Garaiz itzuli dira hasierako asmoetara

Olaizola II.a-Rezustak 22-16 irabazi diete Bengoetxea VI.a-Arangureni. Garaileak bost tanto atzetik iritsi dira lehen etenera: 7-12

Olaizola II.a pilotari ematen, atzean Bengoetxea VI.a duela. ARITZ LOIOLA.
ainara arratibel gascon
2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Kirolean kontu jakina da: aurkaria estu dagoenean, baliatu egin behar da. Ez zuten hori egiten asmatu atzo Bengoetxea VI.a-Arangurenek, Bizkaia frontoian, Olaizola II.a-Rezustaren kontrako Binakako Txapelketako lehian. Eta ordaindu egin zuten: 22-16 galdu zuten. Partidako une zailenetan irabazleek eusten jakin zuten, tantoak gogortu zituzten, eta, horri esker, hasieratik zituzten asmoetara bueltatu ziren. Horrek eman zien garaipena, atzean Arangurenek behera egin baitzuen, eta Bengoetxea VI.ak egindako partida bikainak ez zuen saririk izan.

Parekatua hasi zen norgehiagoka, eta hala joan zen 6-5era arte. Bi aurrelariek argi erakutsi zuten nola heldu nahi zioten partidari. Olaizola II.ari ez zitzaion inporta tantoak luzatzea, eta ez zuen arriskatu. Izan ere, jakitun zegoen partida luzatzea komeni zitzaiela, itxura batean atzean Rezustak agindu egingo baitzuen Arangurenen aurrean. Bengoetxea VI.ak, berriz, ohikoa duen bizitasuna ezarri nahi zion tantoari, eta ahalik eta azkarren amaitzen ahalegindu zen.

Baina, lehen txanpa horretan, Rezusta deseroso aritu zen. Sendo ari ziren Bengoetxea VI.a-Aranguren, eta horrek zazpi tanto erreskadan egiteko modua eman zien: 7-12. Bazirudien partida hausteko bidean zirela.

Faboritoak kontrakarrean ziren, are gehiago kontuan hartuta aurreko bi partidak galtzetik zetozela. Ez zen horrela izan, ordea. Olaizola II.a-Rezustak lehen etenaldia baliatu zuten arnasa apur bat hartu, ideiak freskatu eta Bengoetxea VI.a-Arangurenen bolada ona eteteko.

Aparteko jokorik egin gabe, eta Arangurenek galdutako hiruzpalau pilota baliatuz, buelta eman zioten partidari. Zoria ere ez zuten alde izan momentu horietan galtzaileek. Bengoetxea VI.ari txapara eta zabalera joan zitzaizkion pare bat erremate on. 14-12 jarri ziren aurretik Olaizola II.a-Rezusta.

Partida gogor zihoan, eta Aranguren nekea antzematen hasi zen; Rezusta, aldiz, nagusitzen. Hori ikusita, Olaizolak II.ak saihestu egiten zuen buruz burukoa Bengoetxea VI.arekin, zuloa atzean zegoela jakitun.

Leitzakoak argi zuen berak hartu behar zuela bikotearen zama osoa, eta hala egin zuen. Borrokan segitu zuen, tantoa ahalik eta azkarren amaitu nahirik. Adinean aurrera joan arren, ikaragarria izan zen atzo erakutsi zuen sasoia. Bikotearen bihotza eta burua izan zen, Aranguren etengabe lagunduz eta animatuz. Arriskuak hartu zituen, eta akatsak iritsi ziren. Baina ez zuen beste era batera jokatzeko modurik, partida irabazi nahi bazuen behintzat.

18-14koarekin, Aranguren aldageletara joan zen, Iñigo Simon medikuarekin. Beteta antzematen zitzaion, eta fisikoki estu. Bikietan izan zuen gainkarga. Distirarekin jokatu ezin denean, eraginkortasunaren alde egin behar izaten da, eta horixe egin zuten partidaren azken txanpan Olaizola II.a-Rezustak.Neurketako une zailenetan burua hotz izaten jakin zuten, eta partida hasieratik buruan zuten planteamenduetara itzultzen.

Horrek eman zien garaipena, eta bi porroten bolada txarra eteteak lasaitasuna eman behar die. Asteburu honetan hasi den bigarren itzulian, haiengandik espero dena eman behar dute, gris samar aritu baitira. Bengoetxea VI.a-Arangurenek, berriz, oso zail dute aurrera egitea.

Gaur, Eibarren, Ezkurdia-Ladisek Elezkano II.a-Zabaletaren kontra neurtuko dituzte indarrak; eta, bihar, Ataunen, Urrutikoetxea-Imazek Peña II.a-Albisuren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.