Balentria biribildu du

Elordik 22-18 irabazi dio Lasori, eta lau eta erdiko finalerdietan dago, multzoburu gisa. Laso eta Ezkurdia lehiatuko dira bigarren izateko

Aitor Elordi, pozarren, garaipena ospatzen, atzo, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Emanda zuen lehen abisua, final-laurdenetako ligaxkako aurreneko partidan Joseba Ezkurdiari nagusitasunez irabazita. Eta atzo biribildu zuen balentria, Bilbon, bigarren partidan Unai Laso mendean hartuta: 22-18. Finalerdietan ariko da Aitor Elordi; nola, eta B multzoko lehen sailkatu gisa.

«Sinetsi ezinda nago», zioen aurrelari mallabitarrak norgehiagoka amaitu berritan. Ez da gutxiagorako. Inor gutxik espero zuen horrelakorik. Baina merezimendu osoz jokatuko ditu finalerdiak: egungo izarretako biri irabazi die ligaxkan. Bikain jokatuta gailendu zaie biei.

Hain zuzen, Ezkurdia eta Laso borrokatuko dira Elordirekin batera finalerdietara pasatzeko. Elkarren aurka ariko dira azkeneko jardunaldian, datorren larunbatean, Labriten: irabazleak aurrera egingo du, eta galtzailea kanpoan geratuko da. Sobran dago Elordiren eta Danel Elezkanoren arteko neurketa: lehenak, etxeko lanak egin ditu, bikain egin ere; bigarrenak, ordea, jada ez du aukerarik.

«Iaz, ligaxka jokatu nuen, eta, aurten, pausotxo bat egin nahi nuen aurrera. Lortu dut, eta izugarri pozik nago», zioen Elordik. Baina pausotxo bat baino gehiago eman du; urrats oso handia egin du; jauzi itzela. Ligaxkari ekin aurretik, eta aurkarien maila kontuan hartuta, pozik egongo zen haiekin nor baino nor gehiago arituz gero. Baina hori baino askoz gehiago egin du: nagusi izan da.

Jokoz eta konfiantzaz gainezka dabil. Atzoko partidaren lehen zatian eginikoa ikusi baino ez dago. Sekulako erakustaldia eman zuen, eta airean ibili zuen Laso: 14-1. Sakez, boleaz, airez, dejadaz... molde guztietako tantoak egin zizkion. Ezinean ari zen Laso, mugarri izan zitekeen tanto bat lortu nahian.

Kostata, baina lortu zuen, eta aldea murrizten hasi zen. Hantxe azaldu zen betiko Laso. Alde polita izanagatik ere, sufritu egin beharko zuen Elordik. Eta sufritu egin zuen, asko, bidean huts bat baino gehiago egin arren, Baikokoa bi tantora gerturatu baitzen: 20-18. Baina sufritzen jakin zuen ere Aspekoak, eta merezitako saria jaso zuen; sari handia.

Altuna-Peio Etxeberria gaur

Gaur jokatuko dute bigarren jardunaldiko azken partida, A multzoko bakarra. Jokin Altuna eta Peio Etxeberria ariko dira Donostian. Jon Ander Peñak min hartu ondoren, Altuna III.a, Peio Etxeberria eta Dario Gomez lehiatuko dira finalerdiak jokatzeko bi tokiak lortzeko. Egun, Peio Etxeberria dago lider, garaipen bat lortuta; Darioren kontrakoa. Gaur irabaziz gero, finalerdietan legoke multzoburu gisa. Altuna III.ak, berriz, Peña II.ari irabazi zion estreinan, baina garaipen hori baliorik gabe geratu da, Baikokoak ez baitu gehiago jokatuko. Gaur irabaziz gero, urratsa egingo luke.

Altuna III.ak eta Peio Etxeberriak bitan jokatu dute elkarren aurka lau eta erdian, eta bietan nagusitu da nafarra: iaz, 22-18 irabazi zion final-laurdenetako ligaxkako bigarren partidan; eta aurten, 22-15 irabazi zion sanferminetako lau eta erdikoaren final-laurdenetan. Egun horretan aritu zen berriz Altuna III.a ezker eskuko hatz bateko lesio batengatik hilabete eta erdiz jokatu ezinik egon ostean. Orain, sasoiko dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.