Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Kiroletik harago

2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Telebistan zuzeneko kirol emanaldirik ikusteko ohiturarik ez duten askok ikusi ohi dituzte Olinpiar Jokoak, eta kirolzale askok bestela inoiz ikusten ez dituzten zuzeneko kirol emanaldiak ikusten dituzte Olinpiar Jokoetan. Mundu mailako kirolaren festa handia dira Olinpiar Jokoak, baina baita hori baino gehiago ere, kiroletik haragoko zerbait.

Gertakari eta izen mitiko asko utzi dituzte beren historia osoan Olinpiar Jokoek, eta kasik denok daukagu Olinpiar Jokoekin lotutako oroitzapen bat edo beste. Olinpiar kirolari historiko batzuen izenek esanahi berezia hartu dute, erreferentzia unibertsalak dira: Charlotte Cooper, Jesse Owens, Johnny Weismuller, Emil Zatopek, Nadia Comaneci, Carl Lewis, Lasse Viren, Usain Bolt... Horretaz baliatzen da, adibidez, Nacho Vegas Asturiasko musikaria bere kanturik onenetako batean: «Nire penak ito nahi izan nituen, baina haiek alkoholetan igeri egiten zuten, Mark Spitzek bezala», kantatzen du, izenburu, hain zuzen ere, Mark Spitz duen kantuan, 1972ko Municheko Olinpiar Jokoetan, urrezko zazpi domina irabazi zituen igerilari fantastikoa, ia sinestezina, gogoan.

Tamalez, beste ekitaldi askorekin gertatzen den moduan, ezin izango dugu Tokio 2020 Olinpiar Jokoetako zuzeneko emanaldirik euskaraz komentatuta ikusi, laburpenekin eta erreportajeekin konformatu beharko dugu, Berria Telebistarenak, besteak beste. Baina ziur euskaldun asko egongo garela telebistari begira hurrengo egunetan, urteak igaro arren denon gogoan geratuko den mito baten jaiotzaren unea zuzenean ikusteko irrikan, kirolean oinarritutako kiroletik haragoko istorio zirraragarri eta erreferentzial baten peskizan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.