Jenioak lanpara dauka

Lasok eta Imazek irabazi egin diete Ezkurdiari eta Tolosari Labriten (22-18). Aurrelariaren argi eta ilunen osagarri izan da atzelaria

Laso pilota astintzen atzo, Labriten, atzean Imaz begira duela, eta atzerago Tolosa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Unai Laso aztia eta bihurria da pilotalekuan. Pilota nahi bezala menderatzen du aurreko koadroetan, eta badu jeniotik. Eskatu dakioke hari batek nahi duen gozagarria egiteko, eta hark egin. Badu, ordea, ezberdintasunik ipuineko jenioarekin: ez da ezkutuan bizi. Azaldu egin behar du, protagonista izan, eta pilotazalea gozarazi. Horrek arriskurik ere badu: tantoak egin nahiaren egin nahiaz, batzuk galtzea. Halakoetan behar izaten du lanpara jenioak, gauzak bere lekuan gordetzen saiatzeko, eta Lasok atzo lanpara dotorea izan zuen: Ander Imaz. Bien lana elkarren osagarri eginez, irabazi egin zieten Ezkurdiari eta Tolosari Labriten (22-18), eta Binakako Txapelketako ligaxkaren buru-buruan jarri dira bi jardunaldi falta zaizkiela amaitzeko.

Gogorra izan zen partida oso: 684 pilotakada jo behar izan zituzten lauren artean, eta tanto gutxi izan ziren aurretik ia batere landu gabe egindakoak. Halako gogortasunak berdintasuna izaten du ondoriotzat, eta hori eteteko distira behar izaten da; aurrelariena. Arriskuak hartu behar izan zituzten Lasok ez ezik Ezkurdiak ere, eta bale egitea bezain litekeena izaten da kale egitea horrelakoetan. Bietatik Lasok egin zuen: hamar tanto egin, beste horrenbeste galtzeko; Ezkurdiak bi baino ez zituen egin, eta lau galdu. Bestela ere badira arriskuak hartzekoak biak, eta atzo ere egin zuten. Hobeto eutsi zien Lasok Ezkurdiaren oldarraldiei, defentsa bikainarekin, eta ziurrenik, hor egon zen atzoko alde txikia.

Atzelariak zurrun aritu ziren. Imazek kunplitu baino gehiago egin zuen atzo, eta Tolosak «inoiz baino gehiago gozatu», bukaeran aitortu zuen bezala. Horrela ere azaltzen da lehiaren gogortasuna. Hasi, galtzaileak hasi baziren ere aldearekin: 0-5. Gero, 8-6 irauli zuten emaitza irabazleek, eta 10nakoarekin jo zuen goia berdintasunak. Gero, urdinak 16-11 eta 18-12 aurreratu ziren, baina gorriak 19-17 gerturatu, azkenera Laso eta Imaz nagusitzeko. Ezkurdiak eta Tolosak, hala ere, sailkatzeko aukerak dituzte oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.