PROPOSAMENAK

Jazz jaialdia, errealitate

Bihar hasiko da Hondarribian Jazz jaialdia, eta herriko zazpi gunetan izango ditu kontzertuak. 30 bat kontzertu izango dira guztira

Uztailaren 7an kasino zaharrean joko du Buffalo taldeak. LAURA MINER.
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Hondarribian Jazz errealitate bihurtu da. Hondarribiak (Gipuzkoa), lehen aldiz, jazz jaialdi propioa du; bihartik hasi eta igandera arte, herriko zazpi txokotan egingo diren 30 bat kontzerturekin. Txoko horietan joko dute Buffalo, Fran Serrano Quintet, Sara Azurza Quarte, Cosmosoul eta Aritz Castro Quintetek, besteak beste. Egitaraua www.hondarribianjazz.eus webgunean kontsulta daiteke. Aire zabaleko doako kontzertuak toki hauetan izango dira: kasino zaharreko lorategian, Armen plazan, Gotzainaren plazan, Erreginaren baluartean, Harresilanda kalean eta Gipuzkoa plazan, hain zuzen.

Itsas etxean ordaindu beharreko kontzertuak egongo dira, eta nazioarteko jazz artista handien kontzertuez gozatu ahal izango da, hala nola James Francies, Viktorija Pilatovic edo Diego Amador Trio. Jaialdirako sortutako webgunean erosi beharko da sarrera. Kontzertu guztietarako bonuak 55 euro balio du, eta kontzertu bakarrerako sarrerak 20 eurokoak dira.

Txomin Sagarzazuk, Hondarribiko alkateak, jaialdia denborarekin sendotzeko asmoa adierazi du. Bestalde, Maria Serranok, udaleko zinegotziak, udalaren eta antolakuntzaren arteko elkarlana goraipatu du; «maila handiko» jaialdia antolatu ahal izateko.

Proiektu berriak

Joseba Cabezas komunikatzaile eta kultura dibulgatzailea da Hondarribian Jazz jaialdiaren zuzendaria, eta hurrengo aldietarako antolakuntza lantzen ari den proiektuetako bi ezagutarazi ditu. Horietako lehenengoa da The new thing european jazz atala, gazte musikarien talentuaren alde apustu egingo duena. Europako goi mailako lau jazz kontserbatorioentzako gordetako gunea izango da, eta zentroetako graduen amaierako lau lanik onenak hautatuko dituzte Hondarribia Jazzen aritzeko.

Bigarren proiektua Woman in Hondarribian jazz izango da, genero horretan emakume musikarien presentzia aldarrikatzeko. Cabezasen esanetan, «jazzean emakumeen presentzia oso txikia da; kontuan hartuta kontserbatorioetan geroz eta emakumezko gehiago matrikulatzen direla, eta taldeetan geroz eta emakume gehiago daudela». Beraz, proiektu horretan, Woman in Jazz taldeko kideekin batera lan egingo dute.

Hondarribian Jazz jaialdiaren itxiera ekitaldia datorren igandean izango da, 12:30ean, Armen plazan.

Hondarribian Jazz



Bihartik uztailaren 10era, Hondarribian (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.