Literatura

«Fikzioa da egia bakarra»

Zinema independentearen eta 'trash' kulturaren izen handietako bat da John Waters. Idazlea ere bada, eta 'Role Models' eta 'Carsick' ditu lanik aipagarrienak, auto-stopeko bizipenez eta jendailaz betetakoak.

John Waters, zale bati txaketan bertan sinatzen, 1990eko maiatzean, Bostongo Arte Eskolan, AEBetan. DAVID HENRY.
2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Kultuko trash (zarama) kulturaren zinegile aitzindaria da John Waters (Baltimore, AEB, 1946). William S Burroughs idazleak, hain zuzen, «zaborraren aita santu» izendatu zuen, Watersek bere ibilbidearen hastapenetan filmatutako obrek erakutsitako gustu txarra tarteko, besteak beste, Multiple Maniacs (1970), Pink Flamingos (1972) eta Female Trouble (1974) filmak. Guztiak Divine aktore eta drag queen-ak antzeztuak. AEBetako zinema independentearen gailurretako baten protagonista bihurtu zen Divine, Pink Flamingos filmaren azken eszenan benetako txakur kaka bat jan zuenean. Pelikula horretan bere printzipioen deklarazio gordina ere bota zuen aktore transak: «Hil itzazue guztiak, barka ezazue lehen mailako hilketak, babestu kanibalismoa, kaka jan ezazue. Hori da nire politika eta hori da nire bizitza». Hori guztia Watersek gidatutako kameraren aurrean gertatu zen, eta Watersek idatzitako testutik sortu zen. Egun ezinezkoa litzateke horrelako lan bat filmatzea.

Hartara, zinema independenteak eskainitako aitorpenaren ondorioz, zinemagile estatubatuarra estudio handietan ere aritu zen; Hairspray (1988) Cry-Baby (1990), Serial Mom (1994), Pecker (1998) eta Cecil B. Demented (2000) dira Hollywooden babesean filmatutako lan batzuk. Film horietan, Baltimoreko zuzendariaren diskurtsoa asko leundu zen, betiko ezaugarri probokatzaileak antzeman izanagatik ere. 2004an filmatu zuen Watersek bere azken lana, A Dirty Shame sexu komedia satirikoa.

Orotara, hamabost film zuzendu ditu, baina dandy itxurako gizon dotore hau, zinema aditua soilik ez, irakurle obsesiboa ere bada. Baltimoreko etxean 8.000 liburu inguru gordetzen ditu, eta zazpi egunkari irakurtzen ditu egunero, «albisteen jonki» bat baita. «Arrakasta, niretzat, liburuak erostea da, prezioari erreparatu gabe», baieztatu du Watersek sarritan, bai eta bere idazkietan ere. Muturreko irakurzaletasun horren emaitza orain arte idatzi dituen dozena erdi liburu dira, azkenak Role Models (2010) eta Carsick (2014). Kritika espezializatuaren arabera, bere lanik azpimarragarrienak dira, batez ere lehenengoa, zeinak bere nortasuna eta obra zizelkatu duten sortzaile eta pertsonaien potretak biltzen dituen; besteak beste, Little Richard rock-and-roll musikariarena. Richard gay da, Waters bezala, eta musikariarengandik hartu zuen marka jakin bateko begietako arkatzarekin aspalditik margotzen duen bibote fin-fina. 66 urte zituela, Baltimoretik San Frantzisko hirira auto-stopean eta isilean burututako bidaia bati buruzko lana da, berriz, Carsick, zeinak sekulako arrakasta izan zuen, AEBetan gehien saldutako liburu en zerrendetan kokatzeraino. Besteak beste, bidaia horretan Here We Go Magic indie taldeak furgonetan jaso zuen zinemagilea, eta, gertaera Twitter bidez zabalduko ondoren, Watersen abentura biral bihurtu zen.

Influentziarik txarrenak

Watersen obran, bai eta haren nortasunean ere, itzal handia izan duten artisten eta bazterreko jendailaren profil biografikoekin osatutako lana da Role Models. Hiltzaile, pornografo, dramaturgo, rock-and-roll izar, moda diseinatzaile eta kolore guztietako ustelek josten dute liburuaren oihal kirastua: Tenesse Williams idazlea; Charles Manson hiltzailearen taldeko kide izandako Leslie Van Houten, zeina oraindik ere espetxean baitago Sharon Tate aktorearen eta Bianca familiaren hilketetan parte hartzeagatik; Bobby Garcia, «felazioen Buñuel», pornografo amateurra, zeina aitzindaria izan zen bideo pornografikoak egiten AEBetako armadako marineekin; Patty Hearst aktore estatubatuarra, 1974an Liberazioko Armada Sinbiotikoak bahitua, eta talde erradikal berarekin bat egiteagatik ezaguna; eta Lady Zorro, Baltimoreko striper lesbiana ezezaguna: «Beldurgarria zen, Johnny Cash beste. (...) Biluzik ateratzen zen oholtzara, eta zaleei purrust egiten zien, 'Zeri arraio begiratzen diozue'. Zorro nire inspirazio iturri da gaur arte. Kuraia ematen dit nire stand-up ikuskizunetan oholtzara osagarririk gabe ateratzeko. Ausart. Makillajerik gabe. Tilda Swinton Oscar sarietan bezala». Hain zuzen, liburuko zatirik mamitsuena Baltimoreko heroiena da, hiriko taberna-zulorik miserableenak eta Watersen bizitzako adiskide higuingarrienak baina bihotzekoenak biltzen dituena. Genero anitz uztartzen ditu Role Models-ek, hala nola egunkaria, kronika, kazetaritza eta kontakizun autobiografikoa. Erreferentziaz metrailatuta, irakurketa azeleratua eta kartsua bilakatzen da; gainezka ere egiten du tarteka.

Abentura bila

Watersi, 2012an, 66 urte zituela, bidaia bat egitea bururatu zitzaion auto-stopean. «Nire bizitzaren erdian nengoen, zerbait arriskutsua nahi nuen. Batzuek kirol-autoak erosten dituzte edo amoranteak izaten dituzte», esan zuen Watersek liburuaren argitalpenaren harira. Editoreari proposatu zion ideia zoro hura, hark onartu, eta Baltimoretik San Frantziskorako bidaia egin zuen auto-stopean. Hasi baino lehen, baina, liburuaren lehen bi atalak idatzi zituen: Gerta zitekeen onena eta Gerta zitekeen txarrena, biak ala biak fikzio.

Atal horietan azaltzen da Watersen filmetan jasotako unibertso barregarri eta gehiegizkoa, batez ere bigarrenaren amaieran, Waters estralurtar batek sodomizatzen duenean, eta, ondorioz, bere ipurtzuloa magiko bihurtzen denean. Role Models liburuan esaten duenez, fikzioa da egia bakarra. Hirugarren zatian, Benetan gertatu zena izenpetuan, errepidean bizi izandako benetako gorabeherak jasotzen dira. Eta testigantza horiei erreparatuta, abentura espero zezakeena baino arruntagoa izan zen, bere harridurarako, ez zuelako psikopata batek bortxatu asfalto gainean; ordea, jende atseginak eraman zuen autoan. «Autorik ez gelditzea izan zen arriskurik handiena. (...). Benetan beldurgarriena etxean gelditzea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.