Osasunak arnasa har dezake gaur, etxean Espanyol mendean hartuta

Nafarrek sei puntura dute jaitsiera, Mallorcak Ipuruan irabazi ondotik. Zigortuta dago Herrera, eta Rubenek ordeztuko du atepean

Robert Ibañez Osasunakoa, baloia jasotzen, Granadaren kontrako partidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Osasunak estutasunik gabeko sasoia izan du orain arte. Hasieratik egon da sailkapenaren erdialdean, eta, hamabigarren jardunaldian Alavesi etxean irabazi zionetik, gutxienez bederatzi puntura izan ditu beti jaisteko postuak. Azken bost partidetatik lau galdu ditu, baina, halere, eutsi egin dio aldeari. Ordea, Mallorcak irabazi egin zuen atzo Eibarren zelaian, eta, hala, sei puntura murriztu da nafarrek sailkapenaren hondoarekin duten aldea. Hori horrela, lasai egoteko irabazten saiatuko dira gaur, Sadarren, Espanyolen aurka.

Besteen emaitzak aintzat hartu gabe ere, munta handikoa da gaurko neurketa. Irabazita, jada 34 puntu izango lituzke Osasunak, eta oso gertu izango luke salbazioa. Gainera, kolpe gogorra emango lioke aurkari zuzen bati. Azken sailkatua da Espanyol, 20 punturekin, eta gaur jota utz dezakete gorritxoek. Aukera baliatzeko, irauli egin beharko dute etxeko bolada petrala: bertan jokatu dituzten azken zazpi lehietatik bakarra irabazi dute, bi berdindu eta lau galdu dituzte. Azkenekoan, hankapean ibili zituen Granadak, Arrasateren aroko lehiarik txarrenetakoan (0-3).

Arrasatek badaki «opari gehiegi» egin dituztela azkenaldian, baina uste du «partida handia» jokatuko dutela. Gakoa taldearen«esentzia indartzea» da. «Erasokor jokatu behar dugu, erritmo onean. Hori da gure esentzia, eta berreskuratu egin behar dugu». Aurkaria gogor estutzeari ere garrantzi handia eman dio. «Presioa goian eta ongi egin behar dugu. Zenbat eta gehiago jokatu kontrako zelaian, orduan eta hobeto». Espanyolen inguruan, Abelardorekin talde «fidagarriagoa» dela deritzo.

Deskalabrua saihestu nahian dabil Alaveseko teknikari ohia, David Gallegok eta Pablo Machinek kale egin ostean, Urtea hasi berritan hartu zuen kargua, eta oraindik ez ditu kataluniarrak guztiz iratzarri: bi partida irabazi, hiru berdindu eta beste hiru galdu dituzte haren lemapean. Edonola ere, badute gora egiteko gaia, batik bat neguko merkatuan 40 milioi euroko inbertsioa egin ondotik. Horren erdia De Tomasen fitxaketara bideratu zuten, eta aurrelariak lau gol sartu ditu jada ligan.

Osasunak, berriz, batasunaren indarrari heldu nahi dio. Arrasa tek 21 jokalari sartu ditu deialdian, eskuragarri zituen guztiak. Kanpoan gelditu dira min hartutako Moncayola, Navas eta Avila; baita zigortuta dagoen Herrera ere. Ruben Martinezek beteko du haren postua. Gainera, litekeena da Vidal eta Ruben Garcia ere hamaikakora itzultzea. Harmailak mukuru beteta egongo dira, sarrera guztiak amaitu baitira.

OSASUNA-ESPANYOL
Osasuna. Ruben Martinez; Vidal, Aridane, David Garcia, Estupiñan; Oier, Brasanac, Iñigo, Torres, Ruben Garcia; eta Gallego.
Espanyol. D. Lopez; Javi Lopez, Bernardo, Cabrera, Didac; David Lopez, Victor Sanchez, Embarba, Darder; De Tomas eta Calleri.
Epailea. De Burgos Bengoetxea.
Lekua. Sadar (18.761 ikusle).
Ordua. 12:00 (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.