Gehiago merezi zuen Ezkurdiak

Altuna III.a-Mariezkurrena II.ak 21-22 hartu dituzte mendean Ezkurdia-Galarza Adarragan. Tentsio handiko partida izan da, parekatua. Galtzaileek agur esan diote Binakako Txapelketari

Joseba Ezkurdia pilota jotzen artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Buruz buruzko Txapelketako partida bat izan balitz, ziurrenik Joseba Ezkurdiak irabazi egingo zuen atzo Adarragan jokatutakoa. Bera izan zen lehiako pilotaririk onena. Tanto ikusgarriak egin zituen, eta ikaragarrizkoabiadura eman zion pilotari. Baina Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkako neurketa zen, eta bikotekideak, Ladis Galarzak, batez ere azken txanpan, ez zion lagundu. Pilota asko galdu zituen, eta, azkenean, 21-22 irabazi zuten Altuna III.a-Mariezkurrena II.ak, Alegiako aurrelariak gantxoz egindako tanto ikusgarri bati esker.Irabazleek bizirik segitzen dute txapelketan, eta hurrengo asteburuan izango dute jokoan finalerako sailkapena. Ezkurdia-Galarzak, berriz, agur esan diote txapelketari.

Tentsio handiko neurketa izan zen, eta Ezkurdia izan ezik, beste hiru pilotariak ez ziren fin aritu. Altuna III.a ohikoa duen oldarkortasunik gabe erasoan, eta bi atzelariak, Mariezkurrena II.a eta Galarza, pilota asko galduz.

Altuna III.a-Mariezkurrena II.a 0-2 aurreratu arren, partida parekatua hasi zen, ondoren izan zuen bilakaeraren isla. Aurrean Ezkurdiak pilotari erritmoa eman zion, eta partida nahasten saiatu zen, erasora jokatuz eta hainbat tanto ikusgarri eginez. Hala izan zen 4-4koa. Ondo erantzun zuen Altuna III.ak, aurrean jokatzeari muzin egin gabe, Ezkurdia nekatu nahirik, baina aldi berean atzean ere pilota jarriz, jakitun baitzen gakoetako bat Galartza behartzea zela.

Baraibarko atzelariak pare bat huts egin zituen, baina oro har ondo aritu zen lehen tanto horietan. Mariezkurrena II.ari ere lehen jardunaldian baino askoz lasaiago ikusi zitzaion, presarik gabe jokatuz, eta pilotari gero eta gehiago emanez.

Ezkurdia-Galarzak partidako lehen zuloa ireki zuten: 8-4. Aurrelariak artean sei zituen egindakoak jada. Aukerakoa izan zuen baita ere 9-4koa. Baina haren errematea txapara joan zen.

Eskertu zuten hori urdinek, hotz ikusten baitzitzaien, tentsioarekin, eta nahi zuten erritmoa jarri ezinik. Hurrengo tantoa ere haiena izan zen, Galarzaren hutsegite baten ostean. Etenaldia eskatu zuten Ezkurdia-Galarzak, arnasa apur bat hartu, eta aurkarien erritmoa geratzeko.

Antzeko bidetik segitu zuen partidak. Ezkurdia aginduz, asmatuz, eta Altuna III.a izan ohi duen distira erakutsi ezinik. Ederra izan zen, hala ere, hark egindako 9-8koa, zabalera. Baina falta izan zitzaion bikoteari oldarkortasun apur bat, batez ere Altuna III.ari errematea egiteko orduan.

Dena den, eutsi egiten zioten, eta Ezkurdia-Galarzak ez zuten zuloa irekitzea lortu. Hor egon zen beste gakoetako bat. Lehen etenaldi luzean dena airean zegoen: 12-10. Aurrean Ezkurdia egiten ari zen lan ona, Galarzak atzean segurtasun eta jarraitutasun apur batekin biribiltzea falta zitzaien gorriei. Izan ere, behartu gabeko hainbat akats egiten hasi zen. Hamazazpi egin zituen partidan. Horri esker partida berdintzea lortu zuten Altuna III.a-Mariezkurrena II.ak: 13na. Baina ez zuten aukera baliatu aurretik jartzeko.

Galarzaren akatsak

Patxada apur bat falta zitzaion Galarzari, eta horixe eskatu zion azken txanpari begira Ezkurdiak, bigarren atsedenaldian. Baina alferrik, azken txanpan pilota asko galtzen hasi baitzen. 17-15ekoarekin erreskadan bi huts egin zituen Ezkurdiak, eta berriro ere berdinketa: 17-17. Neurketa osoan zehar izandako tentsioa izan zuen azken zatiak ere. Baina hor ere Ezkurdiaren kalitatea agertu zen. Bi tanto segidan egin zituen: 20-18.

Ezkurdiak arriskatu egin zuen hurrengo tantoetan. Ahalik eta azkarren amaitu nahi izan zituen tantoak, aurkariek pilota atzean jartzea saihesteko. Baina pare bat huts egin, eta 20-21 jarri ziren aurretik Altuna II.a-Mariezkurrena IIIa,3-4kotik atzean izan eta gero. 21eko berdinketa lortu zuten Ezkurdia-Galarzak. Baina azken tantoan partida osoan izan ez zuen oldarkortasuna erakutsi zuen Altuna III.ak, zabalera egindako gantxo eder batean. Une erabakigarrian asmatu zuen. Tantoa eta garaipena.

Partida amaieran Altunak onartu zuen ez zutela ondo jokatu. «Taktikoki ez dut batere gustura amaitu. Konfiantzarik gabe aritu naiz, ziurrenik aurreko asteburuko partidaren eraginez. Baina garrantzitsuena da irabazi egin dugula eta bizirik gaudela».

Txanponaren bestaldea zen Ezkurdia. Triste mintzatu zen. «Ondo ikusi dut neure burua. Baina ez dugu partida apurtzen jakin, eta kanpoan gaude».

Gaur, Bilbon (17:00, ETB1), aurreko jardunaldiko irabazleak izango dira aurrez aurre: Elezkano II.a-Zabaleta Peña II.a-Albisuren kontra. Aspekoek irabazten badute, finalean izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500