Erronka zaila dauka

Athleticek Bartzelonari egingo dio bisita gaur. Ez du irabazi Camp Noun jokatu duen azken hogei aldietan; hirutan baino ez du berdindu

haritz gallastegi
2022ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Athletici Camp Nou edo Santiago Bernabeu bisitatzea egokitzen zaionean indarra hartzen du Joaquin Caparrosek talde zuri-gorriko entrenatzailea zenean botatako esaldi batek: «Dentistari bisita egitera goaz», esan zuen. Inork joatea gura ez, eta derrigorrez egin beharreko bisita da. Oraingoan, Bartzelona bisitatuko du talde zuri-gorriak, gaur, 21:00etan (Movistar La Liga). Inbertsio handia egin ostean, aro berriko asterik gaitzenari buelta emateko ahaleginean ari da Kataluniako taldea: Txapeldunen Ligan jarraitzeko ia aukera barik geratu da, eta Real Madrilen kontra galdu du. Hala ere, oso indartsua da.

Bartzelonari zerbait falta zaio Europako talde onenen kontra lehiakorra izateko, baina ez du asko behar gainerako talde gehienei irabazteko. Ez ditu puntu asko galduko Espainiako Ligan, eta etxean ia garaiezina izango da. Baina indartsuenek ez dute beti irabazten, ezusteak egoten dira, eta Athleticek jardunaldiko protagonista izateko esperantza du. Baina gaitza izango da, Athleticek ez baitu irabazi Camp Noun jokatu dituen txapelketako azken hogei aldietan: hirutan berdindu du, eta hamazazpi aldiz galdu.

Baina dena ez da txarra. Estatistika hobeak ere badaude. Adibidez, zuri-gorriek ez dute etxetik kanpo galdu denboraldi honetan: bi irabazi dituzte, eta beste bi berdindu. Gainera, lortutako puntu guztiak merezitakoak izan dira: Athletic lehiakorra izan da. Bistan da aurkarien mailak gora egin ahala gehiago ari zaiola kostatzen irabaztea, baina ez da parean izan dituen taldeak baino gutxiago izan. Gaur, orain arteko azterketarik zailena izango du.

Ez dago batere argi nola eta zein jokalarirekin egingo dion aurre Ernesto Valverdek norgehiagokari. Athletic talde ausarta izan da orain arte: aurrean presionatu du, eta, horretarako, defentsan arrisku handiak hartu ditu. Bartzelonaren kalitatea duen talde baten kontra bitan pentsatu behar da arriskatzeko orduan, baina, era berean, atzean sartzeak aukera gutxi ematen du punturen bat batzeko. Valverdek ia ez du hamaikakoan aldaketarik egin orain arte, ezta taldeak freskatzea eskatzen zuenean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.