PROPOSAMENAK

Prozesioen arrastoak

Ea ezagutzeko, 'Letanien bideari' jarraitzea da aukeretako bat: herriak dituen hiru baselizetako bi ikus daitezke. Bi ordu behar dira egiteko

MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
amaia igartua aristondo
2021eko irailaren 5a
00:00
Entzun
Izen bereko ibaiak zeharkatzen du Ea, Bizkaiko kostaldean dagoen herria. Jatorria ere hor du, haren ertzetan. XVI. mendean, ibaiak sortutako portu naturala aprobetxatuta, inguruan finkatzen hasi ziren arrantzale taldeak, eta bi elizate osatu zituzten: Natxitxua eta Bedarona. XIX. mendearen bukaeran, portuak bereganatutako garrantziak bultzatuta, zatiak batu, udalerri bakar bilakatu eta Ea izena eman zioten. Lau zubik batzen dituzte aldeok: haietako baten mutur bakoitzean parrokia bat dago, Doniene eta Andra Mari, garai hartako antolaketaren arrastorik behinenak.

Bietatik igaroko da Letanien bidea egiten duen ibiltaria. Eak eta inguruak eskaintzen dituzten aukeretatik ibilbide hori gomendatu du bereziki Jon Lejardi udalerriko alkateordeak. «Balio ekologiko handiko gune batekin egiten du bat, eta herrian hasi eta amaitzen da, zirkularra da; autoa utzi eta oinez egiteko erosoa da». Halaber, letaniek, prozesioek eta erreguek Ean antzina izandako tradizioaren erakusle da, hainbat elizatatik eta baselizatatik igarotzen baita. Ia bost kilometro ditu, bi ordu behar dira bukatzeko, gutxi-asko, eta 225 metroko metatutako igoera du. «Erreza da», Lejardiren arabera.

Herrigunetik abiatu, eta hortik Bedarona auzora igotzen da. Bertan San Bartolome baseliza dago, baita kirikinausi bat ere, antzina gaztainen kirikinoak gordetzeko erabiltzen zen harrizko egitura mardula. Bideak Eako lurmuturrera eramaten du hurrena, eta handik Talako Ama baselizara jaisten da. Ondoren, Eara itzultzen da ostera ere, moilara zehazki, eta herriguneko alde zaharrean bukatzen da ibilbidea. Lejardik nabarmendu duenez, Eako herrigune osoa, portua eta inguruan dauden hiru baselizetatik bi ikus daitezke, guztira.

Uraren eta erregeen bideak

Badago Ea eta inguruak ezagutzeko beste aukerarik ere, Errege bidetik eta Ura jarraituz deritzen ibilbideak, hain zuzen. Antzinako errege bidea da lehena, eta Natxitu auzotik Earako errepidearen ondotik doa. Bost kilometro ditu horrek ere, eta metatutako igoera antzekoa da: 200 metro. Iturriñako iturri eta latsarritik eta Lapatzako hondartzatik igarotzen da, besteak beste.

Ibaiaren ildoari jarraitzen dio hirugarren ibilbideak. Aurrekoak baino luzeagoa da —zazpi kilometro—, eta hala nola Urtubiako burdinolatik eta bidexkatik igarotzen da. Ea ibaiaren garrantzia azpimarratzen du: inguruko burdinolek eta errotek uraren indarra aprobetxatuz lortzen zuten energia, eta, gainera, herriaren ur hornitzaile ere bazen garai hartan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.