futbolak gizarte honetan». Hala ere, «txundituta» agertu zen, batez ere hiriko haurrentzat «eredu» direla esan baitzuen udalbatzak. «Niretzat hori da garrantzitsuena, eta zaindu beharrekoa». Hori aipatu zuen Maiak ere: «Eskatu zaizuen guzietan gizarte aferetan inplikatu zaretela nabarmendu nahi dut; bereziki [Garde] zure kasuan, berdintasunari lotutakoetan».

Familia argazkiarekin bukatu zen ekitaldia, udaletxeko ezkaratzean. Handik karrika ikusten zen, egun arrunt bateko giroa, Batasunaren Pribilegioarena ez baita jai eguna Iruñean. Besta ez zen faltatu, aitzitik. Arratsaldean erraldoiak, dantzariak eta musikariak atera ziren kale horietara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.